Gaur 8

Luis de Castresana idazlea, frankismoa sostengatu zuen gerrako umea

Luis de Castresana y Rodríguez (Trapagaran, 1925eko maiatzaren 7a -  1986ko uztailaren 17a) kazetari eta idazle bizkaitarra deserosotasuna eragiten duten pertsonaia horietako bat da. ‘El otro árbol de Guernica’ liburuaren egilea,  frankismoarekin bat egin zuelako ahaztuta eta baztertua izan da.

Luis Castresana, ezkerrean, Pío Baroja, Blas de Otero eta Rafael Moralesekin 1951ean.
Luis Castresana, ezkerrean, Pío Baroja, Blas de Otero eta Rafael Moralesekin 1951ean. (WIKIPEDIA COMMONS)

Errepublikarren semea –aita Union Republicanakoa zen–, Trapagaranen jaio zen Luis de Castresana y Rodriguez idazle eta kazetaria. 1937an Agirre Lehendakariaren Euskal Gobernuak erbestera (Belgikara) bidali zuen lehen espedizioko umeen taldeko bat izan zen bera.

Errepublikaren kontrako estatu-kolpeak eragindako gerratik ihesean izandako bizipen historiko horietan (1937tik 1939ra arte, gerra amaitu arte) ikusitakoak, liburu batean bildu zituen Castresanak. 36. gerrako umeen erbesteratzearen literaturazko kontakizuna egiten lehenengokoa izan zen bera.

Gizon heldua zela (42 urte), Bilbon, gertatutakoaz 30 urte geroago, 1967an, argitaratu zuen ‘El otro árbol de Guernica’ liburua. Ez zuen inolako zentsura arazorik izan, noski, ukatu egiten zuelako gerraren zergatia: Francoren estatu-kolpea eta Gernikako bonbardaketa. Diskurtso ideologiko horren arabera gerra horrek ez du arrazoirik. 

Espainiako Miguel de Cervantes Literatura Sari Nazionala irabazi zuen ‘El otro árbol de Guernica’ nobelak eta bi urte geroago filma bihurtu zuen Pedro Lazagak (1969an), Informazioko eta Turismoko ministeritzak eskatuta. 

EHUko Miren Gabantxo-Uriagereka doktoreak ikerketa biziki interesgarria argitaratu du, ‘Frankismoa, Espainia eta exilioko umeen erabilera ideologikoa 1960ko hamarkadan’ titulupean, online eskuragarri dagoena. Bertan agerian uzten du ‘El otro árbol de Guernica’-rekin egiten den manipulazio-ariketa: «Azterketa honen arabera, ‘El otro árbol de Guernica’, ereduzko identitate berria onartzeko egin zen filma frankista, ‘gizon berriak’ egiteko zela esan daiteke», dio.

Kazetari moduan, ‘El Alcázar’ eta ‘Diario Pueblo’ egunkarietan eta Radio Nacional de España irratian lan egin zuen. ‘Libros que hay que tener’  (TVE) saioa ere aurkeztu zuen.

Azken urteotan bere oroimena berreskuratzen saiatu dira batzuk, ahanzturan erori delako. Bere idazle eta kazetari ibilbidea erregimen frankistaren pean garatu zuen, publikoki inoiz haren aurka egin gabe.