
Labayru Fundazioak bizkaieraren ezaugarri morfologiko, sintaktiko eta ortotipografikoak batzen dituen ‘Labayru Gramatika’ argitaratu du sarean (https://gramatika.labayru.eus/). Urteetako ikerketa eta lanaren emaitza da eta bizkaiera hobeto ezagutzea eta erabili ahal izatea eta ospea ematea bilatzen du.
Labayru Fundaziotik prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, gramatikako edukiak era askotakoak dira, tartean, deklinabidea, aditza, graduatzaileak, postposizioak, perpaus motak eta beste.
Lehendik ere badaude beste gramatika batzuk, baina Labayruren gramatika berez euskara darabilen edo euskaraz idatzi nahi duen edonorentzat da erabilgarria.
«Bizkaitarrok batzuetan zalantza daukagu: hau batuaz ondo esanda dago? Bizkaieraz ondo badago euskara ona da. Baina bizkaieraz desberdinak diren egiturak ere badaude, eta kasu horietan, bizkaieraren eta batuaren arteko aldeak zeintzuk diren azaldu da. Bizkaieraz jarduteko orduan sor daitezkeen zalantzak argitzeko tokia da gramatika hau», azaldu dute.
Lanaren asmoa testua sortzeko eredu eta baliabideak eskaintzea izan da, idatzizko iturririk esanguratsuenak eta gaur egungo hiztun jatorrek darabiltzaten egiturak kontuan hartuta. Idatzizko iturriei besteko lekua eman zaio ahozkoari.
Mendebaldeko euskara eta adibideak
Gramatika honek mendebaldeko euskara edo bizkaiera estandarra deritzona finkatzen du, beti ere euskara batuarekin lokarriak «ugariagoak eta estuagoak» izan daitezen. Gramatikako kontzeptuen deskribapen edo azalpenekin batera, adibideak jarri dira beti, egitura bakoitza bere erabilera testuinguruan kokatzeko. Gainera artikulu bakoitzean oharrak, proposamenak edo galderak egiteko aukera dago.
Hasierako orrian azalpen labur batzuk daude, barruan dagoenaren aurrerapen moduan. Gehienetan zalantza eragiten duten gaiak dira. Halakoak aldian-aldian argitaratuko dira, eta bertan ugaritu.
Lanaren oinarria aspaldian liburu moduan argitaratutako ‘Euskeraren Jarraibide Liburua: Lehenengo pausuak’ (2001) eta ‘Bizkai Euskeraren Jarraibide Liburua: Bigarren pausuak’ (2005) dira. Harrezkero lanean jarraitu izan du Labayruk, eta orduko edukiak ugarituta daude. Egitasmoa Lakuako Gobernuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin egin da.

«Nire buruari baimena eman diot hasieratik txapelari begiratzeko»

«Azalak isiltzen duguna oihukatzen du, gure emozioen ahotsa da»

Primi Erostarbe, panderojole-irrintzilari aparta gizonezkoek okupatutako plazan
