Droneen erabilerak are ikusgarriago bihurtu ditu telebistako arraun emanaldiak
Ariketa interesgarria litzateke duela 25 urteko estropada bat ikustea. Gaur egungo berrikuntza teknologikoetara ohituta (GPSa, minikamerak, droneak...), ziur esperientziak ez duela zerikusirik. Antton Aldekoa EITBko Kiroletako errealizazio zuzendariak haien lanaren xehetasunak eman dizkigu.

Aurtengo udan Euskal Telebistaren arraun emanaldiren bat ikusi baduzu, ziur aho zabalik geratu zarela pantailak erakutsi dizkizun zenbait irudirekin. Droneen erabilerak orain arte ezinezkoak ziruditen ikuspegiak bilatzea ahalbidetu du, kirol honen berezko ikusgarritasuna biderkatuta.
Azken urteetan ETBren emanaldiek izandako garapen nabarmenaren azken (edo azkenetariko) urratsa izan da, ikusleari traineru estropadetan erabat murgiltzeko aukera ematen diona, ontzi barruan joatearen esperientzia horretatik ahalik eta gertukoena.
«Guretzat gure kirolak dira ardatza, horretan egiten dugu lan. Eta estropaden kasuan bereziki, lau hilabete baitira, eta gainera udan, erabat dedikatzen gara horretara», dio Antton Aldekoa EITB Kiroletako errealizazio zuzendariak. Berak azaldu dizkigu droneen erabileraren nondik norakoak, baita arraun emanaldien hainbat xehetasun tekniko ere.
JAINKOAREN BEGIA
«Ni estropadak egiten duela sei urte hasi nintzen. Kiroletako errealizazioaren ardura hartu nuen, koordinatzaile bezala, eta horrek eman zidan eskumena kirolak, oro har, eta arrauna, bereziki, ikuspegi eguneratu batetik ematen saiatzeko. Guk konbentzimendu argi bat geneukan. Batetik, audioa oso-oso garrantzitsua dela. Nahiz eta jendea ez konturatu, audioa da beti espazio guztietara eramaten gaituena. Eta bestetik, beti aipatzen dena: arrauna lehorretik ikusita ez dela horren erakargarria egiten, oso zaila delako mugimenduez jabetzea. Lehenik, katamaraneko kamera berezi batekin hasi ginen lanean, estabilizazio berezia zuena. Eta hurrengo pauso logikoa izan zen helikopteroaren erabilerari buelta bat ematea. Helikopteroa betidanik erabili izan dugu, baina muga oso nabarmenak ditu produkzioan. Ezin da hurbildu, gainean jartzen bada oso urrun geratzen da, sortzen duen haizeak arraunlariei traba egiten dielako. Horregatik, droneekin lanean hasi ginenean ikusi genuen etorkizuna zuela», kontatu digu Aldekoak.
Baina berrikuntza guztiek bezala, droneak ere denbora bat behar izan du behar bezala probatzeko. «Arazoak ere egon dira bidean: hari gabeko teknologia da, kalitatea galtzen da... baina apurka borobiltzen joan ginen. Duela hiru urte egin genituen lehen probak, benetan itxura ona zutenak. Hasieran errekan hasi ginen, baldintza errazagoak direlako, baina konturatu ginen ‘Jainkoaren begia’ zela, zuk nahi duzun lekuan kokatzen duzula, alegia. Eta ez hori bakarrik, puntu batetik besterako trantsizioak oso erakargarriak direla. Orduan, lan sistema bat garatzen joan ginen. Hasieran, iaz, drone bakarrarekin, esperimentu bezala, helikoptero eta dronearen arteko trantsizio bezala, tresna bakoitzak ezaugarri batzuk dituelako -baldintza txarretarako helikopteroa fidagarriagoa da-, baina aurten jada argi eta garbi apustua egin dugu bi drone erabiltzeko estropada guztietan», jarraitu du.
Emaitza aurtengo emanaldietan ikusi da, eta bolo-bolo ibili da arraunzaleen artean. «Oso zorte ona izan dugu egokitu zaizkigun pilotuekin: topera dabiltza lanean eta asko arriskatzen dute, dronea oso baxu mantentzen dute, oso gertu traineruetatik. Hori bai, beti harremanetan gaude arraunlariekin jakiteko ea trabarik egiten diegun. Eta lortu dugu kolpe bisual hori ematea. Kirola ikuskizun bilakatzea dronearen erabileraren bitartez. Biraketa eta orbita oso potenteak egiteko aukera ematen digu, eta txopan edo brankan ontzitik oso gertu kokatzeko aukera dago angularrekin, irudi oso potenteak lortuta», eskertu du.
ONTZI BARRUKOAK
Baina droneena arrauna ikusteko eta bizitzeko modua aldatu duten berrikuntzen zerrenda luzean beste bat baino ez da. Bere garaian GPSaren erabilerak sekulako iraultza suposatu bazuen -ez ikusleentzat bakarrik, baita arraunlari, patroi, entrenatzaile eta epaileentzat ere-, traineru barruan kokatutako kamera eta mikroek ere nabarmen aberastu zituzten arraun emanaldiak.
«Ni hasi nintzenean sei edo zortzi minikamerarekin egiten genuen lan, eta orain 16 dauzkagu. Txanda bakoitzeko laurek jarrita izan dezaten kamera mordo bat behar dituzu. Hor ere aurrerapauso nabarmenak egon dira. Hau ere hari gabeko teknologia da, horrek dakartzan zailtasun guztiekin, baina lortu dugu, batetik, kamerak kalitate hobea edukitzea, mugimendua edukitzea, urruneko kontrolaren bitartez doikuntzak egin ahal izatea...», zerrendatu du Aldekoak.
Eta audioan ere izan da bilakaera, ETBko ordezkariak nabarmendu duenez. «Lehen mikro bakarra sartzen zen ontzian, patroiari zuzendua, hark esandakoak entzuteko. Baina pentsatu genuen, patroiak garrasi egiten duenez, agian komeni zela beste mikro bat jartzea urrunago, estereo bat egin ahal izateko eta arraunlariei zuzenduta. Zeren, patroiak garrasi egiten duenez, bere ahotsa sartzen da. Eta lortu duguna da, patroiaz gain, beste hainbat soinu ere entzutea: estropuak, arnasketak... Traineru bakoitzak soinu berezi bat dauka, berea dena. Ni, adibidez, emanaldietan ohitu naizenez, soinu hori entzunda bakarrik badakit zein den entzuten ari naizen trainerua. Identifikagarriak dira. Eta soinuak hori du: ongi entzuten denean inor ez da konturatzen, baina zerbaitek huts egiten badu, jendea segituan hasten da galdezka».
ZAILTASUN TEKNIKOAK
Izan ere, arraun emanaldiek badute zailtasun gehigarri bat, batez ere estropadak itsaso zabalean jokatzen direnean. «Kasu batzuetan lehorrarekiko paraleloan joaten dira, baina beste askotan itsasoan urrunera joaten dira. Edo Kontxako igandeetan gertatu ohi dena: inguru guztia jendez lepo, bakoitza bere mugikorarrekin sarea saturatzen. Gure seinalea ere izorratzen digute batzuetan, eta hor ibiltzen gara egoera bakoitzera egokitzen. Frontoi batean kamera guztiak kable bidez doaz, seinalea arazorik gabe heltzen da, arazoren bat egonez gero ere arazoa erraz txekeatzen da. Arraunean %80 haririk gabeko seinalea da», aipatu du Aldekoak.
«Katamarana daukagu, sekulako teknologiarekin, anenometroarekin eta beste hainbat datu jasotzeko teknologiarekin. Baina, horrez gain, lau minikamera txandako, ontzi bakoitzak berea; beste kamera bat zodiakean elkarrizketak egiteko; bi drone; katamaranean berez doan kamera; bi "epailecam", hala esaten baitiegu, txanda bakoitzean epaileen bi zodiak egoten direlako eta horietako bakoitzaren gidariari ere beste kamera bat jartzen diogulako; Kontxaren kasuan arrapalan hari gabeko beste kamera bat bertako giroa jasotzeko... Horrek denak produkzioa asko zailtzen du. Egia da 30 urte daramatzagula estropadak egiten eta hor badago esperientzia eta jakituria bat teknikarien artean. Baina haien lana oso zaila da eta dedikazio handia eta punta-puntako tresneria eskatzen ditu; bestela ezinezkoa da».
PALADA KONTAGAILUA
Gure buruan ETBko lan taldea irudikatzen dugu urtetik urtera sar daitezkeen hobekuntzei bueltaka. Izan ere, droneen erabilera ez da izan aurtengo emanaldietako berrikuntza bakarra. Mikel Olazabalek eta Ibon Gaztañazpik behin baino gehiagotan nabarmendu duten palada kontagailua ere martxan izan da udako azken emanaldietan.
«Traineru guztiek telefono mugikor bat daramate paladen erritmoa neurtu ahal izateko. Adituek esaten dutenez, traineruen abiadura baino garrantzitsuagoa da palada erritmoa. Lehen eskuz hartzen genituen paladak noizean behin, baina orain une oro ikus dezakezu zein den erritmoa, irteeran, ziabogara iristen edo beste edozein momentutan. Datorren urteari begira datu horiekin grafikoak egin nahi genituzke, arraunketa estiloak aztertu...», jakinarazi du Antton Aldekoak.
Eta esku artean duten beste baliabide baten berri ere eman digu ETBko ordezkariak. «Azkeneko asteburuan, play-offetan, teknologia berri bat garatuko dugu. Oraindik esperimentala da eta probetan gabiltza. Asmoa da errealitate areagotua integratzea irudian. Traineruaren brankatik etiketa bat ateratzea eta hor ikustea traineruaren izena eta paladen erritmoa, adibidez. Edo zenbat metro dauden bi traineruren artean uretan marraztutako gezi batean. Horretan ari gara datorren urtera begira».
Azken proiektu baten berri ere eman digu Aldekoak. «Kolaborazio bat daukagu Azti eta Euskalmeteko zientzialariekin eta tresna bat sortu dute non itsasoko datuak sartzen joan diren: historikoki azken 50 urteetan olatuak nolakoak izan diren, zer haize mota ibili diren, zer hondoko itsaso izan dugun... Eta bestetik, estropadei buruz ditugun datu guztiak. Horrela, aurreikusi ahal dute zer baldintza edukiko ditugun estropada egun zehatz horretan. Tresna hori lehenengoz 2017an eskatu zitzaien. Gogoratuko duzun bezala, 2017. urtean, Kontxako bigarren jardunaldian, sekulako olatuak izan ziren. Hor arrisku fisiko bat egon zen eta Udalak araudi bat atera zuen zehazteko noiz utzi behar diren bertan behera estropadak eta noiz ez. Horretarako, Aztikoei eskatu zieten tresna bat sortzeko itsasoaren baldintzak ongi ezagutzeko. Eta izan genituen elkarrizketetan, Aztikoek proposatu ziguten esperientzia hori izan zutela eta bazegoela aukera norabide horretan lan egiteko udako estropada guztietarako. Horren ondorioa izan da zailtasun indize bat sortu izana, 1etik 10era, estropada jokatu aurretik ikusteko zer baldintza izango diren. Eta guk hor, Aztikoekin elkarlanean, ikusleari itsasoaren baldintzen berri emateko modu bat topatu dugu».
LANAREN FRUITUA
Gurpila ez da geratzen, eta ideia berrietatik haratago, arlo bakoitzean hobekuntza txikiak egiten jarraitzea da ETBko lan taldearen asmoa. «Areagotutako errealitatearena aurrera ateratzen bada, beste drone bat gehituko dugu gure egiturara, horretarako bereziki. Azkenean, aurrerapen txikiak mantentzen saiatzen gara. Askotan, oso deigarriak ez diren gauzak, hobekuntza txiki horiek, soinuaren kalitatea, irudiaren kalitatea, droneen bideo kalitatea... Droneek urtez urte hobekuntza nabarmenak egiten dituzte. Zarauzko asteburuan, esaterako, hiru kamera desberdin dituen drone berri batekin hasi ginen probak egiten. Batzuk teleobjektiboarekin, besteak angularrarekin... pasada bat da. Eta emaitzetan ikusten da. Nolako plano motzak ematen ditugun, erabat zenitalak arraunlarienak, xehetasun handiz ikusteko dena. Entzunda daukat entrenatzaileak hasi direla pentsatzen droneak erabiltzea beren entrenamenduetarako. Teknika hobeto ikusi eta hobetu ahal izateko».
Eta, dirudienez, jendeak erantzun egiten du. «Audientziak ere igo egin dira. Estropadek betidanik audientzia oso onak izaten dituzte, baina aurten igarri dugu gorakada bat izan dutela. Igande askotan %15-%19ko share tarte horretan ibili dira, eta hori asko da. Eta ziur droneen erabilerak ere baduela zerikusia horretan».