Ikasi izanaren itxura (II)

Aurreko asteko albistea da: Ford automobil konpainiak berriz kontratatu ditu ingeniariak. Diseinu eta ekoizpen prozesua adimen artifizialaren esku uzteak milioika dolarreko galerak eragin dizkie. Nonbait, lanean esperientzia zabala duten pertsonak gai dira akatsak hautemateko eta horiei aterabideak topatzeko. Aste honetako albistea da beste hau: New Yorken irakasle-robotak egongo dira. Haien lana izango da ikasleen parte hartzea bultzatzea eta norberari egokitutako baliabide didaktikoak eskaintzea. Edozein pedagogo neoliberalen ametsa: azkenean, irakasleak -aldaketari erresistentzia egiten dion espezie doilor hori- ordezka ditzakegu.
Beti grazia egiten dit, coach izateko formazio saioetan, aldaketarako erresistentziari buruz aritzen direnean. Aspaldi lapurtu baitzigun neoliberalismoak “aldaketa” hitza, garai batean ezkerraren aurrerapenen sinbolo zena. «Aldaketara egokitu behar zara», diotsute. Oraindik lan finko bat izatea espero duzula? Tematuta zabiltzala zahartzaroan pentsio publikoa jasotzeko aukerarekin? Ez al zara konturatu Netflixeko kontuaren 10 euroak ordainduta zure aberasteko aukerak alferrik galtzen ari zarela? Zer uste duzu, garraiorako prezioak merkeak izan daitezkeela? Aizu, aldaketaren ordua da! Esnatu goizean goiz, landu zure abdominalak eta gorroto itzazu pobreak. Erreformaren eta aldaketaren ordua da! Horrelaxe irabazi zuen Mileik.
Margaret Thatcher izan zen aldaketari gogor egin zioten haiek guztiak garaitu zituen lehena. Eskerrak trenbide sarea pribatizatu zuen. Hurrengo hamarkadetan, bidaien prezioak biderkatu ziren eta tren istripu larriak esponentzialki handitu ziren. Arrakalarik gabeko plana, erreforma eta aldaketarena. Beraz, norbaitek zure lanpostuan aldaketarako erresistentzia gainditu behar dela diotsunean, kasu! Eta orain iritsi zaigu, aspergarrenez, Europako Batzordea: hezkuntza ereduak ez duela funtzionatzen, aldaketa behar dugula. 2026-2030 aldirako plana aurkeztu dute. Laster, aldaketaren fanatiko den gure Hezkuntzako kontseilariak errepikatuko diguna. Lehentasunak hiru dira: adimen artifiziala, hiritartasuna eta desinformazioaren aurreko erresilientzia. Hezkuntza erakargarriagoa eta berritzaileagoa egin behar du gure Europako Batzordeak, hori adierazi digute.
XX. mendeko hezkuntza tematuta omen zegoen ikasleen alfabetatzean, matematikan eta zientzian. Zein gaiztoak irakasleak! Suposa dezaket hala ikasi zutela Fordek berriz kontratatu behar izan dituen ingeniariek... XXI. mendean, ez ei da halakorik behar. Adimen artifiziala erabilita, hiritar zintzo izango gara. Diapositiba koloretsu bat sortu ahalko dute gure ikasleek, azalduz nola hiritar onak ez dituen palestinarrak babestu behar; zein gaiztoa den Putin eta zergatik gobernuek gastu militarra biderkatu behar duten; nola erabat onargarria den eskuin muturra Gobernura iristea eta ezkertiarrak kartzelatzea; zein neurritan feminismoak gizonak baztertu dituen... Horri esker, aurre egin ahalko diote desinformazioari: Venezuelako Gobernu maltzurrari, Palestinako terroristei, Txinaren asmo zitalei eta Kubako diktadoreei. Prest egongo dira erabat, gure haur eta gaztetxoak, txintik egin gabe basakeria neoliberala onartzeko. “Terminator” filmean bezala, zinez espero dut ikasle horiek gerra egingo dietela etorkizuneko irakasle-robot neoliberalei. •



