Maddi Txintxurreta
Kazetaria / Periodista

Fernando Torresen kamiseta

Udako opor egun bat zen, ez nituen zortzi urte baino gehiago izango. Dozenaka taldeetako ehunka futboleko kamiseta zeuden ez dut gogoan nongo azokako postuetako batean, eta sekulako alamena eman nion amari bat eros ziezadan. Errenditu zen, halabeharrez. Zein? Hau: Fernando Torresen izena zeraman Atletico Madrilen kamiseta zabaldu nion aurpegiaren aurrera, poz-pozik, irribarrea kamiseta bezain zabalik. Algoritmoek ez gintuzten bonbardatzen orduan, baina ondo nekien Fernando Torres gaztea bogan zela, eta herrira bueltan harro erakutsi nahi nuen elastiko zuri-gorria. Amak, ordea, hori ezetz, beste bat aukeratzeko. Zeeeer!?

Ez nekien Aitor Zabaleta hil zutenek janzten zuten elastikoa zela hori. Ume bat nintzen: kasketaldi saiatuen atzetik ulertzen nuen egunean izozki bat baino gehiago ezin nuela jan, eskutatik ihesi egin zidan hariari lotutako globoari joaten utzi behar niola, ezin nintzela Port Aventurako atrakzio guaienetan ibili oin puntetan jarrita ere ez nuelako gutxieneko altuera iristen, futboleko bota berriak ez nituela izango une horretan nituenak ondo izorratu arte, atzeko gurpilean jendea zutik eramateko aukera ematen zuten hodiak zituen Monty markako bizikleta izatearen ametsa burutik kendu behar nuela -«¡Monty aquí y verás París!» esaten zidan amak hatz luzea erakustearekin batera-, ez nuela inoiz lortuko hamaiketakorako Dinosaurus galletak eramatea… Baina kamiseta hartzeko baimena eman eta nik nahi nuena aukeratzen utzi ez? Guztiek prezio berdina izanda, gainera! Ama, ez zara futbola politikarekin nahasten ariko, ezta!?

Amak nire ahizpa deitu zuen kasketaldia prebenitzeko. Ni baino zaharragoa den ahizpak kontatu zidan Atletico Madrileko ultrak fatxak zirela, Realeko jarraitzaile bat hil zutela, eta zin egin zidan Torres baino askoz guaiagoa zela Steven Gerrard. Nik ez nekien zer ziren “ultra” eta “fatxa”, ezta Gerrard nor zen ere, baina konbentzitu ninduen. Liverpoolen kamisetarekin itzuli nintzen herrira eta lagunei kontatu nien Atletico Madrilekoak fatxak zirela eta Realeko bat hil zutela eta Fernando Torres txulo bat zela. Garaipen politikoa nire ahizparentzat, are gehiago niretzat.

Azken asteetan, besteen etxeetatik Espainiako golen ospakizunak entzun ditudanero, euskaldunon joko-zelaiari pusketa bat jan digutela sentitu dut. Hirietan ibili gabe ere, ikusi ditut hainbat pertsona (ez asko, baina bai garai batean baino askoz gehiago) Espainiako kamiseta jantzita. Espainiako Selekzioko jokalari guztien inguruan bizilagunen umeek gazteleraz egindako errepaso ezin zehatzagoak entzunez erre ditut balkoiko zigarroak. Entzun dut, ustez euskaraz, «aupa España». Espainia animatzea eta Euskal Selekzioa defendatzea bateragarriak direla entzun dut eta sentsazioa izan dut “askatasunaren” banderak leku gutxi utzi diola debateari, Espainia animatzea, hauspotzea eta soinean erakustea auzitan jartzeari. Entzun dut umeak esaten duela bere lagunek badutela Espainiako kamiseta eta berak ere nahi duela, eta nola esango diozu ezetz... Horixe bera esaten nion amari Dinosaurus galletak erosteko. Finalaren egunean, baina, mutiko bat Argentinako selekzioaren kamiseta jantzita ikusi nuen auzoan, eta pentsatu: eskerrak baten batzuek arreba zaharragoak dituztela!

Post data: doakiola, hemendik, omenaldi txiki eta berantiar bat aspaldi zerua irabazi zuen eta berriki lurra galdu duen futboleko eta bizitzako kide ohiari. Oxala hariak eskuetatik ihes egin izan ez balu. •