
1994ko Nafarroa Oinezek markak hautsi zituen: 80.000 euskaltzale Labiaga Ikastolaren proiektua bermatzeko batu ziren Beran. Eguna, ordea, beste arrazoi bat tarteko oroitzen dute bertan izan zirenek. Izan ere, Guardia Zibilak jaia lehertu zuen jendearen aurka indiskriminatuki eginez.
Hainbat gaztek kuartelaren aurka botilak jaurti zituzten eta eguna bukatzear zela 35 Nissan Patrol azaldu ziren eta festaz disfrutatzen ari zen jende oldearen kontra gas negar-eragilea eta gomazko pilotak botatzen hasi ziren. Bera borroka eremu bilakatu zen, eta polizien bortizkeriaren aitzinean babeslekurik topatu ezinean gelditu ziren haur, gazte eta helduak. Ehunka lagunek hartu zuten min, eta hiru zauritu larri izan ziren.
Jaiaren antolatzaileak giza ezkutu bezala jarri ziren, eta horri esker lortu zuten erasoaren intentsitatea jaistea eta herriaren irteerak irekitzea. Gauean, herritarrak eta antolatzaileak harriak eta kristalak kentzen eta su barrikadak itzaltzen saiatu ziren, armak erakusten zituzten dozenaka guardia zibilen begiradapean. Txosnetatik botilak eta bestako materiala lapurtzen ere harrapatu zituzten agenteak.
Biharamunean herritarrek jarraitu behar izan zuten kaleak garbitzen eta istiluek eragindako kalteak konpontzen. Antolatzaileek argi ikusi zuten aurretiaz antolatutako erasoa izan zela, ez baitzen botila jaurtiketari erantzun proportzionatua emateko operazioa izan.