GAUR8

‘Euskaldunak: etxean arrotz’ dokumentala aurkeztuko dute Azpeitian 17an eta 20an

‘Euskaldunak: etxean arrotz’, euskaldunek bizi dituzten zapalkuntzei buruzko dokumentala, hilaren 17an eta 20an aurkeztuko dute Azpeitiko Soreasu Antzokian. Ikasleentzako izango da lehen saioa, eta publiko orokorrarentzat bigarrena. Zapalkutza egoeren testigantza ezberdinak bildu ditu lanak.

Zaparraie euskara taldeak ekoitzitako ‘Euskaldunak: etxean arrotz’ dokumentala estreinatuko dute Azpeitian.
Zaparraie euskara taldeak ekoitzitako ‘Euskaldunak: etxean arrotz’ dokumentala estreinatuko dute Azpeitian. (Kulturaz Kultur Kooperatiba)

Euskaldunek euskaldun izate hutsagatik pairatzen dituzten zapalkuntzak jomugan dituen dokumentala estreinatuko dute hilaren 17an eta 20an Azpeitian, Soreasu Antzokian.

Lana Azpeitiko Zaparraie euskara taldeak sortu du lana, Kulturaz Kultur Kooperatibaren laguntzarekin. Dokumentala bi saiotan aurkeztuko da: hilaren 17an, ikastetxeei zuzenduta; eta 20an, publiko orokorrarentzat.  

«Dokumentalean euskaldunok euskaldun izate hutsagatik jasan izan ditugun eta jasaten ditugun zapalkuntzak islatu ditugu: zigorrak, gutxiespenak…», azaldu du Zaparraiek. Bizipen horiek bizi dituzten ahots ezberdinak biltzen ditu dokumentalak.  

Batetik, «garai batean eskolan jasan izan zutena kontatu» duten bi testigantza biltzen ditu lanak, baita ‘Euskaldunon Egunkaria’-ko langile ohi batena, «haren itxiera eta bere atxiloketa» gogoratuz; eta ikastolako lehen irakasle eta ikasleek, garaiko egoera eta ikastolaren sorreraz hitz egiten dute dokumentalean. 

Beste bi ahots plazaratzen ditu lanak, «egun Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian bizi den egoera» azalduz. «Zapalkuntzak kontatzeaz harago, Euskal Herrian gazteleraren inposaketari aurre egiteko sortu diren proiektuez aritu gara –ikastola, Berria egunkaria…-, eta euskaldun izatearen kontzientziaz jabetzeko diskurtsoa ere zabaldu dugu», zehaztu dute lanaren inguruan.

Aurreratu dutenez, herriko hiru ikastetxeetako 230 ikasle inguru egongo dira abenduaren 17ko aurkezpenean. Hilaren 20ko saioa, 17.00etan izango da.