GAUR8

«Argazkigintza herritar guztiei zabaltzeko» ekimena Galdakaon, Click eta Click-en eskutik

Argazkilaritza «herritar guztiei zabaltzea» helburu duen ekimena abiatu dute Galdakaon Udalak eta Click eta Click elkarteak, elkarlanean. Sakelako telefono bidezko argazkilaritzan trebatzea izango du helburu ikastaro batek. Bigarrena haurrentzako da, eta doakoa izango da.

Argazkilaritza ikastaro berrien aurkezpena, Galdakaon.
Argazkilaritza ikastaro berrien aurkezpena, Galdakaon. (GALDAKAOKO UDALA)

Sakelako telefono bidezko argazkilaritza eta haurrentzako tailerra jarri ditu abian Galdakaoko Udalak Click eta Click elkartearekin elkarlanean. Argazkigintza herritar guztiei hurbiltzea eta parte hartze kulturala bultzatzea da helburua.

Click eta Click argazkigintza elkarteak eskainiko dituen ikastaro berriak aurkeztu ditu. Galdakaoko Udalarekin elkarlanean antolatu dituzte eta «etapa berri bati» hasiera emango dion ekimena da, «herritar guztiei irekitako» jarduerak eskainiz.

Udal iturriek azaldu dutenez, iazko maiatzean elkarteak egoitza propioa estreinatu zuen eta horri esker «bere jarduera barne lanetatik eta irteeretatik harago zabaltzeko aukera» izan du, «kultura topagune» gisa duen izaera sendotuz.

Era horretara, bi ikastaro eskainiko ditu lehen fase honetan: telefono mugikor bidezko argazkilaritzari buruzko bat, publiko orokorrari zuzendua; eta herriko haurrei bereziki zuzendutako ikastaro bat, doakoa izango dena.

Ikastaro biak «diziplina hau bultzatzeko eta herritar guztiengana zabaltzeko beste pauso bat» direla, adierazi du Edurne Espilla Kultura zinegotziak. Gogoratu duenez, «guztion esku dagoen diziplina bat da eta tokiko ohituren transmisioaren bidez komunitate sentimendua garatzeko metodo oso garrantzitsua ere bada». Santi Amillano Click eta Click elkarteko presidenteak azaldu du, halaber, lokal berrian «herriari erabat irekitzeko eta buruan zeuden ideia asko gauzatzeko aukera» izango duela elkarteak.

Telefono mugikorrarekin argazkiak egiteko ikastaroaren inguruan, «oso interesgarria» dela aurreratu du, telefonoa «jendearen kamera berria baita». Haurren tailerrari buruz, «argazkigintza modu ludikoan, jolasen bidez» landuko dela nabarmendu du, «argazkigintzarekiko zaletasuna pixkanaka erakusteko».

Izena emateko epea zabaldu dute; Click eta Click elkartearen lokalean bertan izango da, asteazken eta ostegunean 17.00etatik 19.00etara, edo clicketaclick@gmail.com helbide elektronikora idatziz.