Kolonbian zabalduta ez dagoen arren, indigena komunitate batzuetan oraindik neskatilen mutilazio genitala egiten da. Ehundaka dira ablazioa sufritzen duten umeak Risalda departamentuko mendietako zonaldean. Horrek haurtxo askoren heriotza dakar.
Alejrandrina Guasorna Embera Chami indigenak heldua izan arte ez zuen jakin bera ere mutilazio genitalaren biktima zela. Ahizpa nagusiari galdetu zion eta berak baieztatu egin zion. Guasorna nekazaria izateaz gain, bere familiako emakumeen emagina ere izan da, baina berak ez du mutilaziorik egin.
Mutilazio genitala arrunta den komunitatetan pentsatzen da ablazioa egin ez zaien neskatilak gizonekin asko ibiliko direla, edo euren klitoria gizonen zakil bat izateraino haziko dela. Mutilazio genitala haurra jaio eta berehala egiten da, eta sekretu moduko bat da.
«Haurtxoa lurperatua izan zedin ekartzen zuenari galdetzen zioten ea zer gertatu zen, eta ez zekiela ezer esaten zuen. Eta horrela gelditzen zen. Etengabe ekartzen zituzten neskatxoak hilda», kontatzen du Guasornak.
Pueblo Rico-ko Embera Chami erreserbaren zonaldean emakumeen arteko kidetasun bat dago, eta esaten dutenez jada ez dute ablaziorik egiten, eta sentsibilizazio tailerrak antolatzen dituzte. Baina beste zonalde batzuetan oraindik mutilatzen dituzte jaioberriak.
«Ikusten dugun arazoa da paziente batzuei septizemia sartzen zaiela eta hil egin daitezkeela. Horrez gain, mutilazioa oso handia denean, hau da, ezpainak ere mozten dituztenean eta uretraren eta baginaren sarrerak gelditzen direnean bakarrik, arazo ugari eman ditzake emakume horiek erditzen dutenean, zeren batzuetan ezin dira haurtxoak atera», azaldu du Sarita Patino San Rafael ospitaleko medikuak.
Ablazioarekin amaitzeko intentzioarekin, Embera komunitateko lider batzuek lege proiektu bat aurkeztu dute Kongresuan. Mutilazioak debekatzea espero dute, baina ez dute emaginen kontrako zigor gogorrik nahi, haiek ere biktimatzat hartzen dituztelako, ezjakintasunagatik. Hori dela eta, informazio egokia zabaltzeari ere ematen diote garrantzia.

