Juantxo Egaña
Argazkilaria

Erraketistak, 1957an Habanara iristen

(EGILE EZEZAGUNA. JOSE MARIA URRUTIA BILDUMA (GERNIKA).)

Madrilen argitaratutako “Crónica” aldizkari grafikoak tarte nabarmena eskaini zien euskal erraketistei 1936ko martxoaren 15eko alean. Gabriel Trillas Blazquez kirol-kazetariak sinatutako aipamenean, garai hartan kirolean estatus profesionala zuten emakume bakarrak pilotariak zirela azpimarratzen zen, gehienak eibartarrak. Trillasek konparazio berezi baten bidez justifikatzen zuen fenomeno horren jatorria: «... euskaldunak pilotan jokatzen jaiotzen dira, norvegiarrak bakailaoa arrantzatzen eta katalanak maton-ak jaten. Normala da Euskal Herria izatea emakumezkoen frontoietako inudea». Kronikariak zioenez, Bartzelonan baziren hogei bat kirolari gazte, eta hauxe ere gaineratzen zuen: «Asko eta bero hitz egiten dute, baina noizean behin euskaraz txantxaren bat egiten dizute». Erraketista, profesionaltasunaren arketipo gisa, bere diziplina zorrotzagatik zen eredugarria: goizez entrenatu egiten zuen eta, ostean, modu nekaezinean jarduten zuen lehian arratsaldez eta gauez. Lan-proiekzio hori sendotu egin zen hamarkadek aurrera egin ahala. 1957an, euskal prentsak jaso zuen Emilio Egiluz pilotari ohi eta enpresaria, ermuarra eta Habanako Jai Alai pilotalekuaren kudeatzaile ohia, Bartzelonan zegoela. Egiluzen helburua hiriko frontoietan nabarmentzen ziren erraketistak kontratatzea zen, Kubako hiriburura eramateko. Era berean, garaiko prentsak Eibarko erraketista eskolaren lana balioetsi zuen talentu harrobi agorrezin gisa. Kirolarion arrakasta ez zen kirol arlokoa bakarrik, ekonomikoa ere bazen; Kuban erraketistek jasotzen zituzten soldatak 700 dolarretara iristen ziren hilero. Artikulu hau ilustratzen duen egile ezezaguneko argazkian, 1957an Habanako portura iritsi zen euskal erraketista talde bat ikus daiteke.