Isidro Esnaola
Ekonomia politikoko ikerlaria / Investigador de economía política

Desagertzeko zorian

Ikaragarria da adimen artifizialeko (AA) enpresetako exekutiboen eta langileen desfilea, programa horiek gizateria akabatuko dutelako arriskuaz ohartarazten. Bat-batean konturatu dira egiten ari direna arriskutsua dela. Hunkigarria da munduko boteretsuak gizateriaren etorkizunaz nola arduratzen diren ikustea. Baina niri grazia egiten dit ikusteak zein hipokritak izan daitezkeen oligarka horiek. Agenda markatzea bilatzen zuten, eta hori lortu dute. Orain jende guztia dago oso kezkatuta eta zerbait egiteko prest.

Deigarriena adimen artifiziala deitutakoaren mistifikazioa da. AA instrukzioak betetzen dituen programa multzo bat baino ez da. Instrukzioa segurtasun kalteberatasunak bilatzea bada, programak bilatu egingo ditu; instrukzioa urrakortasun hori ustiatzea bada, ustiatu egingo du; eta programari atea irekita uzten bazaio, sare osoan bilatuko ditu urrakortasun horiek, eta sartu behar ez den lekuan sartuko da. Programak ez du eskatzen ez zaion ezer egiten. Hori da dena. Arriskutsua ez da programa, atzean dauden programatzaileak baizik, programaren arriskuaz ohartarazten gaituztenak, hain zuzen. Izan ere, arriskua ikusi arren, ez dira gelditzen. Anthropic-ek iragarri berri du laborategi biologiko bat irekiko duela laborategiek egin ohi ez dituzten esperimentuak egiteko. To. Bai, arriskutsua da, baina negozioa zabaltzen jarraitzen dute lasai asko.

Kanpaina honen atzean gauza sinple bat dago: dirua. Kontua da txinatarrek negozioa izorratu dietela: doan eskaintzen dute produktu bera. Enpresa horiek guztiek milioiak inbertitu dituzte datu zentroetan, eta orain ezin izango dute inbertsioa errentagarri bihurtu. OpenAIk bazterrak nahastu ostean iragarri zuen burtsara irteera atzeratuko zuela. Nola eman diezaiokete buelta tortillari? Ba, oso erraza da: Txinako programak debekatuz. Baina zuzenean egitea ez da ondo geratzen. Horretarako, hobe da lehenik iritzi publikoa arriskuekin izutzea, benetakoekin edo asmatuekin. Ostean, Txinako programek bete ezin duten araudi bat ezarri behar da, adibidez, iragazki batetik pasatzea deskargatu ahal izateko. Geroago, datu zentroei debekatuko diete ziurtagiririk gabeko programak erabiltzea. Behin hori guztia lortuta, debekatu egingo dute deskargatu ahal izatea, norberaren etxeko ordenagailuan ez erabiltzeko. Fitxategiak partekatzeko P2P programekin egin zutena da, gutxi gorabehera. Orduan, aitzakia egile eskubideak ziren; orain, segurtasuna.

Kasu honetan, gainera, interes geopolitikoak eta enpresa interesak batzen dira. AEBk Pax Silica itunaren sinadura bultzatu zuen. Akordio horrek, besteak beste, funtsezko hornidurak ziurtatzeaz gain, sinatzaileei AAko beste programak erabiltzea debekatzen die. Gainera, AEBk bere AAko programetara sarbidea nork duen erabakiko du. Europak sinatu du itun hori, eta era berean, Europako AAko abangoardiako laborategiak, Mistralek, modelo berriak garatzeari uko egin diola iragarri du. Hemendik aurrera, eredu txinatarrak optimizatzeari ekingo dio. Galdera da noiz arte utziko dioten.

Adimen artifizialaren egitura horretan, funtsezko pieza dira datu zentroak. Multinazional teknologiko guztiak ari dira bereak eraikitzen eta elektrizitatea bereganatzen. Eta datu zentro publikoak? Adimen artifiziala hain garrantzitsua izango bada, komeniko litzateke zentro horiek ondasun publiko gisa tratatzea eta jardutea, beharrezkoa den azpiegitura jabari publikoaren pean jarrita. Elektrizitatea erruz gastatuko bada, ez dadila izan bideo zorrotadak egin eta bisitak lortzeko; ez eta multinazional teknologiko handiek sarbidea monopolizatzen jarraitzeko ere. Auzi hori gero eta gehiago da gure subiranotasunaren parte; eta bizirauteko baldintza. •