Amaia Ereñaga

Gaur bi urte hil zen Joan Jara dantzari eta aktibista britainiarra

Gaur bi urte bete dira Joan Jara dantzari eta aktibista britaniarra Txilen zendu zenetik. Victor Jararen alarguna zen, Pinocheten diktadurak hil eta torturatu zuen musiko ikonikoaren bikotea, eta Jara abizena hartu zuen egia, justizia eta ordainaren aldeko borroka ikusarazteko xedearekin.

Joan Jara 97 urte zituela hil zn.
Joan Jara 97 urte zituela hil zn. (FUndación Victor Jara)

1927ko uztailaren 20an jaio zen Londresen (Ingalaterra) Joan Alison Turner Roberts. Txikitatik maitemindu zen dantzarekin eta 1947an sartu zen Sigurd Leederreko Dantza Eskolan. Hiru urtez ikasten aritu ondoren, 1951n Jooss Balleteko taldeko partaide bihurtu zen. Ametsa bete zuen, beraz, aurrerantzean dantzari profesionala izango zen.

Konpainian Patricio Bunster koreografo, dantzari eta aktore txiletarra ezagutu zuen, eta harekin ezkondu zen 1953ko urrian, eta lehen alaba izan zuen, Manuela. Urte baten buruan, Txilera bidaiatu eta bertan finkatu zen, Txileko Ballet Nazionaleko dantzaria eta, ondoren, koreografo bezala aritu zelarik. Diziplina horretako irakasle ere izan zen Txileko Unibertsitatean, eta han, Bunsterrekin dibortziatu ondoren, ezagutu zuen Víctor Jara, gorputz-adierazpeneko lantoki batean. 

Joan eta Victorren arteko maitasunetik jaio zen Amanda, baita ere komunitate herrikoietan aurrera ateratzen ahalegindu ziren proiektu politiko-kultural berritzaile bat, baina dena –ametsak, bizitza...– zapuztu zitzaien, hainbat txiletarri legez, 1973ko irailaren 11ko Pinocheten Estatu Kolpearekin. Victor Jara, milaka pertsona bezala, bahitu, torturatu eta hil zuten. 

Joanek idatzi zuen liburuan (‘Víctor, un canto inconcluso’) hauxe irakur daiteke: «Victorrekin telefonoz hitz egiteko aukera izan nuen azken aldia irailaren 11n izan zen. Unibertsitate Teknikoan zegoen. Unibertsitatea inguratua eta erasotua izan zen. 600 irakasle eta ikasle zeuden bertan. Irailaren 13ra arte ez nuen jakin Txileko estadioan atxilotuta zegoenik. Gero, ezer gehiagorik ez, isiltasuna. Irailaren 18an, asteartean, gorputegiko langile gazte bat etorri zitzaidan han zegoela jakinaraztera. Ehunka langile eta ikasleren gorpuen artean zegoen Victor. Hari esker, gorpua hartu eta lurperatu ahal izan nuen. Langile horren laguntzarik gabe, ez nukeen sekula jakingo hil egin zutela. Hildako anonimo bat besterik ez zen, zenbaki batekin, beste hildako anonimo batzuen artean». 

Londresko erbestetik –orduan hartu zuen Jara abizena–, nazioarteko kanpaina bat abiarazi zuen Pinocheten diktadura salatu eta biktima guztien memoria ahanzturan gelditu ez zedin. Txilera itzuli zenean, Víctor Jara Fundazioa sortu zuen, 1993an, musikariaren eta antzerki-zuzendariaren ondare artistiko, sozial eta kulturala zabaltzeko.

AEBek Pedro Barrientos Txileko Armadako tenientea Txilera estraditatu baino bi aste eskas lehenago hil zen Joan. Victor Jara bere senarra zenaren krimenaren eta torturaren egile material gisa kondenatua izan zen Barrientos.