Kamera eta txistua aldean, Tolosaldea iruditan gorde zuen argazkilari alegiarra
German Intxausti Alegiako argazkilaria zen. Hori zuen ofizio. Txistularia ere bazen, eta zaletasun horren martxan eskualdeko herriak ezagunak zituen. Txistua ez ezik, kamera ere aldean eramaten zuen beti. 2026an ehun urte beteko dira jaio zela. Urte seinalatua.

German Intxausti Arregi 1926ko abuztuaren 21ean jaio zen Legorretan, baina bizitzaren parte handiena Alegian eman zuen. Eta bertan hil zen, 2004. urteko otsailaren 12an.
Auñamendi Eusko Entziklopedian jasota dagoenez, «argazkilaria ogibidez, Albiztur eta Amezketa herrietan igande arratsaldeko dantzaldiak mantentzearen arduraduna izan zen. Intxausti zazpi urterekin hasi zen musikan, aitaren eskutik. Txistulari ikasketak egin zituen Alegian eta txistu eskolak eman zituen Albizturren. Bere txistulari lana Alegiatik abiatzen zen Tolosaldea eta Goierrin zehar zabaltzeko. Hainbat pieza eta doinu konposatu zituen bere instrumenturako eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteko bazkide izan zen 1955ean bigarren garaia hasi zenetik. 77 urte zituela hil zen, eta Alegiako, Albizturko eta Amezketako udalek eskainitako omenaldiak jaso zituen, besteak beste».
Argazkilaria ogibidez. Baina apenas dagoen jasota Intxaustik argazkigintzan egindako bidea. Bere seme Rikardoren laguntzarekin saiatu da GAUR8 ibilbide hori marrazten, kasik berak utzita bezala dauden bere dendaostean, laborategian eta artxiboan bertan. German Intxaustiri aitak piztu zion argazkigintzarako harra, baita txisturako zaletasuna ere.
«Gure aitona Ricardo Inchaustirekin hasi zen historia. Tolosako eskolapioetan ikasi zuen eta, ikasketak zituenez, Alegian idazkari hasi zen lanean. Gerra garaian Legorretara alde egin zuen, emaztea bertakoa zuen. Seme-alabak han jaio ziren. Legorretan ere idazkaria izan zen hilabete batzuetan, baina handik ere alde egin behar izan zuen. Bizimodua aurrera ateratzeko, denetarik egin zuen aitonak. Bere aita hil zenean, Alegiara bueltatu zen eta bertan jarri zuen denda eta taberna. Aitona artista bat zen, denetarik egiten zuen. Argazkiak ere egiten zituen. Eta gure aitak aitonagandik jaso zuen jakin-mina, artista sena, gauza desberdinak egiteko gustua... baina gure aita gehiago zentratu zen argazkilaritzan», azaldu du Rikardo Intxaustik. Rikardok beti ezagutu du etxean argazki laborategia, bai herrigunean aitona-amonek zeukaten etxean, bai geroztik gurasoekin partekatu duen etxean. «1983ko uholdeen ondoren, gaurko etxera lekualdatu ginen. Bertan jarri zuen argazki-denda aitak».
Nortasun agirirako argazkiak, baserrietan familia ugarien argazkiak, jaioberrienak, ezkontzak, jaunartzeak, Gabonetan haurrak baserritar jantzita... herriko argazkilariaren ohiko jarduna. Baina, txistularia ere bazen eta eskualdean eta inguruko herrietan askotan aritu zen txistua jotzen. Beti aldean eramaten zuen argazki kamera, eta ibilera horietan ere irudi asko jaso zituen. Hartara, bere artxiboak espero gabeko perlak ere baditu, garai bateko herriak eta herritarren bizimoduak jasotzen asmatu baitzuen Intxaustik.
«Beti eramaten zuen kamera, toki guztietara. Dianak, alboradak baserriz baserri... txistua jotzera joan eta baserriko etxekoandrea ateratzen bazen, aitari argazkiak egitea gustatzen zitzaion. Igual esango zion etxekoandreak ‘piura honekin atera behar al didazu?’. Baina berak hori nahi zuen, eguneroko irudi horiek jaso. Eta akaso ondorengo urtean berriz joan eta aurreko urteko argazkia oparituko zion emakume horri», kontatu du Rikardo Intxaustik. Hortik igarri daiteke German Intxaustiren artxiboaren nolakotasuna eta balioa. Pentsa, euskal jantziak ikertzen ari direnek ere baliatu dituzte artxiboko irudi horietako batzuk. «Aitak bazeukan argazkiaren bitartez jendearekin konektatzeko sen berezi bat».
Altzo, Amezketa, Albiztur, Orendain, Arama, Altzaga, Baliarrain, Orexa... Alegiako eta inguruko herrietako artxibo oparoa, 90 urteko argazki artxiboa, aitonarena eta aitarena. Hori ere badu berezi artxiboak, bi egileren lanak biltzen baititu «1913koak dira aitonaren lehen negatiboak, kristalean. 1940ra arte gehienak kristalezko negatiboak dira, nire aitonaren garaikoak. Aita 1940 inguruan hasi zen, hamalau urte zituela. Eta orduan hasi zen zeluloidea erabiltzen. Aitaren azken argazkiak 2003. urtekoak dira». 1913-2003 urte bitarteko milaka argazki, eskualde baten argazki kronika biltegi batean jasoa.
Argazkilaritzaren inguruko liburu asko era badaude pilatuta dendaoste horretan. «Gure aita autodidakta zen. Argazkilaritza bere ofizioa zen eta interes handia sortzen zion arlo horrek».
German Intxaustiren artxiboak badu ezaugarri oso nabarmen bat: argazki bakoitzaren fitxa zehatza. «Aita oso metodikoa eta ordenatua zen. Bere lanean oso zintzoa. Dena txukun eduki behar zuen. Gaur egun begiratuta, konturatzen naiz aitak bazuela aurrera begirako ikuspegi bat. Bazekien artxiboa ondo antolatuta utziz gero, gerora balioa izango zuela. Ikuspegi hori izan zuen aitak. Bere artxiboak etorkizunean balioa izatekotan, argazki bakoitza ondo dokumentatuta edukitzea garrantzitsua zela pentsatu zuela uste dut».
Argazki bakoitzaren informazio zehatza jasota utzi zuen German Intxaustik. Noiz egina zegoen, non, zein kamerarekin, zenbat argazki erabili zituen, zein baserri, familia, ospakizun... argazkien oinak errepasatuta istorioak topa daitezke eta historia osatu. Balio antropologiko biziko artxiboa da horregatik.
«Ez nuen lardaskan ibili nahi»
Bere seme Rikardoren kezka da hor bilduta dagoena nola txukundu, antolatu eta jarri herriaren eskura. «Badira 21 urte aita hil zela. Ni saiatu naiz bere gauzak ondo gordetzen eta ahalik eta gutxien ukitzen. Ez nuen lardaskan ibili nahi. Askotan etorri zaizkit eskaerak, eta ezezkoak eman ditut, iruditzen zitzaidalako aitaren lana arriskuan jartzen nuela. Egun batean Mikel Prieto historialaria etorri zitzaidan eskaera batekin. Baliarraini buruzko lan bat egiten ari zen eta gure etxean argazkiak zeudela bazekien».
Hasieran ezezkoa eman omen zion, baina harekin hizketan konfiantza transmititu zion eta artxiboan arakatzeko baimena eman zion Prietori. «Ez zuen topatu nahi zuena. Baliarraingo jaietako argazkirik apenas dagoen, Albizturko jaiekin batera direlako. Albizturko askoz argazki gehiago topatu zituen». Baliarraingoak aitonak eginak dira. «Dirudienez, aitona Baliarrainera joaten zen txistua jotzera eta, aita, Albizturrera. Banatu egiten zuten egitekoa. Horregatik aitak Albizturko argazki askoz gehiago atera zituen».
Albizturko herriarekin harreman ona daukate intxaustitarrek. «Albiztur asko maite dugun herria da eta gu ere maitatuak sentitzen gara Albizturren». Hartara, herriko argazki batzuk digitalizatu eta erakusketa bat antolatu dute herrian oraintsu, iragan berri diren jaietan. «Oso ondo atera da. Ikaragarri gustatu zait nola egin duten. Herrikideen artean sekulako saltsa sortu dute, argazki zaharretan daudenak identifikatzeko jolasa proposatu baitute. Guretzat baliagarria izan da proba bezala, 2026. urteari begira». Izan ere, 2026an 100 urte beteko dira German Intxausti jaio zela eta urte berezia izango da.
«Mikel Prieto historialariak artxiboa ikusi zuenean, berehala konturatu zen balio handiko ondarea zegoela bertan. Hainbat erakunderekin saiatu gara, eta azkenean Alegiako Udalera iritsi da artxibo honen berri. Datorren urtean 100 urte beteko dira aita jaio zela eta omenaldia prestatzen ari gara Udalarekin batera. Aitaren lanari balioa emateko modu ederra izango da», aurreratu du Rikardo Intxaustik.
2026a Intxausti Urtea izango da Alegian eta hainbat ekimen antolatuko dira German Intxausti argazkilariaren jiran. Parean, familiak artxibo osoa dohaintzan emango dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Hartara, pixkanaka artxibo hori digitalizatzen hasiko dira. «Hemen inguruan badira artxibo horretan interes handia duten herriak. Aldundiari dohaintza hori egitean, Aldundiak berak konpromisoa hartu du irudi horiek digitalizatu eta udalen eskura jartzeko. Modu horretan interesa daukaten herriek artxibo hau baliatu ahal izango dute. Horregatik erabaki dugu horrela egitea», azaldu du Rikardok.
Azken 21 urteotan ezezko asko eman dituzte intxaustitarrek. Herri askotatik etorri zaizkie artxiboaz galdezka eta ezezkoa jaso dute bueltan. «Niri erreparo handia ematen zidan artxiboan miatzen hasteak. Ezezkoa ematea ez da samurra izan, baina garbi nuen profesionalek egitea nahi nuela. Orain ikusi dut momentu ona izan daitekeela eta horregatik erabaki dugu Gipuzkoako Foru Aldundiari dohaintzan ematea etxean dugun artxibo hori».
Orain da momentua, hemendik aurrera berandu izan daitekeelako. «Albizturko erakusketan garbi ikusi dut. Oraindik bada herrian jendea argazkietan daudenak identifikatzeko gai dena. Urte batzuk pasatuta, ez da hain erraza izango. Oraindik herri memorian daude argazkietako tokiak, pertsonaiak, ohiturak, momentuak... Hemendik hamar urtera, akaso ez dira egongo herri memorian».
Artxiboaren balioa
Esan bezala, Alegiako intxaustitarren etxean, argazki-denda zena, dendaostea, artxiboa, laborategia... kasik German Intxaustik utzi bezalaxe daude. Argakigintzan jantziak diren adituak pasatu dira dendaoste horretatik azken hilabeteotan. «Denek esan didate argazki artxibo handiagoak daudela Gipuzkoan. Baina artxibo honetako irudiak eskualde honetakoak dira, Gipuzkoa barrualdekoak, eta hori da berezitasunetako bat. Beste artxiboetan dauden argazki gehienak Donostia eta ingurukoak dira. Beste berezitasuna da bi belaunaldiren artxiboa dagoela, aitonarena eta aitarena. Guztira, 90 urte daude jasoak. Eta adituak oso harrituta geratzen dira ikusten dutenean aitak nola utzi duen dena dokumentatuta. Oso zehatz jasota dago dena. Eta aitonak eta aitak erabilitako kamerak ere hemen daude, guztira hamabost bat kamera. 90 urte horietan erabili dituzten kamera ia denak daude hemen, eta ia denak funtzionatzeko moduan».
Laborategian errebelatzeko makineria, likidoak, argazki papera bere estutxe originaletan, positibatzeko metalezko kubetak... badira altxorrak. «Gu ez ginen oso jakitun hor zegoen guztiaz. Sumatzen nuen artxibo garrantzitsua izan zitekeela, baina espero baino ezusteko gehiago ari dira agertzen. Eta agertuko dira oraindik, seguru».
German Intxausti nola irudikatu behar dugun galdetuta, semeak garbi dauka. «Aita ofizioz argazkilaria zen eta afizioz –zaletasun izugarria zuen, gainera–, txistularia. Isidro Ansorena handiarekin ikasi zuen eta txistulari ona zen. Akordatzen naiz Ansorena hil zenean aitarekin joan nintzela hiletara. Buruan daukat. Eta etxean agertu dira zenbait eskutitz aitak Isidro Ansorenari Afrikatik idatziak, bertan soldadu zegoela. Horietan kontatzen dio jakin duela Hernanin omenaldia egin diotela eta zoriondu egiten du. Txistuarekin inguruko alarde askotara joaten zen; Villabona, Hondarribia, Oñati, Eibar, Donostia... kuadrillan joaten zen eta sekulako egunpasak egiten zituzten. Eta beti, kamerarekin. Artxiboan egunpasa horietako argazki asko daude». Alardeez gain, jaietan inguruko herrietara joaten zen, kaleak eta baserriak girotzera. Ibilera horietan ere argazki asko atera zituen.
Orain, kartoizko kutxetan dauden argazki horiek guztiak begiratzen eta digitalizatzen hasten direnean, eskualde baten 90 urteko irudi kronika osatzea espero da. 2026. urtea, beraz, Intxausti Urtea izango da Alegian. German Intxaustiren lana lehen lerrora ekarri eta aitortzeko urtea.