GAUR8

Minbizia duten pertsonei egokitutako ariketa fisikoko programak diseinatuko dituzte Leioan

Minbizia duten pertsonen ariketa fisikoaren preskripzioa optimizatzea helburu duen proiektua garatzeko hitzarmena sinatu dute Leiako Udalak eta EHUk. Horren barruan, ebaluazio sistema jarriko dute abian, ariketa programa egokituak eta seguruak diseinatzeko.

Estitxu Garai EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea eta Iban Rodriguez Leioako alkatea, hitzarmena sinatzen.
Estitxu Garai EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea eta Iban Rodriguez Leioako alkatea, hitzarmena sinatzen. (LEIOAKO UDALA | EUROPA PRESS)

Leioako Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) lankidetza hitzarmen bat sinatu dute astelehen honetan, ariketa fisikoaren eta minbiziaren arteko harremana ikerkertzeko proiektu «aitzindari» bat garatzeko.

Akordioa Leioako alkate Iban Rodriguezek eta Bizkaiko Campuseko errektoreorde Estitxu Garaik sinatu dute. Helburua minbizia duten pertsonen ariketa fisikoaren preskripzioa optimizatzea da, esku-hartze seguruak, eraginkorrak eta paziente bakoitzaren beharretara egokituak bermatuz.

‘Ariketa fisikoaren preskripzio pertsonalizatua minbizia duten pertsonengan: ebaluazioa, triajea eta egokitutako programak’ proiektua Ageing On Ikerketa Taldeko Ana Rodriguez-Larrad irakasleak zuzentzen du, Euskampus Fundazioak bultzatutako Onko-On Misioaren esparruan.

Ikerketaren arabera, ebaluazio sistema bat jarriko da abian, parte hartzaileak osasun egoeraren eta gaitasun fisikoen arabera sailkatu ahal izateko, ariketa programa egokituak eta seguruak diseinatzeko. Esku hartzeek hiru hilabeteko iraupena izango dute, astean bi saio izango dituzte, eta bizimodu aktiboari eusteko gomendioekin osatuko dira.

Profesionalen prestakuntza

Era berean, jarduera onkologikoan diharduten profesionalen prestakuntza aurreikusten du proiektuak, eta horri esker, udal baliabideak indartu ahal izango dira eta horrelako programen jarraipena bermatu ahal izango da herrian.

Esparru horretan, Leioako Udalak, Jarduera Fisikoko Orientazio Zerbitzuaren (SOAF) bitartez, proiektuaren eskura jarriko ditu bere kirol-instalazioak eta beharrezko laguntza ekimena herritarrei hurbiltzeko, tokiko osasun zentroekiko koordinazioa indartuz.

Leioako alkate Iban Rodriguezek azpimarratu du «hitzarmen honek herritarren osasunarekin eta ongizatearekin dugun konpromisoa islatzen» duela. «Leioa bizitzako etapa guztietan eta aurre egin beharreko edozein egoeratan pertsonak zainduko dituen udalerria izatea nahi dugu», adierazi du. Erantsi duenez, ikerketa honek «prozesu onkologiko bati aurre egiten diotenen bizi-kalitatea hobetzeko bide itxaropentsua irekitzen du».

Bestalde, Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreorde Estitxu Garaik unibertsitateen jardunean lankidetzak duen garrantzia azpimarratu du. «Proiektu aitzindari honek eragin zuzena du pertsonen eta komunitatearen ongizatean, eta guztiz koherentea da unibertsitateak komunitatearen zaintzarekin duen konpromisoarekin», esan du.

Azkenik, ekimenaren zuzendari Rodriguez-Larradek azaldu duenez, eragile ugariren arteko lankidetza proiektua da hau –Osakidetza, Leioako Udala, Mugiment, Euskampus Fundazioa eta EHU–, eta eskerrak eman dizkie erakunde guztiei proiektu hau posible egiteagatik.

Zehaztu duenez, «osasun orientazioko eta jarduera fisikoko sistemetan heda daitekeen ebaluazio sistema aitzindaria» garatuko dute. Ezagutza berria sortzeaz gain, «jarduera onkologikoan diharduten profesionalen prestakuntza integratuko dugu, baita jarduera fisikoko profesionalena ere, programak etorkizunean jarraipena izan dezan», azpimarratu du.

Proiektua abian da eta parte hartu nahi duen orok Leioako osasun zentroan eskura dezake informazioa. Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, eta ez du kostu ekonomiko gehigarririk izango, bi erakundeek jarriko baitituzte hitzarmena gauzatzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide teknikoak.