
XX. mendeko artista handienetako bat izan zen Satyajit Ray: Zinemagilea, gidoilaria, dokumentalista, egilea, letragilea, aldizkarien editorea, ilustratzailea, kaligrafoa eta musika konpositorea ere izan zen. Indiako zinemagintza Mendebaldean ezagutzera eman zuen.
John Ford, Orson Wells edo Akira Kurosawa bezalako garaiko beste zuzendari handi batzuek miretsi egiten zuten eta Kurosawa hau esatera iritsi zen: «Rayren zinema ikusi ez izanak esan nahi du munduan existitzen zarela eguzkia eta ilargia ikusi gabe». Ondare zinematografiko zabala du, barne-koherentzia handikoa, baina askotan publiko zabalarentzat ezezaguna.
Gaizka Izagirre zinema kritikoarentzat, esaterako, ezinbesteko zinemagilea da. Hau idatzi izan du: «Satyajit Ray zuzendaria aipatzea ezinbestekoa iruditzen zait, Indiako zinemak emandako zinemagilerik bikainenetakoa. Ziurrenik, Mendebaldean gehien ezagutzen duguna. Jean Renoir zuzendariarekin lanean aritu zen ‘The River’ (1945) filmean. Neorrealismoaren eragina izan zuen hasieran. ‘Pather Panchali’ (1955), ‘Aparajito’ (1957) eta ‘Apur sansar’ (1959) filmek osatutako trilogian, Apu izeneko indiar baten bizitza kontatu zuen, eta bertako gizartearen aldaketak eta erlijioaren eta liberalismoaren arteko gatazka adierazi; Cannesen saritu zuten, eta ospe handia izan zuen nazioartean».
Bere beste lan aipagarriak ‘Jalsaghar’ (1958) filma, bere lan onenetarikotzat hartua; ‘Rabindranath Tagore’ (1961) dokumentala, Ray-k berak off-eko ahotsez kontatua; edo ‘Hiabjaan’ (1962) dira. Bitxikeria gisa, film luze honen protagonistak eragin zuzena izan zuen Travis Bickle (Robert De Nirok interpretatua) taxista zinikoaren pertsonaian, Martin Scorseseren ‘Taxi Driver’ (1976) filmean. Behin baino gehiagotan aitortu du Scorsesek Rayk eragin handia izan duela bere filmografian.


