Zero
Bilboko A ereduko bost ikastetxetako hainbat ikaslek Euskara eta Literatura azterketan 0 eta 2 arteko kalifikazioak lortu dituzte, eta susmoak zabaldu dira lehen momentutik. EHUk argi adierazi du azterketak aurrez ezarritako irizpideekin zuzendu direla.
«Nik huts edo bat daukat, atera dut, eta nik ez dut pentsatzen nire nota da hori», «oso txarra iruditzen zait, eeeeee gu publika bat joan nahi badugu eeeeeee ezin dugu».
145 ikaslek Euskara eta Literaturako azterketak gainbegiratzeko eskatu dute. Zero kopuruak 76tik 11ra jaitsi dira. Kasu gehienetan kalifikazio horiek ez dira nabarmen igo, «zerotik gertu utzi dituzte notak». Berrikuspena ikasleen eskubideen oinarrizko eskubidea da; guztira 8.127 azterketa berrikusi dituzte.
Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak adierazi du «emaitza anomaloak» izan direla. Euskal Herriko Unibertsitateari bermeak, informazioa eta gardentasuna eskatu dizkio eta azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak ez dituela zuzentzen azterketak.
Pedrosak azaldu du hamabi tribunal aritu direla probak zuzentzen, eta nabarmendu du 11. eta 12. tribunaletan jarri direla zeroen %64,3. Zehaztu du 11. tribunalean 80 zero jarri dituztela, eta bertan, 79 zero zuzentzaile berak jarri dituela.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak ez du adierazpenik egin eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Euskal Herriko Unibertsitatea zalantzan jarri du; ikasleek eta familiek «bazituzten kezka legitimoak», «bazituzten elementu objektiboak, azalpenak eskatzea justifikatzen zutenak». Tribunalak seinalatu ditu, tribunalak osatzen dituzten aztertzaileak eta zuzenki zuzentzaile horietako bat.
2024ko azaroan Joxerramon Bengoetxearen hautagaitzak irabazi zituen EHUko errektoretzarako hauteskundeak, boto ponderatuaren %63,85arekin. Hainbat sailburuk aldizkako adierazpenetan argi utzi dute unibertsitate-gobernu hau ez dela Jaurlaritzaren gustukoa. Ikasle guztien berdintasun printzipioaren gainetik, bere saileko irakasleen profesionaltasuna airean utzita, EHU deslegitimatzeko kanpainarekin bat egin du Pedrosak.
Izan gaitezen zintzoak; arazoa A eredua da. Hitz egin dezagun horretaz. A ereduak ez du euskalduntzen, eta gurasoak dira seme-alabak eredu horretan matrikulatzearen arduradun. Hezkuntza lege berriak hizkuntza ereduak lehengo horretan utzi zituen eta horren erantzuleak EAJ eta PSE-EE dira. A ereduan eta B ereduan ikasita nekez lor daiteke B2 maila. D ereduan ere ez da beti lortzen. Euskara da minorizazio egoeran dagoena, ez espainola.
Joko arauak aldatu dira. Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak aginduta, Euskara eta Literaturako kalifikazioak bertan behera geratu dira eta ez dira kontuan hartuko sarbide-notak kalkulatzeko. Horretaz gain, errekurtsoa bideratzen den bitartean, ikasle horiei plaza gordetzeko agindu dute.
Hori izan da lehen urratsa, etorkizuneko Unibertsitaterako Sarbide Proban ikasle batzuk euskara azterketatik salbuesteko. Hauek izango dira gero Euskal Herrian lan egiteko euskara eskakizunak gehiegizkoak direla esango dutenak. Badakigu horri buruz zerbait; 2025ean 55 ebazpen inguru izan dira. Kontseiluak beste behin berretsi du euskara gaztelaniaren pare jartzea dela hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta normalizazioan aurrera egiteko modu bakarra; Katalunian eta Galizian azken hamarkadetan indarrean egon den eredua da hori.
Eusko Legebiltzarraren %72 abertzalea da, baina EAJk, posizio tinkoa ezinbestekoa den oldarraldi honen aurrean, kale egin du.
Gertatzen ari dena oso larria da. Ia guriak egin du. •
Zero

Euskaraz «ez du berdin sonatzen»? Idatzian euskara esanindartzeko gakoak

«Behin errotonda bati buelta eman genion hernaniar bat bonboarekin kabinan eserita»

