Xalbador, 1960ko Bertsolari Egunean

1976ko azaroaren 7an bat-batean hil zen Fernando Aire Etxart “Xalbador", Urepeleko artzaina eta bertsolaria, bere jaioterrian egiten ari zitzaizkion omenaldian. Xabier Letek “Xalbadorren heriotzean” abesti hunkigarria eskaini zion, 1978an “Lore bat, zauri bat” albumean argitaratua. Abesti hori, ereserki bihurtua, gaur egun ere entzuten da Euskal Herriko jai, jaialdi eta txoko guztietan. Mikel Laboak, 1980an argitaratutako “Lau bost” albumean, Xalbadorrek idatzitako poemarik ezagunenetako bat jaso zuen: “Herria eta Hizkuntza”. Poema horretatik «herria da gorputza, hizkuntza bihotza» bere esaldi gogoratuenetako bat sortu zen. 1960ko maiatzean Sarako frontoian egindako Bertsolari Egunean ateratakoa da alboko irudia, Juan San Martin argazkilariarena. Bertan hiru bertsolari ageri dira: Xalbador, mikrofonoan, eta eserita, Oiartzungo Jose Joakin Mitxelena Agirrezabala eta Lapurdiko Ahetze herriko Mattin Treku Inharga.


