GAUR8

Jakartak txakur-haragiaren salmenta debekatu du, eta eztabaida sortu da horren harira

Indonesian gutxi dira txakur-haragia kontsumitzen dutenak, baina egon badira, eta haurrak zirenetik egiten dute. Beraientzat errotuta dagoen ohitura da eta ez dute begi onez ikusi Jakartan hartu den erabakia, aurrerantzean ezingo dutelako txakur-haragirik erosi.

Indonesiako hiriburuak, Jakartak, aurrea hartu dio herrialdeari eta txakur-haragiaren salmenta debekatzen duen normatiba bat onartu berri du. Horrek, txakurrak haragirako heztea ere galerazten du. Txakurrekin batera, amorrua transmititzen duten beste animaliak ere hartzen ditu debekuak.

Indonesian txakur-haragiaren kontsumoa ohikoa ez den arren, populazioaren %7ak jaten du, eta horregatik, eztabaida sortu da gizartean, batzuek hura kontsumitzen jarraitu nahi dutelako. Asiako beste herrialde batzuetan ere kontsumitzen da txakur-haragia.

Kontsumitzaileek diote txakur-haragiak onurak dituela, eta medikuntza alternatiboan erabiltzen da sendagai gisa. Bestalde, ohituretan errotuta dagoen zerbait da eta hori aldatzea ez da batere erraza. Era berean, diote egun oso zaila dela txakur-haragia lortzea, eta drogak erosten egongo balira bezala sentitzen direla.

Araua onartu berri da, eta datozen sei hilabetetan zehar sentsibilizazio kanpainak egingo dituzte. Epe hori igarotzen denean, araua betearazten hasiko dira. Honek, txakurrez gain, katuei edota abeltzaintzakoak ez diren beste animaliei ere eragiten die. Helburua osasunezkoa da, animalia horiek amorrua transmititu dezaketelako, bai kontsumitzaileei zein harakinei.