
Pantaila txikia antiheroi gogoangarrien, detektibe atsekabetuen, bizitza bikoitza daramaten mafiosoen edo jeinu ulertezinen bidez gogoratu izan da, baina gehienak gizonezkoak izan dira. Tony Sopranotik hasi eta Walter White-eraino, gizonezko figura konplexua kokatu da beti telebistako kontakizunaren erdigunean. Baina paisaia narratibo horretan bertan, sarritan isilaraziak edo bigarren mailako roletara mugatuak, amak ere egon dira. Ezinbestekoak, baina ikusezinak, sarritan narratibaren ilunpean zokoratuak.
GARAPENA
Telebistaren lehen urteetan, bereziki 50eko eta 60ko hamarkadetako sitcom-etan, amak ageri ziren, baina etxeko sostengu gisa: seme-alaben bihurrikerien aurrean zentzutasunaren ahotsa, edo senarraren baldarkeriak orekatzeko figura. Pertsonaia maitatuak ziren, baina etxekotasun idealizatu batera mugatuak zeuden eta estereotipo matxista batetik eraikiak zeuden gehienak.
Denborak aurrera egin ahala, irudikapena hobetzen hasi zen. 80ko eta 90eko hamarkadetan, ama konplexuagoak agertu ziren, baina ez gehiegi, hastapenetako patroi berberarekin josiak zeuden.
Telesailen urrezko aroan, gizonezkoak eta aitak antiheroi bihurtzen ziren bitartean, amak askotan protagonista ilun horiei “eusten” zieten emazteak izatera mugatuak geratu ziren. Carmela Sopranok edo Skyler White-ek, adibidez, morala irudikatzeko pisua hartu zuten beren senarren krimenen aurrean. Pertsonaia boteretsuak bezala ikusi beharrean, ikusle askok “eraso” egiten zieten heroi maskulinoari “traba” egiteagatik. Arbuio horrek agerian uzten zuen zenbat kostatzen zen ama bat narratibaren erdigunean irudikatzea.
Gaur egun, zorionez, egoera bestelakoa da, eta azken urteotan amak protagonista dituzten zenbait fikzio interesgarri estreinatu dira. Telesail horietan, amatasuna ez da gai nagusia, ez da gatazkaren erdigunean zuzenean jartzen, baina pertsonaia konplexu hauek sortzeko funtsezko osagaia da. Asko dago oraindik egiteke, eta urrun gaude gizonezkoek zein aitek izan duten presentzia erabatekora iristetik, baina esan daiteke amak, bazterretik, protagonismora bidean daudela.
ANNE
FILMIN
Benetako gertaeretan oinarritua, Liverpoolen girotzen da 1989. urtean, eta Hillsborougheko tragedia bezala ezagutzen den gertaera azaltzen du. Urte hartako maiatzaren 15ean, futbolaren historian izan den hondamendi handienetakoa jazo zen. Ingalaterrako Kopako finalerdietako partida Nottingham Forest eta Liverpoolen artean jokatzen ari zen bitartean, jende-olde baten ondorioz Hillsborougheko zelaian 96 pertsona hesiaren aurka zapaldu eta hil egin ziren. Telesailak gertaera hori helduleku gisa erabiltzen duen arren, izenburuari erreferentzia egiten dion Anne Williams-en -bertan hil zen gazteetako baten ama- pertsonaian zentratzen da. Amaren rolean Maxine Peake aktorea topatuko dugu; antzezpen lan ikusgarria egiten du, sufrimendu horrek guztiak pantaila zeharkatzea lortzen baitu, bihotza birrindu arte. Egia ezagutzeko eta justizia lortzeko borroka nekaezin horren testigu bilakatuko gara lehen unetik.
AFTER THE PARTY
FILMIN
Zeelanda Berriko “After the Party” sei atalez osatutako miniserie bat da, eta Penny-ren istorioa azaltzen du: adin ertaineko institutuko irakasle batena. Familia eta lagunekin antolatutako festa batean, senarrari (Peter Mullan) leporatzen dio Grace alabaren lagun bati abusuak egin izana; inork ez dio sinesten, eta haren mundua amiltzen hasten da. Telesaila ekintza horietatik bost urtera kokatzen da, gizona Zeelanda Berrira itzultzen den unean. Grace eta bilobarekin bizitzera joango da, eta jada itxitzat jotzen ziren zauriak berriro irekiko dira. Narrazioak denboran jauziak egiten ditu (flashback bidez), gertatutakoaren eta horren ondorioen hariak pixkanaka aletuz. Misterioa argitzearen alde baino gehiago, suspense moral eta psikologikoaren alde egiten du telesailak. Dramaren sustraiak baditu ere, zenbait unetan thriller psikologikoaren bideari jarraitzen dio.
Britainia Handiko telesailen kutsua du: estilo naturalista, soila eta apaingarririk gabekoa erabiltzen du. Kamera bizkarrean, kolore itzaliak eta isilune trinkoak dira nagusi. Narrazio-estilo sotil horrek sakonki kaltetutako pertsonaien eguneroko bizitzan modu oso sinesgarrian murgiltzea ahalbidetzen du.
MAID
NETFLIX
Bizitza berregiten saiatzen ari den ama gazte baten zailtasunetan zentratzen da telesaila, tartean abusu emozionalek uzten dituzten orbain sakonak bistaratuz. Lehen atalek istorio berri eta fresko bat aurkezten dute, gogorra eta latza, Alex protagonistaren bitartez, zeinarekin lehen kapitulutik azkenera arte sekulako enpatia maila lortzen den. Gidoiak indar handia du, ez baita denborarekin mugitzen: pertsonaiek beraiek sortzen dute gidoi dinamiko eta erakargarri horren erregaia. Margaret Qualley protagonistaren eta Andie MacDowell-en arteko kimika eta bien antzezpena sekulakoa da.
BETTER THINGS
DISNEY+
“Better Things” Sam Fox-en bizitzari buruzko komedia dramatikoa da. Hollywoodeko aktorea da, eta hiru alabak berak bakarrik hazten ditu, ibilbide profesionala eta amatasunaren eguneroko erronkak orekatzen dituen bitartean. Telesailak benetakotasunez erakusten du amatasunaren zailtasuna, ez du idealizatzen, eta emakume independente izateak dakartzan konplexutasunak agerian jartzen ditu. Umore uneak eta eszena hunkigarriak uztartuz, familia harremanak, adiskidetasuna eta auto-aurkikuntza esploratzen ditu, eta pertsonaia konplexuen bidez Samen erresilientzia, zaurgarritasuna eta indarra modu zintzoan transmititzen ditu.
WORKIN’ MOMS
NETFLIX
“Workin’ Moms” telesail kanadarra da, eta amatasun garaikidea umore garratzez eta errealismo gordinez lantzen du. Lana, familia eta bizitza pertsonala orekatzen saiatzen den ama-talde bati buruzkoa da, eta gaur egungo gizartean ama izateak dakartzan tentsioak, erruak eta erronkak erakusten ditu. Jariatzen duen zintzotasunagatik nabarmentzen da telesaila: ez du amatasuna idealizatzen, eta erditu osteko depresioa, sexualitatea, adiskidetasuna eta presio profesionala modu gordinean eta komikoan jorratzen ditu. Pertsonaiak konplexuak eta gizatiarrak dira. Entretenitzea lortzen du, erresilientziaren, emakumeen independentziaren eta gaur egun ama eta profesional izatearen kontraesanen inguruan hausnartzen duen bitartean.
HIERRO
MOVISTAR+
“Hierro”, Kanaria uharteetako irlan girotua, argitu gabeko hilketa baten inguruko istorioa da. Telesailaren trama nagusia bertara bidali duten Candela epailearen kasu poliziala eta ikerketa badira ere, pertsonaiaren alderdi familiarrak ere garrantzi handia du. Ama ezkongabea da, eta bere semeak garuneko paralisia du. Atmosfera bizia, uharteetako paisaien edertasun basatia eta tentsioa, familiako sekretuak eta gatazka pertsonalak uztartzen dituen gidoia da telesailaren ezaugarri nagusia. Pertsonaia konplexuen bidez, telesailak justizia, morala eta lekurik urrunenetan jaiotzen diren itzalak modu sakonean aztertzen ditu.
MARE OF EASTTOWN
HBO MAX
Pennsylvaniako herri txiki batean girotuta dago “Mare of Easttown”: egun batean Erin McMenamin gaztearen gorpua agertzen da, eta horrek galdera nagusi batzuk pizten ditu: nork hil du? Zergatik? Mare Sheehan polizia bertaratu da gertatutakoa argitzera.
Ama helduak, ama oso gazteak, ama bakartiak, sufritzen duten amak dira Easttown herri endogamikoan gertatzen den polizia drama indartsu honetako protagonista nagusiak. Mare poliziaren rolean, Kate Winslet. Azken hamarkadetako aktorerik onenetakoak, pisu handia du telesailean. Langile klasekoa da, Estatu Batuetako galdutako herri txiki bateko polizia. Bere semearen suizidioak, familia kargek eta oraindik gainditu ez duen dibortzioak zauritu dute. Motxila zamatsu horrekin, herriko neska gazteen bahiketa eta hilketa batzuei aurre egin beharko die.
I FOUGHT THE LAW
FILMIN
Azken urteotan benetako krimenetan oinarritutako fikzio ugari estreinatu da, baina “I Fought the Law” telesail laburrak fokua bestelako leku batean jartzen du: hilketa batek familian izan duen eraginean eta batez ere amaren borroka nekaezin eta kementsuan. Ann Ming-en benetako istorioa kontatzen du: 1989an, Billinghamen (Ingalaterra), Julie Hogg hogei urteko alaba galdu zuen, gizonezko batek modu basatian hil zuelako. Erruduna nor zen argi zegoen arren, poliziaren eta sistema judizial osoaren akats, axolagabekeria eta zabarkeriaren erruz, hiltzailea aske utzi zuten. Amak 17 urte eman zituen alabaren hilketagatik justizia lortu nahian. Protagonistaren rola Sheridan Smith aktoreak jokatzen du. Berak hartzen du telesailaren pisu ia osoa, eta antzezpen hunkigarri bezain boteretsuarekin, bihotzera heltzen da.
Emakume indartsu baten borroka politiko, sozial eta etikoa kontatzen du. Istorioak erakusten du pertsona arrunt batek iritzi publikoa astindu dezakeela, eta epaitegien, parlamentuen zein komunikabideen itsaso zurrunetan nabigatzeko gaitasuna izan dezakeela.