Korapilo gordiarra
Kristo aurreko 330 urtea. Kontakizun mitikoaren arabera, Alexandro Handiaren ejertzito loriatsua Gordio hiri atarira heldu zen eta mehatxu egin zien, hiria suntsitu eta konkistatuko zuela esanez. Gordiarrek, soseguz, enbaxadoreak bidali zituzten, konkistatzaileari erronka botaz: «Ados, hiria entregatuko dizugu... baldin eta Gordiako korapiloa askatzea lortzen baduzu». Irribarretxo maltzur bat zuten ezpainetan, ez baitzen edozein moduzko korapiloa. Urteetan zehar josia, Zeusen tenplura lotuta zegoen. Ezinezkoa zen lotura jainkozko hori giza eskuek askatzea. Mendeetan zehar inork ez zuen lortu, behintzat.
Alexandro Handiak baietz, onartzen zuela desafioa. Horrela, tenplura eraman eta hantxe pausatu zioten korapiloa, aska zezan. Gordiarrak lasai antzean zeuden, «a zer koitadua!» esanez ahapeka. Halako batean, baina, Alejandrok ezpata atera eta “zast!”, supituan moztu zuen korapiloa, «askatzea edo moztea berdin da» aldarrikatuz. Jarraian, hiria konkistatu, erre eta sekulako triskantzak eragin zituen. Sugarren artean, gordiarrei ez zien harritzeko ere astirik eman.
Andreas Malmek Palestinako genozidioaz eta krisi ekosozialaz emandako hitzaldi batean egon naiz berriki, eta haren hitzek “zast!” horixe ekarri didate gogora. Izan ere, genozidioa «mugen haustura jarraitu» bezala definitzen du suediarrak: «Mugak banan-banan hautsi eta gero hori eguneroko normalitate bihurtzen dute», zioen. Adibidez, hasieran Gaza Hiriko al-Ahli osasun-etxeari eraso egin zioten. «Baina, baina... nola da posible!», harritu ginen Mendebaldeko gordiar garaikideak. Israelek, burlaizez, horixe bera egin zuen beste hainbat osasun-etxerekin. Geroz eta intentsitate handiagoz egin ere, bonben poderioz eguneroko ogi bilakatu den arte. Irin bila joandako palestinarren kontrako sarraskiak ere sumina sortu zuen aurrena; egun, ordea, jana eta ura banatzeko guneak eguneroko heriotza-zentro bilakatu dira. Eta kazetarien postuak, eta kanpalekuak, eta Nazio Batuen egoitzak, eta kaleak... Finean, Gaza osoa. Helburua argia da: palestinarren bizitza posible egiten duen mataza sokaz soka ebaki eta hori normalitate bilakatzea.
Malmek dioenez, soka edo muga bat hausten duten aldiro gordiarren inozentziaz erantzuten dugu: «Baina, baina... Honetan ez ote dira urrunegi joan? Oraingoan ez ote dituzte geldituko?». Alexandro Handiak nola, hurrengo muga ere gaindituz erantzuten du erregimen sionistak. Behin eta berriz eta berriz eta berriz, argi gera dadin ez dagoela horiek geldiaraziko dituen arau edota korapilorik.
Malmen iritziz, logika nekropolitiko hori ez da Palestinara murrizten, gainera: «Muga horiek suntsitzeko prest dagoen ordena planeta suntsitzeko ere prest dago». Horren lekuko, ekosistemako sareak jada oso hauskor badaude ere, aiztoarekin hariak banan-banan mozten jarraitzen du kapital fosilak: «Zulatu, zulatu, zulatu!», horixe da logika, Trumpen orroak ezin argiago islatzen duenez. Kasu honetan ere, muga oro enperadore modernoek gainditu beharreko desafio (edo «estortsio») bat baino ez da. Desohore bat, haien burua lurraz gaindikotzat duten giza-jainko axolagabeentzat.
Bistakoa da zein den istorio horren ikasgaia, baina halaxe ari dira, askatzea ebakitzearekin nahastu eta bizitzak masiboki suntsitzen. Horren aurrean, «Askatzera lotuak» leloa irakurri eta askatasunerako bidea justu kontrako norabidean urratu beharko dugula iradoki dit. Boteretsuen ezpatak -zer esanik ez nuklearrak- kamustu eta korapilo emantzipatzaileak josi, inork horiek ebakitzeko ahalmenik izan ez dezan: Israel eta haren konplizeak geldiarazi, eredu sozioekonomikoa planeten mugetara ekarri, ekosistemako hariak berregin, ehun komunitario eta instituzional biziak egituratu, borrokak eta herriak berdintasunetik artikulatu... Lotu, lotu, lotu, mataza partekatuko barrunbe infinituetan aske izateko.•