
Generoarekiko sentiberak diren parlamentuak eta gobernantza feminista izan dituzte aztergai Udako Ikastaroetan. Berdintasun legeak eta neurri parekideak martxan dauden garaiotan -EAEko Berdintasun Legeak dagoeneko 21 urte bete ditu-, bistan geratu da politikan dabiltzan emakumeak irakurtzeko modua artean matxista dela eta ez duela gizon eta emakumeen pareko parte-hartzean laguntzen.
Maria Pilar Rodriguez Perez Deustuko Unibertsitateko irakaslea da, genero ikuspegian eta komunikazioan aditua. Emakumeek politikaren lurrean topatzen dituzten trabak bistaratzeko orduan, bi jarduteko modu identifikatzen ditu: lehena, emakumeak lider potentzial modura hautemateko modua baldintzatzea; emakumeak buruzagi politiko onak ezin direla izan iradokitzea. Eta, bigarrena, behin hautatuak izan direnean, haien jarduna negatiboki ebaluatzea.
Bide horretan, emakumeak ibilbide politikotik uxa ditzaketen faktoreak zerrendatu ditu Rodriguezek: genero estereotipoak, kontziliazio arazoak, kontrako ingurune fisiko eta psikologikoak, beren gaitasun propioetan konfiantza falta, erasoak eta komunikabideetan presentzia okerra.
Izan ere, komunikabideetan emakume politikariak tratatzeko modua da Rodriguezek identifikatu duen traba nagusietako bat. Mahai gainean jarri duenez, genero estereotipoek agindutako ertzetatik jarduten dute komunikabideek gehiegitan. Eztabaida publikoa emakumeen itxuraren gainean eraikitzen da eta betiko estereotipoen segida bistakoa da. «Subjektibotasuna eraikitzeko joera eta politikarien itxura estereotipo femeninoei lotutako balioetan oinarritzea» dira, besteren artean, Rodriguezek identifikatu dituen bi joera. Gizonezko politikariei goratzen zaizkien autoritatea, boterea eta konfiantzaren parean jartzen dira emakumeetan nabarmentzen diren ahultasuna, makillajea, gozotasuna, jantziak, zaintzarako gaitasuna... Testuinguru horretan, zailagoa da emakume politikarien kasuan liderraren profila sortzea.
Adibidez, AEBko hauteskundeetan Hillary Clintonen kasua esanguratsua izan zen. Komunikabideetan egindako epaien arabera, batzuen gusturako femeninoegia zen eta besteentzat maskulinoegia. Batzuentzat zaharregia eta besteentzat gazteegia. «Hedabideek emakume politikariak iraintzeak eragin negatiboa du imajinario kolektiboan, eta oztopo izan daiteke emakume gazteek karrera politikoa abia dezaten», utzi du gogoeta Rodriguezek.
AEBtik gertuago, Gipuzkoan bertan, panorama ez da oso desberdina. Duela gutxi egindako ikerketa batek jaso duenez, Gipuzkoan politikan dabiltzan emakumeen %82k aitortu dute noizbait eraso egin dietela genero arrazoiengatik.
Mona Lena Krook eta Juliana Restrepok 2016an VAWUIP kontzeptua garatu zuten (siglak ingelesez daude), emakume politikarien kontrako indarkeria izendatzeko modu espezifikoa. Hain justu, emakumeen parte-hartze politikoa murrizteko motibazio zehatza duen indarkeria da. Indarkeria mota horrek mezu garbia bidaltzen dio jendarteari orokorrean eta emakumeei zehazki: emakumeek ez lukete politikan parte hartu behar.
Genero-desinformazioaren barruan sartzen dira emakume ezagunei (kazetariak, aktibistak, politikariak) buruzko istorio faltsuak aurkezten dituzten kanpainak, edo mehatxuak, irudi umiliagarriak edo sexu-karga dutenak. Eraso horien helburua emakumeak modu jakinean aurkeztea da; ez dira oso fidagarriak, ez dira oso inteligenteak, sentimentalegiak edo lizunegiak dira kargu bat betetzeko eta politikan egoki parte hartzeko.

GEHIEGIKERIA MODUA
Genero-desinformazioa gehiegikeria mota bat da, zeinak emakumeen aurkako genero edo sexu narratiba engainagarriak fabrikatzen dituen, komunikabideetan eta plataformetan, emakumeei esfera publikoan parte hartzeko asmoa kentzeko. Narratiba sexistak oinarri hartuta, genero-desinformazioak desitxuratu egiten du emakume politikarien irudia, eta haien ibilbide politikoa kamusten du.
Rodriguezek nabarmendu duenez, hiru ezaugarri nabarmen ditu genero-desinformazioak: faltsukeria, asmo gaiztoa eta koordinazioa. Emakume politikarien irudi publikoa desitxuratzeko estrategia hori are bortitzagoa bihurtu da adimen artifizialaren teknologiek sortutako eduki errealistak direla eta.
Praktika orokortua da munduko toki askotan. 2020. urteko AEBko presidentetzarako primarioek adibide interesgarriak eskaini zituzten. Ikerketa batean ondorioztatu denez, sinesgarritasun txikiko kontuek -botak eta trollak barne-, emakume hautagaiei gizonezkoei baino bortitzago eraso zieten.
Europan, eskuineko politikariek genero-desinformazioan oinarritutako dis-kurtsoak haizatu dituzte emakume aurrerakoien aurka, boterean egoteko gaitasunik ez dutela zabaltzeko. Estatu espainolean, Irene Monteroren kontrako erasoak ere marko horretan koka daitezke.
Genero-desinformazioaren baitako eraso horien emaitzak oso serio hartu beharrekoak dira. Batetik, emakumeek oro har eremu publikoa okupatzeko duten inhibizioa areagotu egiten da. Eta emakumeak plaza politikotik erretiratzen direnean, berdintasunaren aurkako politikak hauspotzen dira eta erakundeen eta demokraziaren kalitatea nabarmen eskasten da.
PROPOSAMENAK
Maria Pilar Rodriguezen ustez, politikan emakumeek jasaten duten indarkeria gerarazteko neurriak premiazkoak dira. Hartara, garrantzitsutzat jotzen du VAWIP kontzeptua teorikoki garatzea, «bai indarkeria mota hori identifikatzen laguntzeko, baita indarkeria psikologikoa eta sinbolikoa -bai espazio fisikoetan eta bai plataforma sozialetan- zigortuko duten legeak eta metodologiak bultzatzeko ere».
Horrez gain, komunikabideen jarduna erregulatuko duten aginteak sortu eta martxan jartzea beharrezko ikusten du. Komunikabideekin jarraituz, «emakume politikariei ahotsa ematea eta haien ordezkaritza egokia eta duina bermatzea» ere beharrezkotzat jotzen du.
Hezkuntzan politika gizarteratzeko moduak topatzea eta emakumeek politikaren maila desberdinetan lortu duten parte-hartzeari buruzko ikerketa akademikoa bultzatzea ere jasotzen du Rodriguezek bere proposamenen artean.
Komunikazioan adituak sinatutako artikulu batean honakoa jasotzen da: «Gaitz horren aurka borrokatzeko, desinformazioaren aurkako immunitate publikoa garatu beharko litzateke eta hedabideen alfabetatzea bultzatu; datuetan, pentsamendu kritikoan eta kazetaritza arduratsuan trebatu. Immunitate horrek barne hartu beharko luke emakumeen lidergoa babesteko konpromisoa hartuz ahalduntze politikorako oztopoak ezabatzea. Genero-desinformazioak lehentasuna izan beharko luke, arazoa orokortu egin delako eta talde antolatuen -InCels kasu- muturreko jarrera bortitzarekin gurutzatzen hasi delako. Azken horrek emaitza tragikoak ekarri ditu».

NEURRI EKONOMIKOAK
Nola eragiten dute mugimendu feministako aldarrikapenek gobernantza instituzionalean? Galdera mamitsua da, arantzaduna. Jule Goikoetxea filosofo eta aktibista feminista arantza horietako zenbait ateratzen saiatu zen. Abiapuntua, «Erakunde publikoak eraldatzen ari dira». Bere esanean, modu globalean gertatzen ari da aldaketa eta parlamentuak indarra galtzen ari dira, pribatizatzen. «Pribatizazio prozesu honi askotan gobernantza esaten zaio. Demokraziaren pribatizazioa gertatzen ari da eta gizarteko eragile horiek enpresak dira, ez dira sindikatuak edo gizarte mugimenduak». Hartara, Goikoetxeak garbi dauka: «Erakunde publikoak pribatizatzen hasten direnean, emakumeen eskubideak murriztu egiten dira». Pribatizazio horretan emakumeen lan karga eta lan ez ordaindua handitu egiten dela eta emakumeen gaizkizatean eragina duela nabarmendu zuen. «Oheak kentzen dira ospitaletatik. Ebakuntza baten ondoren lehenago bidaltzen da gaixoa etxera. Nork zaintzen du etxean? Emakume batek eta dohain».
Goikoetxearen esanean, «erakundeek beren mugak eta ahalmenak dituzte». «Oso garrantzitsua da mugimendu feministak erakundeekin daukan harremana eta hemen oso handia da, beste toki batzuekin konparatuta. Lortu dugu pixkanaka berdintasun politikak egiten dituztenen eta mugimendu feministaren arteko elkarrizketa markoa eta politizatu ditugu erakundeek despolitizatu dituzten gauza asko».
Harreman horretan, azken urteotan indarra bi norabidetan egin dela nabarmendu du Goikoetxeak: «Zaintzaren kontzeptua eta hori nola eraman politika publikoetara, eta patriarkatua ulertzeko era. Patriarkatua sistema politiko-ekonomikoa da. Askotan, indarrak kulturaren arlora eta jarreren arlora bideratzen dira eta familiarekin lotutako politikak ere bultzatzen dira. Baina familiak berak birsortzen du sistema era batera edo bestera».
Zein neurri politiko hartzen dira, adibidez, emakumeen lan ez ordaindua gutxitzeko? «Jasaten dugun biolentzia politiko-ekonomikoa ezin da murriztu. Mundu mailan egiten den lan ez ordainduaren %92 emakumeek egiten dute eta horretatik %87 familian egiten da».
Jule Goikoetxeak garbi dauka: «Zaintza lan ez ordaindu bezala ulertu behar da; sistema patriarkaletan emakumeek kobratu gabe egiten duten guztia. Hori da gure definizioa».
Hori operatibizatu egin behar da berdintasun politiketan: politika ekonomikoak bezala ulertu behar dira, ez politika familiaristak. Familia produkzio unitate bezala ulertu behar da, emakumeak desjabetzen dituen unitate bezala. Lan ez ordaindua hor dago eta emakumeen gaizkizatea dakar. Berdintasun politiketatik politika ekonomikoak egin behar dira. Etxebizitza publikoa guztiontzat, osasungintza eta hezkuntza publikoa. Adibidez, haurtzaindegiak dohain. Egituretan zentratu behar dugu. Politika publikoak ondo joan daitezen, egitura publiko indartsuak behar ditugu».



