Mijo Lizarzaburu
EHUko ikerlaria eta militante transfeminista

Jaietako gorputzen politikak

Abuztuan gaude eta, urtero bezala, egun batzuk hartu ditut nire herrian, Ondarroan, Andra Mari jaiak pasatzeko. Nik ia jai osoak Mamarratxosnan (herriko txosna transfeministan) pasatu arren, andramaixen egitarauak ekintza asko jasotzen ditu: marmitako lehiaketa, kontzertuak, gazte bazkaria, Leokadiren jaitsiera, danborrada… Aurten, baina, programazio horren guztiaren erdian, beste urte batzuetan horrenbesteko garrantzirik eman ez diodan zerbaiti erreparatu nahi izan diot: Dantzarteren antolakuntzapean eta Naia Arrasateren gidaritzarekin, Hip Hopeko kideek Itsas Aurre plazan eskaini zuten ikuskizunari.

Dantzarte herriko dantza-elkarteetako bat da, urteak daramatzana herriko gazteekin ballet, funky edo hip-hop dantza emanaldiak eta erakustaldiak antolatzen. Azken urteetan, dantza ikuskizuna abuztuaren 15ean egin izan dute, dagoeneko ia erritual bihurtu den sekuentziaren bukaera gisa: lehenengo Ate Berdean izozkia erosten dugu, gero suak ikusi eta, ondoren, plazara hurbiltzen gara emanaldia ikustera.

Ikuskizuna hastean nabaritzen duzun lehenengo gauza dantzari gehienak neskak, marikak edo futbola gustatzen ez zaien mutil gazteak direla da, adin ezberdinetakoak, taldeka edo binaka ateratzen direnak eszenatokira. Inguruan, berriz, familiak, lagunak eta herritarrak pilatzen gara haiei begira. Ez da, noski, andramaixetan emakumeek parte hartzen duten ekintza bakarra, baina Dantzarteren ikuskizunak jaietako beste jarduera askok sortzen ez duten eszena bat sortzen du: gizonek hegemonia ez duten talde bat herriko plaza nagusiaren erdian, gorputzarekin espazioa hartzen, kolektiboki protagonismoa hartzen.

Eszena horrek argi kontrastatzen du, adibidez, herri osora zabaldutako frontoi txapelketarekin, non gizonak gehiengo absolutua diren. Eta bai, egia da emakumeek ere parte har dezaketela pala txapelketan, baina frontoiak historia, praktika eta harreman-sare maskulinizatu bat dakar berarekin eta hori ukatzea gizonak eta emakumeak produzitzen dituzten sozializazio patriarkala existituko ez balitz bezala jardutea da. Ez ikustea nork ikasi duen jolasten, nor sentitzen den frontoia okupatzeko legitimatuta, nor dagoen ohituta publikoki lehiatzera eta nor gizonei begira txalo egitera. “Edonork parte hartu dezake” leloaren atzean aurkitzen duguna, unibertsaltasun formalaren tranpa delako; formalki denontzat da, praktikan gizonentzat.

Hori ez da, noski, pala txapelketan gertatzen soilik. Urtero, Euskal Herriko jai ezberdinetan udalek, gaztetxeek, jai batzordeek “denontzako” ekintzak antolatzen dituzte, ez dira gizonentzako ekintzak, “unibertsalak” dira, baina antolatzen dutena futbito txapelketa, boxeo erakustaldiak edo kukaña norgehiagokak badira, eszena gizonez betetzen da, gizonak ez diren pare bat salbuespenekin asko jota. Alde horretatik, kultur programazioak ez luke soilik galdetu behar “edonork parte hartu dezake?”, baizik eta “zer parte hartze eszena sortuko dugu ekintza honekin?”.

Jaietako egitarauan generoa kontuan hartzea ez delako soilik erasoen prebentziorako eta arretarako protokoloak eta programak aktibatzea. Erasorik gabeko jaiak nahi ditugu, baina baita espazio publikoa gizon gazte zuriak ez diren gorputzez betetzen dituztenak ere, eta horretarako beharrezkoa da kultur programazioan dihardutenek politika intersekzionalei arreta jartzea, denontzako izan behar diren jaiak benetan denontzako izateko. Gure helburua ez delako soilik jaietan “seguru” sentitzea, baizik eta urteetan ukatu zaigun protagonismoa hartzea, herria gurea ere badelako.

Transfeministok gizonen eta emakumeen jardueren arteko banaketa desegiteko borrokan jarraituko dugu, ez dugulako nahi kirol, dantza edo kultur praktikak generoaren arabera antolatzea. Baina banaketa hori ez da desagertzen existitzen ez dela esanez, eta, existitzen den heinean, beharrezkoa da gizonek erdigunea hartzen ez duten ekintzak babestea eta programazioan leku zentral bat ematea. Horregatik, zorionak Dantzarteri, urtero herrian bestelako gorputzei erdigunea hartzeko aukera emateagatik, Ondarru transfeministago bat eraikitzen laguntzeagatik. •