Waka-waka eta dai-dai
Imajinatu 2010eko ekain-uztaila dela, erditu berri zaudela eta gauak eta egunak bata bestearen gainean pilatzen zaizkizula. Bular bati lotutako haur jaioberri bat. Desorduetan telebistari begira egotea, lo edo esna zauden seguru jakin gabe. «Yo soy español, español, español», kantu zozoa ezin gainetik kendu. Shakiraren «waka-waka». Imajinatu tren hori -hormonak, espainolak eta waka-waka- gainetik pasatzen zaizula. Onena, lurrean uzkurtuta geratzea. Antzekoa izan behar du entzierroan zezenak gainetik pasatzen zaizkizunean. Fetuaren jarrera omen da egokiena. Gorputza uzkurtu, burua babestu eta itxoin. Pasako da.
Imajinatu 2026ko uztaila. Berriro ere kantu hori, «yo soy español, español, español». Gogorra da konturatu gabe zure burua harrapatzea kanta-marmarrean. Burua altxa eta Shakira, oraingoan «dai-dai» abesten. Eta espainolak, orroka. Ikaratuta konturatzen zara gauzak ez direla apenas aldatu. Zer demontre gosaltzen du Shakirak hamasei urtetako arrastorik ez izateko gorputzean? Espainolak ere, inoiz baino patriotikoago eta harroxkoago. Gero eta gehiago agian, lagun jakintsu batek esaten duenez, ez ote goaz Francotik Francora? Berriz ere gorputza uzkurtu, burua babestu eta itxoin.
Lurrikara pasatzeko zain lurrean etzanda zaudela, disimuluan, begi bat irekitzera ausartu zara eta agian zerbait aldatu dela pentsatu duzu. Espainiako kamisetak bare paseoan, gertu ospatzen diren golak eta herrietako kaleetan isiltasun arraro horiek selekzio espainolaren partida egunetan.
Euskal Herriko jokalariak goi mailan. Ez diet txarrik desio; noizbait daukaten onena euskal selekzioaren alde emateko aukera opa diet. Opa diot gure herriari. Ez dut inoren kontra eraikitako herririk irudikatu nahi; Euskal Herriak bere buruaren alde baino ezin du izan. Baina bere buruaren alde egiteko existitzen jarraitu behar du eta existitzen dela aldarrikatu, xuxurlatik oihura. Nekosoa da, baina beharrezkoa. •




