
Uda amaitzear da, eta iraila, askorentzat, etapa berri baten hasiera da: errutinara itzultzea. Merezitako oporren ondoren, gure ohitura osasungarriei berriro heltzeko une ezin hobea da, eta horretarako, zergatik ez jarri arreta gure elikaduran? Nutrizionista naizen aldetik, trantsizio hau ahalik eta modu osasungarrienean eta errazenean egiten lagundu nahi dizut. Horregatik, errutinara itzultzeko zortzi funtsezko puntu utziko dizkizut jarraian:
Otorduen ordutegiak berrantolatu. Oporretan ohikoa izaten da gure ordutegiak aldatzea, egunak luzeagoak dira, eta otorduak atzeratzeko joera izaten da. Errutinari berriro ekiteko gakoetako bat otorduetarako ordutegi erregularra ezartzea da. Horrek, gure gorputzari hobeto funtzionatzen laguntzeaz gain, gure digestioa eta apetituaren kontrola hobetzen ditu.
Zure aliaturik onena: plangintza. Funtsezkoa da elikadura orekatua mantentzeko. Eman denbora bat astero zure otorduak planifikatzeko eta erosketa osasungarriaren zerrenda egiteko. Asteburuetan denbora luzeagoa baduzu, janaria aurreraturik uztea gomendatzen dizut, astean zehar, denbora faltak osasuntsuak ez diren elikagaiak hautatzea eragin ez dezan.
Hidratazioa. Hidratatuta egotea funtsezkoa da gure ongizate orokorrerako. Eraman ezazu zurekin botila bat ur, eta oroigarriak ere jar ditzakezu nahikoa edan duzula ziurtatzeko. Infusioak eta azukrerik gabeko teak ere hauta ditzakezu pixka bat aldatzeko.
Eguneko lehenengo otorduak nutritiboa izan behar du. Gosaria ez da otordurik garrantzitsuena, askotan esan dizuten bezala, baina zuk egiten duzun eguneko lehenengo otordua zuntz, proteina, hidrato konplexu eta kalitatezko gantzetan aberatsa izatea lagungarria izango zaizu, egunari hobeto aurre egiteko eta gose-tontorrik ez izateko. Adibidez, jogurta, frutarekin, fruitu lehorrekin eta oloarekin hartzea, edo tostada integrala, oliba olio, tomate eta arrautza nahasiarekin.
Saihestu elikagai ultraprozesatuak. Produktu horiek tentagarriak izan daitezke, batez ere, udan zehar horien kontsumoa handia izan bada, baina garrantzitsua da horien kontsumoa mugatzea. Ultraprozesatuek azukre, koipe ase eta gehigarri kantitate handiak izaten dituzte, gure osasunari mesede egiten ez diotenak. Elikagai freskoak aukera itzazu eta janaria etxean prestatu ahal den guztietan. Modu horretan, energia handiagoa eta umore hobea izango duzu.
Zure gorputza entzun ezazu. Egunak desberdinak dira, eta beraz, gorputzak egunean eskatzen dizuna ere bai. Janari artean gose bazara, aukeratu snack osasungarriak, hala nola frutak, fruitu lehorrak edo jogurtak, adibidez. Ikasi benetako gosea eta gose emozionala bereizten, gehiegi ez jateko.
Jarduera fisikoa egiten hasi edo berrartu. Udan, beroa dela eta, ospakizunak, oporrak... askotan, erritmoa jaisten dugu. Iraila una aproposa da egiteke dugun jarduera fisiko horri berriro ekiteko.
Profesional batekin kontsultatu. Elikadura osasungarria berriro nola hartu zalantzarik baduzu, ez izan zalantzarik eta kontsultatu nutrizio profesional batekin. Planifikazio eta dedikazio pixka batekin, elikadura osasungarria mantendu dezakezu, egunerokotasunari aurre egiteko behar duzun energia eta bizitasuna emango dizuna.
Espero dugu aholku hauek baliagarriak izango zaizkizula iraileko aldapa hain maldatsua izan ez dadin.