Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Inpunitatea eta gezurra, elkarren lagun

Nafarroako Gobernuak Iratxeko monasterioan jarri duen panelak dioenez, duela 50 urte Montejurran gertatu zena «anaien arteko borroka» izan zen. Aste honetan, gertakari haiek bertatik bertara bizi izan zituzten 90 pertsonak salatu dute panelak dioena bertsio ofiziala dela. Faltsua, alegia. Horren berri irakurri eta berehala etorri zitzaidan gogora egunkari honetako editorial bat, apirilaren 26koa. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintza euskal presoen askatasunerako bidea oztopatzen ahalegintzen ari dela zioen, eta «mendekuaren lobbyen» presioaren lagungarri den elementu bat aipatzen zuen: «Dagoeneko ez litzateke presorik egon behar. Are gutxiago, ez badira hasten torturatzaileak ere epaitzen».

Egun berean, Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren bezpera izanik, Joseba Sarrionandiaren oroiloreak ZAZPIKAko orrialdeetara ekarri zuen 1937ko apirilaren 27an Francok idatzi zuen telegrama: «La han incendiado y convertido en ruinas las hordas rojas al servicio del perverso y criminal Aguirre [que] ha lanzado la mentira infame -porque es un delincuente común- de atribuir a la heroica y noble aviación de nuestro ejército nacional este crimen...». Gezurra itsusia dela esan izan digute hainbat modutan pentsalari gehienek. Hala ere, Platonek justifikatu egiten du «beharrezko» gezurra, agintariek tresna politiko gisa erabilita beren gobernatuen hobe beharrez. Eta badirudi agintariek aintzat hartu zutela Platonen “Errepublika”-ko gogoeta hori.

Bitxia dela esan behar nuen, baina ez, konparazio hutsa da gogoraraztea Espainia demokratikoko gobernuetako ordezkariek, «borroka antiterroristaren» arduradunek eta hainbat kazetarik gogaitu arte errepikatu izan dutela euskal militanteak «gaizkile arruntak» direla. Preso sozialei bezalakoxe tratua ematen zitzaiela esaten zuten; hala ere, inoiz ez diete legedi arrunta ezarri. Gobernuak ezin erabili duen gezurra oposizioak eta hedabideek zabaltzen dute: euskal presoek pribilegioak dituzte. Baina euskal presoak, ezer baino lehen, eta preso izan baino lehenagotik, lege antiterroristaren menpe daude, funtsean eskubideak murrizten dituen salbuespenaren menpe.

1976ko Montejurraren ingurukoak ez dira salbuespenezko gertakariak, ezta haien ondorengo bertsio ofizialak ere, ohikoak baizik. Hala izan da tortura ere. Hura ukatzeaz gainera, torturatuari gezurra esatea egotzi izan diote; tortura salaketa erruduntasun froga gisa aurkeztera iritsi ziren. Izan ere, ukazioari kontakizuna darraio. Ez da horren aspaldikoa atxilotuen kontsignen gaineko kontsigna. ETAren eskuliburua edizio gehien izan dituen izkribua da, nonbait, Bibliarekin batera, baina inork ez du haren alerik ikusi.

Hannah Arendtek «gezur politiko modernoa» izan zuen gai bere zenbait saiotan. Haietan aztertu zuen nola botere politikoak gertaerak ordezten dituen eraikitako gezurrak zabalduz. Hemen, faxismo betean bizi izan genuen egiaren ordezte hori, baina baita faxismondoan ere. Oraindik indarrean dago gertaerak desagerrarazten ahalegintzen den narratiba, bere soto laiotzean inpunitatea gordetzen duena. •