Asier Aiestaran
Kazetaria
Entrevista

«Oraindik ikasten ari naiz, amonari baratzean laguntzen zion ume mukitsu hori naiz»

Rikardo Arregi sarien ohorezko mugarria jasoko du Jakoba Errekondok (Usurbil, 1961). 40 urtetik gora daramatza komunikabide desberdinetan landareen inguruko azalpenak ematen, baina berak ere bidean asko ikasi duela dio.

«Hasieran pentsatu nuen jubilatu egin nahi nindutela», dio txantxetan sariaren berri eman ziotenean zer sentitu zuen galdetuta. Baina serio jarrita onartu du garrantzi handia ematen diola errekonozimenduari. «Emozionantea da jendeak aitortza hori egitea. Uste dut urte askotako lan berezi baten ondoren etorri dela hau eta egia esanda oso gustura nago. Aurrera begira jarraitzeko gogoarekin».

Nondik dator baratzearekiko zaletasuna? Haur garaiko maitemina da edo geroago sortu zen?

Oso umetatik dator, nire ekosistema hori izan delako beți. Aita zerraria zen, zerrategia zeukan. Arbolak ekartzen zituzten eta ni txundituta geratzen nintzen ikusiz nola arbola horietatik ateratako piezak erabiltzen ziren gero etxeak egiteko eta abar. Nire ingeniari izaerak badu hortik pixka bat. Aita, era berean, ehiztaria zen, eta ahal zuen guztietan, batez ere igande goizetan, txakurrak hartu eta asko ibiltzen ginen mendian. Gu beti galdezka: «hau ze arbola da?», «eta beste hura?». Hortik asko ikasi dut.

Amona, amaren ama, bizitza guztian baratzezaina izan da eta Donostiara joaten zen behi-esnea eta berak egindako barazkiak saltzera. Baratze erraldoia zeukan, ia-ia berak bakarrik maneiatzen zuena, txundigarria zen. Gaur egun lan pentsaezina. Goizean oso goiz joaten zen Donostiara, eguerdirako etorri bueltan, bazkaria jarri, siesta egin, siestatik jaiki, eta arratsaldea zen baratzeko lanak egiteko momentua. Eta hurrengo egunean salduko zituen barazkiak prestatzekoa. Niri harrigarria egiten zitzaidan eta umemoko bat nintzela hor ibiltzen nintzen berari laguntzen: hau ekarri, beste hori ureztatu... Han asko ikasi nuen. Esaerak, zer urte garaitan zer lan egin behar ziren... Eta nik dena koaderno txiki batean apuntatzen nuen; 9-10 urte izango nituen.

Gero, beste bi izeba, aitaren arrebak, gure etxe azpian bizi ziren, eta haiek oilategia zuten, baratzea etxe ondoan... Izeba horiek oso lorezaleak ziren. Amona ere bai, baina hark gehiago zituen sendabelarrak eta berak erabiltzen zituenak. Baina izebek gehiago loreak hartu, aldaxkak egin...

Umetatik koadernoarekin apunteak hartzen...

Esan behar da ni beti izan naizela irakurle amorratua, txiki-txikitatik. Baina gure amorrazioa berehala bukatzen zen, orduan libururik ia ez zegoelako. Orduan La Salle zen Usurbilgo eskola, liburutegi bat bazen, baina ez zen edonor iristen liburutegi horretara. Eskola behean zegoen eta goi-goiko plantan “hermanoak” bizi ziren. Hor zegoen liburutegia. Eta gero, oso noizean behin etortzen zen bibliobus bat, autobus bat liburuz betea, eta hori guretzat sekulakoa zen, mundura konexio bat. Bagenekien autobus horretara sartuz egunerokotasunetik aterako ginela. Beraz, idaztea eta jasotzea asko gustatzen zitzaidan. Amonak esaten zuen «ilgora honetan erein behar da perrexila, ostiral santuan», eta nik horiek denak jasota ditut.

Ikasketak ere bide horretatik bideratu zenituen. Hori ere argi zenuen hasieratik?

Ikasketekin gauza inkontziente bat gertatu zen. Nik 13 urterekin nahiago nuen lanean hasi, egokiagoa iruditzen zitzaidan, baina aitak argi zuen ezetz. «Hik balio duk eta ikasi egin behar duk». Eta orduan zer ikasi pentsatu behar izan nuen, garai hartan ez zegoelako gaur bezain besteko aukera. Agronomo ikastea erabaki nuen eta 18 urte bete eta handik bi egunera Lleidara joateko trena hartu nuen. Han euskaldun batzuk bildu ginen eta bigarren urtea egitera denok Iruñera etorri ginen.

Nik 20 urterako karrera bukatuta neukan. Ingeniari teknikoa naiz, ez nuen jarraitu nahi izan goi-mailako ingeniaritza egiten, zeren iruditzen zitzaidan irakaskuntza desastre bat zela, guk gehiago genekiela irakasleek baino. Soldaduska egitera joan nintzen, eta, amaitutakoan, otsailean amaituko nuen, udaberri horretan lanean hasi nintzen.

Orduan Gureak enpresaren zentrala Hernanin zegoen, Jauregin, frontoiaren atzean, eta deitu zidaten esanez teknikari bat behar zutela bertako langileekin brigadak egiteko, lorezaintza lanak egiteko... Departamentu bat sortzeko. Garai hartan desgaitasuna zuten pertsonak lantokian sartuta edukitzen zituzten, eta nahi zuten kanpoko lanak ere egiten hastea, jendeak ere haien lana ikusteko. Azterketa bat egin zen eta ni bigarren gelditu nintzen. Aurrena gelditu zenari deitu zioten, baina hark ezezkoa eman zuen. Orduan niri deitu zidaten eta horretan hasi nintzen. Formatzen lehenengo: brigadetako arduradunak, langileak, nola lan egin, zer makineria erabili... Gaur egun departamentu horretan ez dakit zenbat langile egongo diren, 130-150 bat agian bai. Parke hau guk egin genuen [Usurbilgo Atxega jauregiaren parean dagoenaz ari da].

(Gorka RUBIO / FOKU)

Euskadi Irratian 40 urte inguru daramatzazu. Nolatan hasi zen irratiko abentura hori?

Karrera bukatu eta soldaduskara joan aurreko tarte horretan, Josetxo Lizartzarekin hasi nintzen Herri Irratian. Josetxo lagun handia dut, bere emaztea ikasle garaian nire etxean bizi izan zen neska baten ahizpa da. Garai hartan Usurbilen mobida handiak antolatzen ari ginen bertako gazteak, eta giro horretan bota zidan ea zerbait egingo genuen landareei buruz irratian. Egia esateko, ez naiz ongi gogoratzen zer egiten genuen zehazki, baina horrela hasi ginen. Baina gero soldaduskara joan eta hortxe geratu zen.

Euskadi Irratikoa gero etorri zen. Lehenik Zabalegi nekazaritza eskolara deitu zuten ea bertako irakasleren bat animatuko litzatekeen irratian landareei buruz hitz egitera. Zuzendaria fakultate garaitik ezagutzen nuen, eta hark komentatu zien ezagutzen zuela pertsona bat Herri Irratian Josetxo Lizartzarekin aritzen zena. Eta horrelaxe hasi nintzen. Orduan Euskadi Irratia Mirakontxan zegoen, izkina egiten duen Eusko Jaurlaritzaren eraikineko goialdean. Gero Prim kalean dagoen etxe-azpi batera aldatu zuten. Eta gero Miramon egin zenean, bertara. Baina ni 1985ean hasi nintzen Mirakontxan, ikasturte honetan 41. denboraldia hasi dut.

Orduan esan balizute horrenbeste urte egingo zenituela...

Hasten zarenean ez daukazu denboraren kontzeptu hori. Herri Irratian ere hala izan zen. Bi edo hiru urte, ez dakit zehazki zenbat denbora egon ginen. Eta gero da hasieran zer egiten genuen eta orain zer egiten dugun. Ni hasi nintzeneko koadernoa gordeta daukat oraindik. Hasieran garai bakoitzean zer lan egin behar diren esaten nuen, edo landare jakin bati buruz hitz egin. Tarteka, baten batek deitu egiten zuen. Baina gerora ezagutzen nituen gai batzuetan gehiago sakondu behar izan dut. Formatu. Eta hori etengabeko lan bat bihurtu da nire ibilbidean. Kontuan izan behar da orain mundu guztiko landareak ari direla iristen Euskal Herrira, batez ere lorezaintzan, etxe barruko landareetan eta abar. Basogintza pixka bat ezagutzen nuen, lurra lantzea ere bai, loreak, baratzea... Fruta-arbolak ere bai, gure aita amorratua zelako horretan. Nik egunero 4-5 ordu irakurtzen pasatzen ditut. Jantzita egon behar dut. Larunbatean joango naiz irratira, kaskoak jantziko ditut, eta ez dakit zer galdetuko didaten. Edozein gauza. Gertatu izan zait esatea «ba ez dakit, hurrengoan zerbait esango dizut». Baina, ahal baldin bada, nahiago dut hori ez gertatzea. Horregatik etengabe irakurtzen ari naiz: aldizkariak, artikuluak, liburuak...

Bilakaera bat ikusi omen duzu entzuleen artean. Hasieran baserritarrak ziren batez ere, orain baratze komunitarioak-eta asko zabaldu dira.

Lehen galdetzen zizuten «noiz erein behar da perrexila?», eta gaur egun landare baten izen zientifikoa esaten dizute, ez dakit nork ez dakit nondik ekarri diolako eta ez dakielako zer egin horrekin. Horrek ekarri du nik nire zerbitzu hori osatu behar izatea. Buletinak, artikuluak... “Argia”-n 31. urtea da aurtengoa.

Pello Zubiria zegoen zuzendari eta etengabe ari zitzaidan beraiekin zerbait idazteko eskatzen. Gauza bat irratian hitz egitea zen, ordurako lotsa galduta neukan, baina idaztea beste zerbait da. Idatzitakoa hor geratzen da betiko. Irratian esandakoa gaur egun ere bai, baina orduan ez. Eta, gainera, nik begiratzen nuen “Argia”-n idazten zuen jendea eta sekulako maila zutela konturatzen nintzen. Baina, halako batean, baiezkoa eman nuen eta gaur arte. Hor ere berdina, pentsatuz urte bat edo bi izango zirela, pentsatzen nuelako gaiak agortu egingo zitzaizkidala. Ba, atzo entregatu nuen 1.392. artikulua.

Ni idazteko gaiak apuntatzen joaten naiz zerbait interesgarria ikusten dudanean. “Bizi Baratzea Orria”-ren aurkezpenerako pentsatu nuen kontatzea zenbat gai ditudan, ba 246 gai neuzkan, eta jada igotzen joan da kopurua.

Azkenean mundua beste modu batera ikusten duzu. Telegramen modu batera egiten dugu: “Trikimailua”, minutu azpitik irakurtzeko testu motz bat egunero; buletina, igandean egin eta astelehenero 8.00etan bidaltzen dut, 448.a joan da aste honetan, ia 9 urte daramatzagu; bizi-baratzean galderak... Mundu ikaragarri bat eraiki dugu eta oinarria da jakitea eta ikastea.

(Gorka RUBIO / FOKU)

«Argia»-rekin hasi zinela 30 urte pasa beraz, eta lehen liburua ere garaitsu horretan argitaratu zenuen.

“Bizi baratzea” ateratzerako bi liburu idatzita nituen. Elhuyarrekin bizpahiru urtez idazten ibili nintzen, eta haiekin “Etxe barrurako landareak” liburua atera genuen. Liburu txiki bat zen. Aurrena fitxa moduko batzuk argitaratzen ziren aldizkariaren erdiko orrian, horiek moztu, zulatu eta fitxategi batean sartzeko. Eta gero liburua atera genuen. Durangon sekulako arrakasta izan zuen. Gero, Usurbilgo Sagardo Egunarekin batera, Euskal Herriko sagardoari buruzko liburuxka bat atera nuen. Eta gero etorri zen “Bizi baratzea”. Horrela izena du, baina behean, “Garaian garaikoa, garaiz” esaten du, “garaiz” hori delako inportantea, eta hirugarren izenburu bat ere badago, behean eta txiki samarra, baina inportanteena agian horixe da: “eman eta hartu”. Zeren askotan egiten duguna da hartu eta agian zerbait eman. Ez, ez. Lurrari aurrena eman egin behar diozu. Lurrari ez badiozu ematen gero alferrik joango zara bila. Eta lan honetan ere berdin, ematea da gauzarik inportanteena. Dakizuna, ahalegina, laguntza... Nire kasuan garbia da.

Instagram, Telegram, hitzaldiak... Moldatzen jakin izan duzu garai berrietara.

Ez dago besterik. Nik 64 urte ditut, ni pleistozenokoa naiz. Esan nahi dizudana da guk papera eta arkatzarekin idazten genuela. Marrazki teknikoak eskuz egiten genituen, tintarekin. Gero etorri zen rotringa, errotuladoreak... Gu garai hartakoak gara.

Hasteko, nik erdaraz ikasi dut. Nire formakuntza guztia gazteleraz izan da. Herriko eskola erdaraz zen, baina gure aita obsesionatuta zegoen euskararekin. Bost anai-arreba gara, ni bigarrena naiz. Herrian ikastola sortua zegoen, baina ume txikiekin. Anai zaharrena eta ni, Usurbilen lauzpabost ikasleko taldetxo bat, eskola horretatik atera eta Lasarteko beste lauzpabostekin batera, zortzigarren mailako gela bat sortu genuen ikastolan. Baina hor ere erdaraz izaten zen gehiena. Eta gero lizeora joan ginen, Donostiara, eta hor ere gazteleraz. Ikasgairen bat euskaraz, baina gutxi.

Gu euskaraz analfabetoak ginen. Hitz egin bai, gainera nik irakurri ere asko egiten nuelako, baina aitak argi zeukan alfabetatu egin behar genuela. Orduan, AEK sortu baino lehenago, hain zuzen ere Rikardo Arregi eta beste batzuk aritu ziren alfabetatzeko gelak sortzen herriz herri. Anaia eta biok, 10-12 urterekin, gau eskolara joaten hasi ginen.

Geroztik, hizkuntzarena niretzat obsesio bat bilakatu da. Hitz asko ditugu euskaraz eta hala ere erdaraz esaten ditugu. Hitz asko abandonatu egin ditugulako. Esateko erak, izenak... Landare bat ia egunero erabiltzen duguna eta euskaraz 30 izen desberdin dituena. Baina erdarara jotzen dugu askotan. Horrek ekarri zuen joera bat gero nik irratian sustatu egin dudana. Bazirudien nik sermoia botatzen nuela eta jendeak deitzen zuela galdetzeko bakarrik. Ados, nik gauza bat modu batera esan dut, baina ziur izen pila bat daudela beste modu batera esateko. Deitu edo idatzi, mesedez. Garai batean gutunak idatzi eta bidaltzen zituen jendeak, argazkiak paperean inprimatuta. Noski, orain, sareetako salto honek suposatu duena da hori dena erraztea.

(Gorka RUBIO / FOKU)

Besteen jakintza ere bildu...

Beti nabarmentzen dut emakumeen jakintza. Sekulako jakintza daukate, ez da inoiz baloratu, eta gutxietsita sentitu dira. Jendarte honetan gutxietsiak izan dira, batetik emakumeak direlako eta bestetik jakintza hori lurrarekin lotuta dagoelako. Gizartearentzat hutsaren hurrengoa izan dira.

Baina hor dagoena da jakintza erraldoi bat, dakitelako klimari buruz, eguraldiari aurrea hartzen, daukate memoria inkontziente bat, gauzak noiz eta nola egin, nola jaso, nola kontserbatu, sukaldean nola egin... Baserriko emakume batek, agian, ehun landare espezieri buruz daki.

Zeren gure baratzearen ezaugarri nagusia hori da. Herrialde mediterraneotan baratzea da “huerta” eta gero dute “jardín” delakoa. “Huerta”-k ematen die elikadura fisikoa, egunean 2.000 kaloria, eta “jardín” horrek ematen du elikadura etikoa edo estetikoa. Euskaraz ez dago horrelakorik. Gure baratzeak dira askoz aberatsagoa den kontzeptu bat. Landare mota guztiak bere barruan hartzen dituena: sendabelarrak, usaineko landareak, lokarriak egitekoak, erritualetan erabiltzekoak, loreak, fruta ematen duten arbustuak, fruta-arbolak, arbolak. Eta horri buruzko jakintza emakume horien buruetan zegoen. Hori da dagoen handiena eta nik berreskuratu nahi dudana.

Eta 64 urtera iritsita, lan horretan jarraitzeko prest?

Nik ez daukat jubilatzeko asmorik. Gaur egungo formakuntzarekin jendea oso espezializatuta ateratzen da eskoletatik. Nik zorte izugarria izan nuen gaztetako ekosistema horrekin. Nire atzetik ez dator horrelako inor. Ni baino askoz gehiago dakien jendea dator, baina gai oso konkretu batean. Horrelako pertsona bat jar dezakezu irratian bere gaiaz hitz egiten, baratzeaz nahi baduzu, baina esango dizu berari etxeko loreei buruz ez galdetzeko. Nik hor ikusten dut arazoa nire ordezko bat topatzeko. Baina ez hori bakarrik, nik ez daukat uzteko gogorik. Oraindik ikasten ari naiz, garai hartako ume mukitsu hori naiz.