Herrira itzulera

Muneko Goikoa Farmhouse proiektua.
Muneko Goikoa Farmhouse proiektua. (ACHA ZABALLA ESTUDIOA)

Interneteko sakontasunak arakatzeko joera baduzue, Ameriketako Estatu Batuetan hasi eta mundu osora zabaldu den korronte batekin egingo zenuten topo agian. Gazteleraz preparacionismo deitzen zaio eta, laburbilduz, gure gizartearen kolapso baten aurrean prest egoteko teknikak garatzean oinarritzen da.

Gurean ere bada Basquecraft izenpean mugimendu honen aurpegirik naturalistena sustatzen duen eduki sortzaile bat. Estatubatuar paranoiatik urrun, bere edukiak basoan gaua pasatu, tresnak egin eta bestelako biziraute ikasgaiak ematean oinarritzen da. Baina, noizbehinka, egunerokotasunari begiratzen dion edukirik ere igo izan du. Urtarrilean igotako bideo batean, mendialdean etxe bat erosi eta familia proiektu bat hasteko gogoa azaldu zuen, eta prozesu horretan aurkitu dituen traba, zailtasun eta zentzugabekeriez ohartarazi zuen. Bere salaketak, gure gizarteak funtzionatzeko duen joera guztiz kontraesankor bat agerian uzten du. Diskurtsiboki herrietako bizitza sustatu behar dela, herriak gaztetu eta mantendu behar direla diogun bitartean, haietara mugitu nahi dutenen ekimenak izugarri zailtzen dituen arau marko bat sortu dugu.

Arazoaren muinean «lurzoru ez urbanizagarri» deritzon landa eremuaren ulerkera ezegoki bat dago. Lurzoru ez urbanizagarria, printzipioz, hiri eta herrietatik at dagoen eremu horrek guztiak osatzen du: basoek, larreek, zelaiek… baita herrixkek («landagune» deituak) eta baserri sakabanatuek ere. Lurralde horretan badira milaka eraikin zahar, huts, erori edota erortzear daudenak, jatorrian izan zuten erabilerarekin jarraitzeko ezegokiak direnak, baina erabilera berriak izatea eragozten zaiena. 2006ko lurzoruaren legearen helburuetako bat da landa eremuen izaera rural edo landatarra mantentzea eta urbanizazioa eta hiri jarduerak haietan kontrolik gabe hedatzea saihestea. Horretarako, bizitegi erabilera, espekulazioaren ikuspuntutik errentagarriena, asko mugatzen da bertan, baina mugaketa horrek eraikinak zaharberritu eta bertan biztanleria berria finkatzeko aukerak izugarri murrizten ditu.

Baserriak birgaitzerako orduan, jatorrizko etxe kopurua bikoiztu daiteke gehienez, normalena bi etxe egin ahal izatea izanik. 600 metro koadrotik gorako baserriak ohikoak izanik, zaharberritzea ordaintzeak ia ezinezkoa izaten jarraitzen du, baita bi familiaren artean ere.

Egoera are okerragoa da inoiz etxe erabilera izan ez duten bestelako eraikuntzetan: bordak, errotak, ukuiluak... Horietan ez da posible erabilera aldaketarik egitea eta horrek eraikuntzon hondamendia dakar nahitaez. Inork ez du dirutza gastatuko egur eta harrizko korta bat konpontzen bertan ezin badu ezer egin. Eraikinotako askok aukera ematen dute herri txikietara familia berriak erakartzeko edo herrixkotan bizi diren familien seme-alabak bertan geratzeko, baina erabilera muga horiek ezinezko egiten dute egonkortze hori.

Hori gutxi balitz, eraikin hutsoi abeltzaintza erabilera ematea ere izugarri zaila izaten da, ez soilik eraikuntza zaharraren ezegokitasunagatik, baizik eta ingurumen babeserako araudiek, abeltzaintza esplotazioetatik biziguneetara (baita «landagune» deritzon horietara) gutxieneko distantzia batzuk ezartzen dituelako. Horrek esan nahi du abeltzaintzan hasi edo jarraitzeko, askotan esplotazioak nukleotik atera behar dituztela horrek dakartzan gastu eta eragozpenekin.

Herri txikien huste etengabearen aurrean, araudiak landa eremuen inguruan duen ikuspegi bukolikoari itzuli bat eman beharko litzaioke, bertara mugitzeko bizi hautua egin nahi duten horiei bidea erraztuz. Hori ez da txaletak sustatuz egiten, eraikita dagoena aprobetxatzeko aukerak emanez baizik.

Duela urte batzuk, Gordexolan, Ametxe proiektu kooperatiboak XVII. mendeko baserri bat berregokitu zuen eta orain bertan hainbat familia bizi dira jabetza eta espazioak partekatuz, landa inguruan euren seme-alabak haziz eta herria biziberritzen lagunduz. Mota horretako ekimenetara irekitzeak, araudia egokitzeak eta landa munduko egoerari seriotasun eta zentzuz erantzuteak, agian, bidea irekiko du natura horrenbeste maite duela dion gizarte batek, benetan, bertan bizitzeko hautua egin dezan, benetan natura zaintzen laguntzeko. Preparatu dezagun ba bidea. •