Datorren urtean egingo den Korrikaren 24. edizioa zerumugan dugunean –2026ko martxoaren 19tik 29ra egingo da–, lehenengo Korrika hura nola izan zen gogora ekarriko dugu, gaur, hain justu, 45 urte betetzen baitira Oñatitik abiatu zenetik.
Korrikaren lehenbiziko ekitaldiari hasiera eman zitzaion, beraz, 1980ko azaroaren 29an Oñatin. Giroa ez zen xamurra, eta Korrika egiteko beharra zegoen, AEKren egoera ez baitzen erraza: garai hartan, Lakuak homologatzera derrigortu nahi zituen eta AEK dirulaguntzarik gabe utzi zuten. Lehenengo Korrikaren aurrekontua 18.000 pezeta izan zen, atera kontuak.
Azken orduan antolatu ziren gauza asko, tartean abesti bat egitea. Korrikarako egun gutxi falta ziren horretan konturatu ziren ez zutela kantu bat egin ekimenerako, eta Xabier Amurizarengana jo zuten horretarako, garaian, Euskal herriko Bertso txapelketa irabazi berria zela.
Egun batetik bestera idatzi, sortu, eta grabatu zen kantua, eta Jon Lopategi bertsolariaren doinu batzuk erabili zituen Amurizak kantua egiteko. Bertan, euskararen aldeko aldarria egiten zuen bertsolari bizkaitarrak, tartean, Bai Euskarari ekimena aipatuz. Bideo honetan ekarri du gogora Xabier Amurizak.
Bilbon bukatu zen lehen Korrika hura, abenduaren 7an. Guztira, 1.820 kilometro egin zituen eta Xabier Peña idazle eta irakaslea omendu zuen.
Lekukoa Bilbora iritsi zenean, barruko mezua falta zen: Rikardo Arregik Euskaltzaindiari idatzitako eskutitza. Ondorioz, AEK-ren diskurtsoa irakurri zen soilik. Arregiren mezua ez irakurri izanak eta diskurtsoaren edukiek gaiztotu egin zituen AEK-k Euskaltzaindiarekin eta EAJrekin zituen harremanak.

«Oraindik ikasten ari naiz, amonari baratzean laguntzen zion ume mukitsu hori naiz»

Miren Garbiñe de Diego, fotokazetaritzak badu etorkizuna

Elay Taldeak Mexikon 25 urte bete ditu, bere txikian irakaspen handiak utzita
