GAUR8

Lau beka plazaratu ditu Lakuak, lankidetzako profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko

Lankidetzan profesionalak espezializatzea helburu duen beka deialdi berri bat plazaratu du Lakuako Gobernuko eLankidetzak, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak. Gazteak sektore horretan inplikatzea du xede eta lau beka eskainiko ditu.

Beken deialdia iragartzen duen kartela, irudian.
Beken deialdia iragartzen duen kartela, irudian. (IREKIA)

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko lau beka deitu ditu.

Proposatzen dituen espezializazioak honako hauek izango dira: lankidetza Afrikan, ekintza humanitarioa, eraldaketa sozialerako hezkuntza eta giza eskubideen defendatzaile diren pertsonak, erakundeak eta komunitateak babestea, jakinarazi du Lakuako Gobernuak.

Bekak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Sartzeko baldintzen artean honako hauek daude: gehienez ere 28 urte izatea 2025eko urtarrilaren 1ean, unibertsitate ikasketen titulazio ofiziala izatea, eta garapenerako lankidetzaren edo hezkuntzaren arloan gutxienez urtebeteko esperientzia izatea.

Bekek hamabi hilabeteko iraupena izango dute eta Gasteizko eLankidetzaren egoitzan egingo dira. Bekaren zenbatekoa 22.000 euro gordinekoa da, eta horietatik 2.000 euro prestakuntzarako izango dira. Hala, bekadunak bere irakaskuntza planarekin lotutako ikastaro, jardunaldi edo mintegietara joan ahal izango du.

Programaren helburua da «gazteak euskal sektore horretan inplikatzea prestatzea», lankidetza eragileak sendotzeko.

Era berean, laguntza horien bidez lankidetza-eragileak indartu nahi dira, gazteak lankidetzaren eta elkartasunaren euskal sektorean inplikatuz.

Eskabideak eta eskatutako dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko dira elankidetza.euskadi.eus edo euskadi.eus webguneen bidez. 2000. urteaz geroztik, guztira 81 emakumek eta 26 gizonek baliatu dituzte lankidetzan profesionalak espezializatzeko bekak.