
Aldiriko tren zerbitzuak izen berria izango du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta herritarrek aukeratu ahal izango dute Lakuako Gobernuko Mugikortasun Jasangarriaren Sailak martxan jarritako bozketa prozesuan. ‘Besaide’, ‘Lottu’ eta ‘Lurbil’ izenen artean aukeratu behar da.
Bozketan parte hartu nahi dutenek Irekia webgunean erregistratuta egon beharko dute, besterik gabe, eta urriaren 19ra arte bozkatu, Lakuako Mugikortasun Jasangarriaren Sailetik jakinarazi dutenez.
Jaurlaritzaren arabera, hiru izenek «lurraldearekiko hurbiltasuna» gogorarazten dute, Mugikortasun Jasangarriaren Sailak «gero eta zerbitzu hurbilagoa eta lurraldeari lotuagoa eskaintzeko duen interesaren ildotik».
Espainiako Gobernuak 2025eko urtarrilaren 1ean eskualdatu zizkion Gasteizko Exekutiboari aldiriko tren zerbitzua, eta Renfe enpresak operatzen du oraindik. Bost linea ditu: hiru Bizkaian, bat Gipuzkoan eta abiatu berri den Arabako Lautadakoa.
Eskumena duen lehen urtean, Mugikortasun Jasangarriaren Saila lanean ari da zerbitzuan hobekuntzak inplementatzeko eta beste batzuk ezartzeko, hala nola maiatzaren 30ean abiatutakoa Arabako Lautadako linea, Karrantza-Aranguren trenbide lotura edo irisgarritasun arloko aurrerapenak.
Hobekuntza horiekin batera, Mugikortasun Jasangarriaren Sailak marka berri eta bereizia jarri nahi du, eta, horregatik, aldiriko zerbitzuak etorkizunean izango duen izenari buruzko erabakian parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.
‘Zer izen eman nahiko zenieke Euskadiko aldiriko trenei?’ galdera zabaldu du. Inkesta Irekia webgunean dago jada, eta horrela, gainera, tresna berri bat estreinatuko da Lakuako Gobernu Irekiaren kanalaren barruan, herritarrek parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko bide berriak eskaintzea helburu hartuta.

«Beste modu batera sartu naiz finalera, txapelaren ametsak ez du ezinezkoa ematen»

«Ez dut sabairik jarri nahi, ez zerurik seinalatu; noraino hel naitekeen ikusi nahi dut»

«Finalean kantatzeko ilusioa ez zait joan eta final on bat egiteko gogoa handitu egin zait»

«Nire erabakia ez da gai pisutsuei ez kantatzea, baizik eta drama handiak saihestea»
