
Flora Sandes (Yorkshire, 1876ko urtarrilaren 22a - Suffolk, 1956ko azaroaren 24a) britainiar emakumea I. Mundu Gerran Serbiako Errege Armadan ofizial gisa aritu zen. Kondekorazio ospetsu bat irabazi zuen, frontean egindako lanagatik, eta Gerra Handian borrokatu zuen emakume britainiar bakarra izan zen. 39 urte zituen orduan.
Baina nor izan zen Flora Sandes? Klase ertaineko apaiz anglikano irlandar baten alaba, zaldiz eta ehizan ibiltzen ikasi zuen txikitatik. Ez zen garaian emakumeei ematen zitzaien heziketa, egia esan. Bere biografian kontatzen legez, haurra zenean, gauero egiten zuen otoitz: mutiko bihurtu nahi zuen.
Takigrafia ikasi zuen Londresen, munduan zehar bidaiatu zuen, gidatzen ikasi eta, 1908an, lasterketa-auto bat erosi zuen. Jaurtiketa-zelai batean bere punteria praktikatzen zuen eta Britainia Handiko emakume erakunde batekin bat egin zuen, First Aid Nursing Yeomanry (FANY) izenekoa, Lehen Sorospenetako Erizaintzako Zalditeria bezala ezagutzen zena. Fronteko lehen lerroan aritzeko asmoa zuten, bertara zaldiz iritsita, anbulantziak baina azkarrago iristen omen zirelako.
1914ko uztailaren 28an, Austria-Hungariak Serbiako Erresuma inbaditu zuen. Lehen Mundu Gerra piztu zen. Une hartan, gure protagonistak 38 urte zituen eta iloba nerabe batekin eta aitarekin bizi zen. Bere gauzak hartu eta, beste zazpi emakume ausartekin batera, St. Johneko anbulantzien unitatean sartu zen boluntario. Hor ibili zen, lehen lerroan, gero Serbiako Gurutze Gorriarekin bat eginez.
1915eko abenduan, Serbia ia inbadituta zegoen. Erresuma Batura itzuli edo bertako Armadan geratzea behar zuen erabaki Florak. Soldadu bezala sartu zen bigarren Erregimentuan. Armadan sartzea ezinezkoa zen Mendebaldeko emakumeentzat urte haietan, baina, ordea, Balkanetan ez zen batere ezohikoa, ‘zin egindako birjinak’ formula ohikoa zelako. Hau da, gizon baten ‘babesik’ gabe geratzen ziren landa-eremuko emakumeei ahalmena ematen zitzaien familiaburuaren papera hartzeko eta armak erabiltzeko.
Beraz, Flora ez zen Armada serbiarreko soldadu bakarra izan, baina bai soldadu gisa parte hartu zuen ingeles bakarra. Larriki zauritu zuten eta Karageedeko Izarra (Serbiako Gobernuaren ohore militar gorena) eman zioten. 1922ko urrian, Flora desmobilizatu egin zuten, baina Serbian gelditzea hautatu zuen.
51 urte zituenean, Errusiako Armada Zuriko ofizial ohi batekin ezkondu zen. Yurie Yudenitch deitzen zen, bera baino 12 urte gazteagoa zen.
Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Gestapok atxilotu zuen Flora. Handik gutxira, Yurie senarra gaixotu eta hil egin zitzaion. Hala ere, Florak alemaniarrek okupatutako Belgraden jarraitu zuen bizitzen Jugoslavia askatu zuten arte.
Pobretuta eta bakarrik, Serbia uztea erabaki zuen eta Ingalaterrara itzuli zen. 1956an, 80 urte zituela, zendu zen. Bizitza aspergarriaz kexu zen bere azken urteetan.


