Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Baina, informatika ez al da zaila?

EHUren Informatika Fakultateak 50 urte bete ditu. Pentsa zenbat aldatu eta garatu den teknologia azken mende erdian. Emakume informatikarien egoera gutxixeago aldatu da seguruen. Garai desberdinak ezagutu dituzten bost emakumek marraztu dute bidearen nolakotasuna.

Goian, emakume informatikarien mahai inguruko parte hartzaileak. Ezker-eskuin, Maider Azanza, Susana Mendiola, Nerea Alberdi, Ana Peña eta Oneka Jauregi.
Goian, emakume informatikarien mahai inguruko parte hartzaileak. Ezker-eskuin, Maider Azanza, Susana Mendiola, Nerea Alberdi, Ana Peña eta Oneka Jauregi. (Andoni CANELLADA | FOKU)

EHUko Donostiako Informatika Fakultateak 50 urte bete berri ditu, pasa den martxoaren 4an hain justu. Egun horretan bertan, mahai ingurua antolatu zuten fakultatean, “EHUko Informatikak 50 urte. Bost emakumeren begirada” izenburuarekin. Mende erdiko bidean, Informatika ikasi duten eta alor horretan lan egiten duten bost emakumeren testigantzek ederki laguntzen dute mende erdiko bideak izan dituen bihurgune zenbait identifikatzen.

Susana Mendiola Olaetxea 1986an lizentziatu zen Informatikan. Mondragon Taldean hasi zuen bere ibilbide profesionala. Han hainbat ardura izan eta gero -aplikazioen garapenean, sistema eta komunikazio sareetan...-, bankuen mundura pasa zen eta bertan lan egin du ia 30 urtez. Informazio sistemen eta zibersegurtasuneko sistemen auditoretzak egiten aritu da. Azken hiru urteotan auditore independentea da eta informazio sistemen segurtasuna egiaztatzeko auditoretzak egiten ditu.

 

Susana Mendiola. Andoni CANELLADA | FOKU

Susana Mendiola: «Desberdintasunez kontziente izan nintzen lehen aldia lana bilatzen hasi nintzenean izan zen. Lan eskaintza batera deitu eta zuzenean esan zidaten ez zutela emakumerik nahi. ‘Ze arraroa’ pentsatu nuen inuzente».

Ana Peña Suarezek 1995. urtean bukatu zuen Informatika lizentziatura. Arlo pribatu zein publikoko IKT zerbitzuetako hainbat enpresatan lan egin du eta 2022. urteaz geroztik Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteko lantaldeko kidea da.

Ana Peña. Andoni CANELLADA | FOKU

Ana Peña: «Desberdintasunak soldatan, gora egiteko aukeretan... konstante bat da. Gizon itzultzaileak ere badaude. Adibidez,  nagusiarekin gai baten inguruan eztabaidan aritu eta ondotik esaten dutenak: ‘berak esan nahi duena da...’».

Maider Azanza Sese Informatikan ingeniaria da 2005etik eta doktorea 2011. urtetik. Fakultateko irakaslea eta ikertzailea da. Honekin taldeko ikerlaria da eta bere ikerketa ildoa software garapenean alderdi teknikoak eta giza alderdiak nola elkartzen diren da.

Maider Azanza. Andoni CANELLADA | FOKU

«Fakultate garaian Parte Zaharrean mutil kuadrilla batekin elkartu ginen. Batek galdetu zidan ea zer ikasten nuen eta nik erantzun nion: ‘Informatika’. Eta bere erreakzioa bitxia izan zen: ‘Baina, hori ez al da zaila?’».

Nerea Alberdi Odriozola Informatikan ingeniaria da 2007. urtetik. Robotikan eta ikusmen artifizialean espezializatua dago industria arloan. Tecnalian egiten du lan. Inspira Steam bezalako proiektuetan parte hartzen du gaztetxoak eta batez ere neskak zientziaren alorrera erakartzeko.

Nerea Alberdi. Andoni CANELLADA | FOKU

«Nire hitzak gutxiago balio zuen. Behin, nagusiarekin ari nintzen nik egindako aplikazio baten inguruan. ‘Hau nola da?’ galdetu zuen. Nik erantzun nion, ‘horrela’. Buelta eman eta gizonezko lankideei galdetu zien, ‘hori horrela da?’».

Oneka Jauregi Miquelarena Informatika ingeniaritzan graduatu zen 2016. urtean eta ondoren Hizkuntzalaritza Konputazionaleko masterra egin zuen. Informatikari gisa lanean aritu da Uzein eta orain Euskaltzaindian egiten du lan.

Oneka Jauregi. Andoni CANELLADA | FOKU

«Sentitu izan dut neska txiki bati bezala hitz egin didatela. Beste batzuetan zuzenean ez naiz ausartu zerbait esatera. Saiatzen naiz nire buruari oroitarazten badakidala egiten eta banaizela gai. Adinak eta feminismoak laguntzen dute».

Bost informatikari goi mailako formakuntzarekin, lan ibilbide oparoarekin eta, emakume izate hutsagatik, zenbait esperientzia kaskar partekaturekin. Inpostorearen sindromeak salto egin du belaunaldi batetik bestera.

ZIENTZIAK MAITE DITUZTEN EMAKUMEAK

Olatz Arbelaitz Gallegok egin zituen mahai inguruan gidari lanak eta denboraren lerrotik gaur egunera ekarri zituen hizlariak. Hortaz, lehen galdera Informatika zergatik hautatu zuten izan zen. «Nire garaian, dena ikusteko zegoen, Informatika eta Teknologia etorkizuneko zientziak izango zirela uste zen, lanerako aukerak izango zirela alor horietan eta horregatik hasi nintzen ikasten. Emakumeak %30 inguru ginen klasean. Fakultatean emandako urteetan ni ez nintzen kontziente emakumeen eta gizonen artean igarriko nituen desberdintasunez. Lan munduan ikusi eta sufritu ditut desberdintasun horiek», esan zuen Susana Mendiolak.

Maider Azanza Telekomunikazio Ingeniaritza ikasten hasi zen Bilbon eta, hiru urteren buruan, Informatika Fakultatera aldatu zen. Aita informatikaria, horixe bere erreferentea. «Suedian, ikerketa batek Informatika ikasi duten emakumeen profila aztertu du. Ondorioztatu dutenez, kasu askotan zientzia eta matematika asko gustatzen zaien eta inguru hurbilean informatikariren bat duten emakumeak dira. Hurbil duzunean, estereotipo guztiak ahazteko aukera duzu», azaldu zuen. Bere garaian, ikasgelan %15-20 inguru ziren emakumeak, «hautazko ikasgairen batean, emakume bakarra nintzen».

«Gu ere emakume oso gutxi ginen, euskarazko klasean %15 inguru. Lehen egunean klasera sartu, neska bat ikusi nuen bakarrik eserita eta ondoan eseri nintzen zuzenean. Nire kasuan, matematika eta fisika oso gustukoak nituen eta aplikagarria zen zerbait egin nahi nuen. Udalekuetan Informatika ikasten zuen begirale bat neukan eta galdera mordoa egiten nizkion», agertu du Nerea Alberdik bere hasiera hura.

Fakultateko sentipenen kontaketa nahikoa antzekoa izan zen belaunaldi desberdinetako emakumeen artean; ikasle garaian ez zuten desparekotasunik sumatzen edo ez zuten, behintzat, horren kontzientziarik. Mahai inguruan zehar gehienek aitortu zutenez, «feminismoaren kontzientzia gerora etorri zitzaigun eta akaso horregatik ez ginen gauza batzuekin konturatzen».

LAN MUNDUAN LEHEN ZARTADA

Kontzientzia feministarekin edo gabe, lan munduan sartu orduko errealitatearen zartada sumatu zuten gehienek.

Esanguratsua da mahaiko informatikari nagusienaren testigantza: «Desberdintasunez kontziente izan nintzen lehen aldia lana bilatzen hasi nintzenean izan zen. Hemen, fakultateko kafetegian, lan eskaintzak jartzen zituzten. Fakultateko telefono publikotik bertatik deitu genuen lan eskaintza egiten zuen enpresara. Informatikan lizentziadunak bilatzen zituzten. Lagun bat eta biok ginen ondoan eta nik deitu nuen. Lan eskaintzagatik deitzen nuela esan nion. Eta zuzenean esan zidaten ez zutela emakumerik nahi. Lagunari esan nion -emakumea bera ere-, ‘badakizu zer esan didaten? Ez dutela emakumezkorik nahi. Ze arraroa ezta?’, esan genuen inuzente. Gero, zeuden lan eskaintza guztietara aurkezten ginen. Gure ikaskideekin joaten ginen, gizonezkoak. Haiek lana topatzen zuten eta guk ez. Guk ez genuen lanposturik lortu Mondragon Taldeko promozio batera aurkeztu ginen arte. Lan eskaintza masibo bat egin zuten. Horietatik sei aukeratu zituzten eta ni horietako bat izan nintzen. Eta nire lagunak lan eskaintza publiko batean».

Maider Azanzak ikerketa pare bat jarri zituen mahaian desparekotasuna azaltzeko. «Desberdintasuna benetan lanean hasi nintzen nabaritzen. Suposatzen da mundu akademikoa eta ikerlariarena oso meritokratikoa dela, baina aurreiritziak egon badaude oraindik ere. Ikerlaria izanik, zientziaren bila joan naiz: 2012an ikerketa bat egin zuten, non eskatu zieten unibertsitateko irakasleei curriculum batzuk baloratzeko laborategiko buruak kontratatzeko. Guztiz ausaz eman zituzten eta erdiak Jon ziren, eta, beste erdiak, Jennifer. Curriculum berdinak ziren. Desberdintasun handiak azaleratu ziren emandako puntuazioetan eta eskainitako soldatetan. Badago beste artikulu bat oso aipatua. Suedian egin zuten ikerketa bat doktorego ondorengo bekak eskatzeko garaian eta gauza bera gertatu zen. Ebaluatzen zutenek -eta gizonak eta emakumeak ziren- askoz hobeto ebaluatzen zituzten gizonezkoen curriculumak».

Ana Peñaren bizipenek ere zer pentsatua ematen dute: «Desberdintasunak soldatetan, gora egiteko aukeretan... konstante bat izan da sektore pribatuan. Sektore publikoan gutxiago. Lanean hasi nintzenean, konturatu nintzen nire lankide gizonezko batzuek, nahiz eta nire formakuntzarik ez izan, ez hizkuntza ezagutzarik, ez esperientziarik, nik baino gehiago irabazten zutela, nahiz eta nik lan karga handiagoa izan. Web euskarrien taldeko arduradun egin ninduten enpresa batean, dohain. Ardura gehiago jarri zizkidaten soldata berdinarekin. Protesta egin eta sei hilabeteko epea eman zidaten, proba modura. Sei hilabeteak pasata gogorarazi nien eta erantzun zidaten ea nork esan zidan hori, asmatzen ari nintzela. Beste enpresa batean proiektuen arduradun bezala egon nintzen. Promozionatzen joaten ginen neurrian, konturatzen nintzen niri ez zidatela soldata igotzen, aldiz nire azpitik zetozen eta promozionatzen zuten gizonezkoei soldata igotzen zieten. Ni beti dohain. Badira bestelako desberdintasunak ere. Bileretan hitz egiten duzu eta ikusezina zara. Ez dizute erantzun ere egiten, eta, batzuetan, ematen du haserretu egiten direla zerbait zuzentzen diezunean. Nire lan ibilbidean konturatu naiz zorion mezuak beti gizonezkoei zuzentzen dizkietela, ez emakumezkoei. Niri zorion mezuren bat iritsi zait, baina ezkutuan bezala, emailean kopian inor jarri gabe. Aldiz, gizonezkoen zorion mezuak kopiarekin iristen ziren. Gero, gizon itzultzaileak ere badaude. Adibidez, nire nagusiarekin gai baten inguruan eztabaidan aritu eta ondotik esaten dutenak: ‘berak esan nahi duena da...’».

«Konturatzen nintzen nire hitzak nire lankide gizonezkoenak baino gutxiago balio zuela. Behin, nire nagusiarekin nengoen nik egindako aplikazio bati buruz hitz egiten. Ondoan zeuden beste bi lankide. Galdetu zuen ‘hau nola da?’. Nik erantzun nion, ‘horrela’. Nik eman nion erantzuna. Buelta eman eta beste biei galdetu zien, ‘hori horrela da?’. Sutan jarri nintzen, nik banekien nola zen. Diskriminazioak maiz oso sotilak dira. Ez dira nabarmenak, baina badaude. Oso baxu hitz egiten nuela ere esan zidaten. Borrokan jarraitzen dut. Ni saiatzen naiz atzetik datozenei hitza ematen eta entzuten», kontatu zuen Nerea Alberdik.

«Inpostorearen sindromea oso presente izaten dut. Gehiengoa gizonezkoak izate horrek oraindik gehiago eragiten du. Erasmusean bertan pentsatzen nuen beste herrialdeetako ikasleek gehiago zekitela. Hitz aunitz zeuzkaten, baina lanean hasten nintzenean berdin edo hobe egiten nuela konturatzen nintzen. Lan munduan ere gertatzen zait, ez naizela nire ideiak aurkezten saiatzen. Konfiantza indartzeko estrategiak erabiltzen ditut, nire buruari esaten nire ideiak onak izan daitezkeela, eta, txarrak izanda ere, ez dela ezer pasatzen. Saiatzen naiz nire buruari oroitarazten badakidala egiten eta banaizela gai», adierazi zuen Oneka Jauregik.

Orokorrean, mahaian eseri ziren bost emakume informatikariek ideia bat ekarri zuten behin eta berriz: ardurak izatera iritsi diren emakumeek hiru aldiz gehiago demostratu behar izan dute haien gaitasuna gizonezkoekin konparatuta. Nabarmendu zutenez, inoiz ez dute ikusi formakuntzarik gabeko emakumerik ardura postuetan. Gizonezkoak, aldiz, asko.

Amaitzeko, Susana Mendiolak inpostorearen sindromea sendatzeko antidotoa ere eman zuen: «Urteen joanean konturatu naiz inpostorearen sindromea pixka bat sendatu egiten zaizula inguruko lankide gizonezko batzuei begiratu eta benetako inpostorez inguratuta zaudela konturatzen zarenean».