Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevista
GISELLA GIL BUXADE
KOSMETIKA EMOZIONALAREN SORTZAILE ETA BULTZATZAILEA

«Azalak isiltzen duguna oihukatzen du, gure emozioen ahotsa da»

Gisella Gil Buxadek «Cosmética Emocional» metodoa eta boutique marka sortu zituen 2016an, eta izen bereko liburua kaleratu du orain. Zaintzeko modu berriak esploratzera gonbidatzen gaitu.

Gisella Gil Buxade.
Gisella Gil Buxade. (Argazkiak: Lidia LADERA - Paulina ALESHKINA)

Gisella Gil Buxade Bartzelonakoa da, baina bere bezeroen %80 euskal herritarrak dira eta Donostian aurkeztu zuen “Cosmética emocional” liburua 2025 amaieran. Gero Andorrara joan zen eta solasaldi lasai eta sakona izan genuen han zela, elkarren azalak laztanduz.

«Bilatu gabe etorri zen» kosmetika emozionala bere bizitzara. «2016an industria farmazeutikoan lan egiteari utzi nion. Ordurako bi lanak bateratzen nituen: farmaziakoa eta naturopatia kontsulta. Baina enpresa berean kointziditu nuen mutil-lagunarekin eta bietako batek alde egin behar izan zuen ez zigutelako elkarrekin lan egiten uzten. Hamazazpi urte neramatzan eta laborategi batetik bertzera joan ordez, naturopatia kontsultarekin bakarrik probatzea erabaki nuen».

Naturopata gisa elikadura-osagarriak eta bizi estiloaren aldaketak aholkatzen zituen. Bach loreen tantak ere ematen zituen. «Hurrengo kontsultan, aldaketa sumatzen nien aurpegian eta azalean, eta beraiek ere aunitzez hobeki sentitzen zirela erraten zidaten».

Orduan, Bach loreak gehituta kremak pertsonalizatzea bururatu zitzaion. «Pozarren itzultzen ziren. Kontsulta utzi eta gero ere deitzen jarraitzen zuten kremak eskatzeko. Ordutik gaur arte, hamar urte izan dira». Noski, marka eta metodoa aunitz garatu da hasiera horretatik. «Hamar urteotan ikertzen aritu naiz eta puzzlearen piezak elkartzen joan naiz: deskodetzea, neurozientziaren oinarriak, erresonantzia printzipioaren legea, terapia energetikoa... Cosmética Emocional osatu arte».

Energian oinarritua

Liburuan jasota daude kosmetika emozionalaren sustrai sendoak, batez ere energian oinarrituak. «Bizitzan ez da energia kontuan hartzen; materian gelditu gara, ez dugu frekuentzietatik, bioenergiatik bizitzeko saltoa eman. Nik honi eskaintzen diot bizitza. Hitzen informazioaren bidez, energiaren bidez, biokimika bat sortzen da, eta gero biokimikak fisika bat eraikitzen du. Oinarritik, ongizatetik eraikitzen da azal osasuntsu bat», adierazi du.

Ohiko kosmetikan, ordea, dena da “anti”: zimurren aurka, adinaren aurka, haurdunaldiko ildasken aurka, zelulitisaren aurka... Ez da pertsonaren ongizatea bilatzen. «Bizi osoan erosi ditugu polit egoteko produktuak inperfektuak garela sinetsita. Marketin maltzurra da. Gaizki sentiarazten gaitu zerbait erosteko», kritikatu du.

Naturopatiaren printzipioak, aldiz, prebentzioa eta ongizatea dira, bizi osasuntsua eta begirada holistikoa, parterik fisikoenetik espiritualenera. Azalaren zaintza hor sartzen da. «Orduan lortuko dut gaztetasuna luzatzea, telomeroak luzatzea, erradikal libreei eta estres oxidatzaileari buelta ematea; koherentziatik, ez borrokatik».

Gilen ustez, kosmetika tradizionala zaharkitua gelditu da. Kosmetika naturala izateak ere ez du erran nahi kosmetika energetikoa denik. Energian oinarritutako kosmetika proposatzen du, kosmetika bizia. «Azala organorik handiena da, gehien sentitzen duena, eta bizirik dagoela aitortzea behar du barnetik berritzeko».

Azala hilabetero berritzen da, baina denborarekin mantsotu egiten da berritze hori; horregatik zahartzen gara. Ohiko kosmetikak berritze hori estimulatzen du. «Ongi dago. Noizean behin nik ere parte fisikoa lantzen dut. Baina ez da batere koherentea kolageno tratamenduak egitea eta gure egunerokotasunean etengabe kortisola sortzea, kolagenoa suntsitzen duena».

Koherentzia

Loaren kalitateaz eta koherentziaz mintzo da Gil. Etsipenak eta harmonia faltak pila bat zahartzen duela ohartarazten du. «Informazio hori bioelektrika da, zelulan inpaktatzen du zuzenean, eta kimika sortzen du. Hortik abiatuta kortisola sortuko duzu, adrenalina, endorfinak, oxitozina... eta horrek lagunduko du zure parte fisikoagoa eraikitzen. Endorfina sortzen baduzu osasuna eta argitasuna emanen diozu azalari, dopamina sortzen baduzu elastikotasuna, GABA sortzen baduzu kortisolari kontra eginen diozu. Kortisola sortzen baduzu, ordea, odola toxikoz beteko duzu».

Azaldu duenez, horrek bainatzen ditu aurpegiko zelulak, eta, zelulak toxikoz bustita daudenean (elikagaienak eta emozionalak), mudatu egin behar dute inguru horretara egokitzeko eta babesteko. Gehiegizko toxikotasunean hil eginen lirateke eta zelulak bizirauteko programatuta daude. Egitura aldatzen dute eta egitura aldaketa hori estres oxidatzailearen hasiera da.

Zelulen ingurua garbi mantendu behar dugula dio, garbi janez eta ongi sentituz. «Janari fisikoa bezain garrantzitsua da emozionala, eta emozionalean galdu egiten gara. Pentsatzen dugu kolagenozko krema batek gazte mantenduko gaituela, baina akatsa da hori, zaintzaren parte ñimiño batean gelditzen garelako. Barnetik eraiki behar dugu, barnetik ongi lan egin. Nola begiratzen diot nire buruari ispiluan? Zer erraten diot? Horrek ere baldintzatuko du azalaren osasuna. Hor lan handia dago egiteko. Gainera, kosmetikaren industriak ez du honen alde eginen, ez duelako saltzen».

Berak emultsionatzailerik, kontserbagarririk eta egonkortzailerik gabe formulatzen ditu kremak. «Dena dator naturatik eta printzipio aktiboetatik. Produktu onak dira, elikatzen dutenak, biziak, energia ematen dutenak. Horrez gain, egunerokoan akonpainatzen dut jendea, behar duen biokimika hori sor dezan», esplikatu du.

Azala eta garuna

Azala eta garuna osagai beraz eginak daude biologikoki. Bikote banaezina dira eta mezuak bidaltzen dizkiote elkarri. «Azalean gertatzen den guztia garunean ere gertatzen da eta garunean gertatzen den guztia azalean islatzen da. Konektatuta daude une oro, denerako. Abesti bat aditu eta oilo-ipurdia jartzen zaizunean, hitz bat erran eta lotsagorritzen zarenean... Izugarria iruditzen zait harreman hori ukimenetik harago gauzatzea. Frekuentzia bidezko azalaren etorkizuneko tratamenduaren gakoa da, nire ustez. Azalak ukitu gabe ere erantzuten du. Azalaren hiztegia energia baita, ez materia».

Kosmetikan aditzera ohituta gauden elementu guztiek parterik fisikoenari erantzuten diote, azalekoenari. Baina azalean benetan eragin nahi badugu, bere hizkeran solastatu, zer erraten ari zaigun jakin, frekuentzietara jo behar dugu Gilek aldarrikatu duenez.

Azalaren mezuak

Azaleko “arazoak” azalak eman nahi dizkigun mezuak dira, gure barnean gertatzen ari denaren abisuak. Are gehiago, kosmetika emozionalaren sortzailearen arabera, azaleko arazoak ez dira arazoak, hizkera bat baizik. «Erraten ari zaiguna arazo bat balitz bezala tratatzen dugu azala, baina isiltzen duguna oihukatzen du, eztanda egin aitzinetik gure ordez mintzo da. Gure barnearen eta kanpoaren arteko konexioa da. Gure emozioen ahotsa».

Hagitz barneratuak ditugu gauza batzuk: gorritu bazara, lotsatuta zaude; zuri bazaude, gaizki zaude; izerditan bazaude, urduri zaude. Baina rosazea edo akne arrosa baduzu ez dizu inork erraten zure osotasunaren aurkako eraso bat sufritzen ari zarenik.

Rosazea duten emakume aunitzek gauza bat dute amankomunean, kontsultan ikusi duenez: espazioaren galera bat. Eta erasoa, sarri, beraiek egiten diote beraien buruari, emozio bero batekin, rosazea beroa baita. Eutsitako amorru indartsu bat dago, ez dakigulako adierazten edo gaizki ikusia dagoela uste dugulako.

Naturopatak agertu duenez, hizkera berri bat da hau. Zientziaren, emozioaren eta edertasun kontzientearen arteko zubi bat. Emozioak, garuna eta azala dira ardatza.

Liburuaren helburua hainbertze urtean landutako informazio hori guztia lurreratzea da. Alderdi zientifikoaren eta dibulgatzailearen arteko oreka bilatu du, adibideak emanez eta zientziarekin kontrastatuz. Dibulgatzen eta paradigma berri hau elikatzen jarraitzea da asmoa, jendearen kontzientzia pizteko, azala zaintzeko bertze leku bat aurkitu dezan.

Izan ere, ohartarazi duenez, «gezurra erosten diogun sektore bakarretakoa» da kosmetika. «Bertze sektore batek gezurra erranen baligu, kontu eske joanen ginateke. Baina inor ez doa krema batekin zera erranez: ‘Hamar egunean zimur gutxiago izanen nituela agindu zenidan eta ez da hala izan’». Horregatik, metodologiaz harago, kosmetika-linea bat sortu nahi izan zuen. «Bezeroek harrituta idazten zidaten: ‘Funtzionatzen du!’. Jakina. Konfiantza osoa dudalako sartu naiz honetan».

Azalaren zaintzan posible denaren lurraldera hurbildu baino ez garela egin dio. Esploratzeko aunitz dago. «Orain hasi gara frekuentzien esparrua ezagutzen eta hor unibertso handi bat zabaltzen da, medikuntzaren paradigma ere erabat alda dezakeena. Baina hor munstro izugarri batekin egiten dugu topo: industria farmazeutikoarekin. Hamazazpi urte eman nituen bertan eta munstro hori ez du inork gelditzen. Ez nago inola ere industria honen kontra. Nire ustez, dena batuz irabazi egiten dugu. Gertatzen dena da, mundu gero eta dualago honetan, doktrinatu egiten gaituztela alde batekoak edo bertzekoak izan gaitezen. Baina ez. Dena da perfektua bere lekuan eta neurrian», egin du gogoeta.

Azalaren egoerak

Gisella Gilen arabera, ez dago azal motarik, azalaren egoerak daude. Eta emozionala landuz rosazea, aknea, dermatitisa eta psoriasia senda ditzakezu. Horiek azalaren eritasunak kontsideratzen dira, baina azal lehorra, koipetsua edo aknerako joera duena ez dira gaixotasun bezala hartzen, azal motak direla erraten da. Kosmetika emozionalaren begiradatik, dena berdina da.

«Zure azala joera baten bidez adierazten da, lehortasunaren bidez edo rosazearen bidez, baina, finean, barneko desoreka bat da modu jakin batean agertzeko joera duena, zuk ere kanpo munduko gatazkei era jakin batean aurre egiteko joera duzulako».

Azaldu duenez, zerotik zazpi urtera gure informazioa grabatzen dugu, eta zazpi urtetatik aitzinera, normalki, errepikatu egiten dugu. «Grabatu duzunaren arabera, zure erantzunak joera bat izanen du zure bizitzan. Beldurra nagusi zen giro batean hazi bazara eta beldurra grabatzen baduzu, bizian gertatuko zaizkizun pasarte guztiak toki horretatik bizitzea izanen da zure joera naturala, betaurreko horiekin ikusten baituzu mundua».

Praktikarako lehen urratsak

Liburuaren azken partean, kosmetika emozionala praktikatzeko lehendabiziko urratsak azaltzen ditu. Azalaren urtaroak oroitarazten ditu, bistakoa baita azala ez dela berdin adierazten udaberrian eta neguan. Esposizioa -haizea, eguzkia, hotza...- aldatu egiten da urtaroaren arabera, eta gure jarrera emozionala ere bai.

Udazkena eta negua dira Gisella Gilek tailerrak egiteko gogokoen dituen urtaroak, sakontzeko garaiak direlako biak, batez ere negua, urak mugitzen dituelako. Pixontziarekin eta giltzurrunekin lotuta dago urte sasoi hau.

«Negua sotora jaistea da. Energia hagitz yin da, hagitz sakona. Animaliak hibernatzen ari dira, zuhaitzak hostorik gabe daude, dena geldirik dago. Hortaz, gure buruarekin egoteko momentua da, bildua. Urak, sinbolikoki, emozioak dira. Emozio sakonak begiratzeko momentua da, beraz. Ametsak, ilusioak, mugitzen gaituen hori bilatzekoa, udaberria iristen denean askatu eta pizkundearen zerbitzura jarri ahal izan dezagun».

Negua zain egoteko garaia da, garbitzekoa. «Bitxia da gaur egungo jendarteak urte osoan produktibo izateko hezi gaituela, naturan ez baitago deus urte osoan zehar fruitua ematen duenik. Denbora osoan produzitu eta fruituak eman behar ditugula sartu digute buruan, baina hori naturaren kontrakoa da. Naturaren zikloetan soroari atseden hartzen utzi behar zaio. Bildu egin behar da, moztu, garbitu, berriz erein, eta berriz fruituari itxaron. Guk, aldiz, azala eder izan eta produktibo izan nahi dugu urteko 365 egunetan, emozionalki goian egon egun osoan... Ezinezkoa da, zikloak baitira».

Aholkatu duenez, neguan aunitz zaindu behar dira barneko urak. Salda bero aunitz hartu behar da, kolore iluneko elikagaiak ere bai, eta entsaladak eta hotza ekidin.

«Mundua beldurraren betaurrekoetatik ikusten dugunok kontuan hartu behar dugu neguan beldurrak izugarri handitzen direla eta emozio horiek akonpainatu behar ditugula. Beren espazioa eman, sentitu eta pasatu. Denboran luzatutako beldurrak zahartu egiten gaitu. Ia dena mehatxu gisa ikusiz bizitzea hagitz estresagarria da. Amigdalari konektatuta, kortisola sortzen ari gara egun osoan».

Errezetak

Liburuaren amaieran, eguneroko bizitzarako oinarrizko errezeta batzuk ageri dira, urtaroen arabera banatuak. Dietan sartzeko 11 elikagai ere gomendatzen ditu.

Gogoeta batekin bukatzen du: «Eritasuna, azalarena edo bertze edozein organorena, dimentsio osoan -fisikoa, mentala, espirituala, emozionala- zuzenki proportzionala da bizitzara konektatzen zaituenaren eta zure egiazko bizitzaren arteko distantziarekiko. Zure zentrotik zenbat eta urrunago bizi, gaixotasunak garatzeko joera handiagoa izanen duzu. Aldiz, zarena aitortu eta onartzen duzunean, zure izatearen alde guztiak sartuz, bizitza isuri eta arima zabaltzen da».

Aunitz inspiratu du Max Gerson doktoreak. Hark printzipio sinple bat aipatzen du, bizitzaren arlo guztietan aplikatzen ahal dena: «Bi motibo soilik daude gaixotzeko: falta eta intoxikazioa». Liburua ixteko borobila iruditu zitzaion.

Liburua gida bat izatea da asmoa, kontsultatzeko, errezetak egiteko, inspiratzeko. «Egiazki bizitzeko gonbidapen bat da. Egiarako gonbidapen bat. Garrantzitsua da nola bizi garen: kontua ez da zer gertatzen den, nola bizitzen dugun baizik. Ez dago emozio negatiborik eta positiborik. Sentitzeko dira, baina ito egiten ditugu. Nondik zaintzen gara? Zahartzeko beldurretik egiten badugu, eta hori ikusi nuen nigan, gelditu eta beldur horri kasu egin behar diogu, gainontzeko guztiarekin tapatu baino lehen. Tailerretan beti lantzen dugu hori: nondik. Gakoa da hori denerako».

Gauza bat aitortu digu: proiektu honen erdialdean, nahi ez zuen leku batera zihoala ohartu zen. «2022 bukaeran gelditu egin nintzen. Konturatu nintzen nire zauriari erantzuten ari nintzela markarekin; ikusia eta aitortua izateko nire zauriari. Nire burua suntsitzen ari nintzen maitasun eskean. Gauza bat da zauritik bizitzea eta bertze bat esentziatik. Hagitz ongi ezberdintzen hasi naiz bizitzan zerbait bertzeei gustatzeko egiten dudan ala esentziatik egiten dudan. Gorputzak markatzen dit. Gorputza uzkurtzen bada, zauria ari da lanean. Gorputza kontent badago, lasai, esentziatik ari naiz. Gozamena sartzen da hor», adierazi du.