
Adimen artifizialak (AA) ezohiko jakin-mina piztu du. AAren inbertitzaileen eta sortzaileen artean ez ezik, baita herritar arrunten artean ere; adibidez, nabigatzaile bat irekitzen duten, galdera bat idazten duten eta, modu zehaztugabean bada ere, beste aldean zerbaitek eurekin batera pentsatzen duela sentitzen duten pertsonen artean. Fenomenologia horrek benetan axola du. Izan ere, hypeari, haluzinazioei edo OpenAI enpresaren kapitalizazio-taulari buruz uste duguna gorabehera, AA gure bizitzetara iritsi da: mugak porotsuak ditu, dituen erabilerak bere hedapenaren ondoren deskubritzen dira eta inork diseinatu gabeko lekuetan bigarren mailako ondorioak ditu. AA sortzaileaz hitz egiten dugunean, “sortzaile” terminoa ez da soilik marketinerako erabiltzen den hitza; bene-benetako ezegonkortasun bat izendatzen du.
Sozialistentzat, ezegonkortasun horrek erronka espezifiko bat planteatzen du. Horren aurreko ohiko erantzuna ezaguna da: plataformak arautzea, ezohiko errentak zergapetzea, enpresa liderrak nazionalizatzea, ereduak plangintza aparatu bati konektatzea. Baina sozialismoak aginte koadro atseginagoak dituen kapitalismoa baino zerbait gehiago izan nahi badu -benetan baldin bada bizitza materiala kolektiboki berregiteko proiektua, eta ez soilik emaitzak birbanatzekoa-, galdera zailago bati erantzun behar dio: AArekin bizitzeko kapitalismoak eskaintzen duena baino modu hobea eskain dezake? Bizimodu desberdina eta desiragarria proposa dezake, eta ez bakarrik kapitalak jada ekoitzitakoaren banaketa justuagoa?
(...) Zailtasuna ez dago plano jakin batean, egiturazkoa da. Pentsamendu sozialista dikotomia jakin batzuen inguruan antolatu zen -ekoizpen indarrak versus ekoizpen harremanak, egitura versus superegitura, bitartekoak versus xedeak-, eta, kasu bakoitzean, teknologia alde neutral eta instrumentalean kokatu zen: zinta garraiatzailea, zentral nuklearra, hizkuntza eredua. Kapitalismoan, klase dominatzaileak makineria hori bere helburuetarako erabiltzen du; sozialismoan, makineria bera helburu hobeagoetara bideratzen da.
(...) AA ez dator guztiz bat eskema horrekin. Zailago bilakatzen du «teknikari buruzko galdera» atzeratzea (Heideggerren esaldia beste erregistro batean erabiliz). Kostu baxuan bildutako testuarekin entrenatutako hizkuntza-eredu handi (LLM) bat, plausibilitate fluido baterako doitua eta monetizatutakoa, ez da soilik eskala handiko estatistika. Mundu partikular baten adierazpen materiala da: arrisku kapitalen kronogramak, publizitate merkatuak, datuen erauzketa, jabetza intelektualaren gaineko arbitrajea. Adibidez, eredua solaskide gisa eta ez liburutegi gisa sentiarazten duen elkarrizketa-interfazea sortzea, erabilera eta atxikimendu modu espezifikoak sustatzeko diseinatutako produktu-erabakia izan zen. Segurtasun geruzek esan daitekeenaren, adeitsua denaren edo arriskutsua denaren gaineko nozio jakin bat kodifikatzen dute. Horrelako sistema batek ez die soilik existitzen diren harreman sozialei erantzuten; gauzatu eta itzuli egiten ditu, zentzuzko gisa aurkeztuta egin ere.
(...) Puntu honetan neketsua da Benanavek proposatzen duen bereizketa garbia: exekutatzen duen ekonomia baten eta erabakitzen duten esferen artekoa. Benanaven eskeman, balioak ekoizpenetik kanpo sortzen dira -deliberazio demokratikoan edo sektore librean-, eta gero teknologiari aplikatzen zaizkio inbertsio kontseiluen eta kontrol erakundeen bidez. Baina AAk inongo prozedura demokratikok konpontzea lortzen ez duen zirkulartasuna jartzen du mahai gainean: sistemok gobernatzeko erabiliko genituzkeen balioak, zer eta sistemokin ditugun interakzio aldakorren bidez eratzen dira.
Inork ez zuen bozkatu Interneteko bot-ekin hitz egitea gure eguneroko bizitzaren parte bihurtzea. Makinak giza prosa imitatzen hastean, inork ez zuen aldez aurretik eztabaidatu zer ondorio izango zituen horrek egiletzarako, pedagogiarako edo intimitaterako. Horri guztiari buruzko eztabaidak orain egiten ari dira; eta ez teknologiaren etorkizuneko aplikazioak erabakitzen ari diren asanbladetan, baizik eta gaurdanik produktuak garatzeko zeregina duten lantaldeetan, zerbitzuen baldintzak erabakitzen dituztenetan, eta, jakina, milioika erabiltzaile dagoeneko horiek erabiltzen ari direnean.
Irtenbideak ez dira ohiko zirkulutik ateratzen: demokrazia gehiago lantokian, teknologien ebaluazio parte-hartzaile gehiago, gobernantza kontseilu inklusibo gehiago. Horrek guztiak, baina, suposatzen du jada badakigula zer baloratzen ari garen. Aldiz, teknologiak erabiltzaileen gaitasunak, autokontzeptuak eta nahiak birkonfiguratzen dituenean, ez dago gobernatzeko ikuspuntu egonkorrik. «Zer irizpiderekin eman beharko genioke forma teknologia honi?» galdetzen dugu, teknologia hori bera galdera hori erantzun behar duten gizakiei forma ematen ari den bitartean. Hau ez da prozedura hobeekin konpon daitekeen arazoa. Teknologia serio hartzen duen edozein sozialismok bizi beharko duen egiturazko baldintza da; bai, bizi egin beharko du, ez konpondu.
(...) Eta sozialisten introspekzioa beste leku batean hasiko balitz? Ez Benanavek bezala esfera bereiziak berrezartzen, ez Jamesonek bezala esparru ekonomikoan denak kolapsatzen, baizik eta politika, jakintza aditua, sormena eta teknologia noizbait kutxa bereiziak izan zirela dioen premisa alde batera uztean.
Izan ere, AArekin, banaketa horiek defendatzea bereziki zaila da. AA, aldi berean, tresna, bitarteko, forma kultural, instrumentu epistemiko eta balioa sortzeko gune da, Raymond Williamsek noizbait telebista deskribatu zuen bezala; hori bai, telebista AA baino askoz egonkorragoa da. AA ez da eremu bakar batean sartu eta kanpotik kudeatu daitekeen teknologia.
Horiek horrela, galdera aldatu egiten da. «Teknologia multzo hau nola koordinatuko dugu hobeto irizpide demokratikoen arabera?» galdetu beharrean, galdera hau egin genezake: «Zer erakunde motak egiten dute posible teknologia desberdinak eta haiekin bizitzeko askotariko moduak sistematikoki esploratzea?». Arazoa, koordinazio optimoan baino, esperimentazio antolatuan datza.
Auziak esperimentu ekologiak eskatzen ditu, ez kontseilu bakar bat elikatzen duen datu matrize bakarra. Imajina ditzagun, erraldoi korporatiboekin batera, adimen artifizialeko udal proiektuen, proiektu kooperatiboen eta gizarte mugimenduen proiektuen geruza trinko bat, bakoitza bere lehentasun propioekin. Tokiko gobernu batek tokiko dokumentu publikoekin eta jakintzekin entrenatutako eredu irekiak mantendu ahal izango lituzke, eskoletan, osasun zentroetan eta etxebizitza-bulegoetan integratuta, betiere bizilagunek ezarritako arauen arabera. Artisten eta artxibogileen sare batek arriskuan dauden hizkuntzetan eta kulturetan espezializatutako ereduak eraiki litzake, beren komunitateek benetan baloratzen dituzten materialetara egokituta.
Ez dut esan nahi adibide horiek direla erantzuna, baizik eta AAk planteatutako erronkaren neurriko sozialismo batek, horrelako irtenbideak probatzeko gaitasuna instituzionalizatuko lukeela; horrelakoak gauzatu, aldatu, bertan behera utzi edota tokian toki egokitzeko, alegia. Sozialismo horrek AA zerbait plastikotzat hartuko luke, bere erabilerak, balioak eta forma sozialak zabaltzen direnean soilik azaleratzen direla ulertuta. AA, gobernatu beharreko objektu gisa (edo harekin gobernatzeko objektu gisa) baino, aurkikuntza kolektiboko eta autoeraldaketako eremu gisa ikusiko luke.

(...) Sozialismoak kapitalismoari bere eremuan erantzun nahi badio, munduak fabrikatzeko modu propio bat behar du, kapitalismoarenaren aurkari izango dena; ezin du mugatu beste nonbait sortutako ekonomia baten administrazio demokratizatua proposatzera. Eta, hain justu, hor hartzen du garrantzia adimen artifizialak. AA behar bezala baliatuko lukeen gizarte sozialista baten apustua honakoa litzateke: neoliberalek merkatuari esleitzen dizkioten funtzio sortzaileak -esperimentazioa, aurkikuntza, ideietatik abiatuta munduak eraikitzeko gaitasuna-, orain beste bide batzuetatik igaro daitezkeela erakustea. Dei diezaiogun horri “barroko” sozialista: kolektiboki gobernatutako adimen artifizialeko sistemak, lantokietan, eskoletan, osasun zentroetan, kooperatibetan txertatutakoak, ekintzaileek kapitalaren alde aldarrikatzen duten munduen fabrikazio bera ahalbidetzen dutenak, baina metaketa sustatzeko agindurik gabe, metaketa manamenduak distortsionatu eta ixten dituen bide emanez.
Kasu horretan, agindu eragilea ez litzateke izango gero eta merkantzia gehiago lortzean neurtutako «hazkundea», baizik eta zabaltzea pertsonek benetan egin dezaketena, pertsonak benetan izan daitezkeena, bai indibidualki bai kolektiboki.
Ikuspegi horretatik, AA ebaluatzeko neurria honakoa litzateke: lehia, ulermen eta lankidetzarako espazio berriak irekitzen dituen edo ez, eta norentzat egiten duen. Marko horretan, oso baliotsua izango litzateke irakasleen eta ikasleen esku erreminta bat uztea aukera izan dezaten beren hizkuntzetan lan egiteko, historia beren ikuspuntutik aztertzeko, tokiko jakintzak partekatzeko eta lantzeko. Kontrara, pertsonak AAk berak sortutako lokatzaren kontsumitzaile pasibo bihurtu arte beheratzen dituen eredu batek, edo ikaskuntza automatikoaren bidez interpretazio gaitasuna "apaiz" gutxi batzuetan kontzentratzen duenak, batere baliorik ez luke izango, bere eraginkortasuna edozein dela ere.
(...) Kontua ez da irizpideen osaera demokratikoa alde batera uztea, ezta kaosa erromantizatzea ere, baizik eta existentzia kolektiboa borrokarako eta esperimentaziorako eremu gisa tratatzen duten erakundeak eraikitzea, non balio, gaitasun eta bizimodu berriak etengabe eratzen ari diren.
(...) Erantzun gabeko galdera, orduan, ez da sozialismoak AA azpiko makineria bere horretan mantenduz sozializatu dezakeen. Kontua da ea sozialismoa munduak fabrikatzeko moduko proiektu bihur daitekeen, makinen jabeak nor diren ez ezik, beste kezka nagusi bat ere izango duena: gizakiei zer egitea eta zertan bilakatzea ahalbidetuko dien. Teknologia kapitalisten fruituak birbanatzera soilik mugatzen den sozialismo bat, beti ibiliko da beste nonbait egindako mundu baten atzetik. AAren botere sortzaile, ezegonkor eta kezkagarria serio hartzen duen sozialismo batek, berriz, bestelako mundu bat -eta bestelako pertsonak- sortzen lagundu lezake, hasiera-hasieratik egin ere.
* Jatorriz Theideasletter.org-en argitaratutako artikulua


