Azken urteetan "Dry January" joera jarraitzea modan jarri da, alegia, urtarrilean alkoholik ez edatea urte amaierako gehiegikeriak konpentsatzeko asmoz. "Veganuary" ere sortu da, urtarrilean animalietatik eratorriko janaririk ez jateko. Parisko Social Bar tabernak urtarrilean alkoholdun edariak kartatik kentzea erabaki du, joera honi helduz, eta frogatzeko alkoholik gabe ere, parranda on eta dibertigarri bat egitea posible dela.
«'Dry January' egiten ari naiz, beraz, aparta da niretzat honelako taberna bat aurkitu izana. Edari sorta oso anitza eskaintzen du, ez bakarrik freskagarriak eta gasdun ura. Alkoholik gabeko aukera gozagarri eta erakargarri asko daude, hori da onena!», dio Ugo Boesso bezeroak.
Guillemette Roze des Ordonsek gutxiago edaten hastea nahi zuen, eta Instagramen "Dry January" joerarekin egin zuen topo, eta ideia polita iruditu zitzaion. «Inolako sustantziarik kontsumitu gabe, lagun artean musika entzun eta parranda egiteko leku egoki baten bila nengoen. Honela aurkitu nuen taberna hau, eta oso ideia ona iruditu zitzaidan hilabetez alkohola alboratzea parrandan ateratzeari utzi gabe».
Younes El Garti ere Social Barreko bezeroa da, baina honek berez ez du edaten, eta berarentzat abantaila da gainontzeko bezeroek ere ez edatea. «Konbentzituta nago ez dagoela alkoholaren beharrik ondo pasatzeko, eta orain hori frogatzen ari naiz edaten ez duten guztiekin. Honek gauzak aldatzen ditu eta zoragarria da», dio.
Renaud Seligmann da Social Bar tabernako jabeetako bat. Bere esanetan, euren taberna ezezagunek elkarrekin ondo pasatzeko espazioa izatea nahi zuten, eta horretan lan handia egin zuten, eta konturatu ziren elkarrekin egote hutsak «lehenengo trago baten ia efektu bera zuela», eta edaten ez zuten bezeroek ere primeran pasatzen zutela. Hala, nahiz eta irabazien %90a alkohol samentatik ateratzen duten, urtarrilean aldaketa txiki bat egitea erabaki dute ohiko karta moldatuz, edari alkoholikoak kenduz eta alkoholik gabekoak sortuz. «Eta ahalik eta gehien indartzen saiatzen ari gara bizitasun sentsazioa, euforia, zirrara eta ospakizun kolektiboa berreskuratzeko», azpimarratu du.

