Iritzi bat erosi nahi dut
Pena daukat, uste nuelako June Fernandezek Lisipe bildumarako idatzitako “Aingeruak eta neskameak. Haurdunaldi subrogatuei buruzko analisi feministak” lanak inokulatuko zidala iritzi bat eta desblokeatuko zuela modu horretara artikulu hau. Zintzoa izanda, pentsatzen nuen ordezkapen bidezko ernalketen kontrako argudioen bilduma osatuago bat neureganatuko nuela liburua ixterako, jakin banekien arren Fernandezek ez zuela erantzun absoluturik bilatu. Ez alde ez kontra posizioa epelen tronu gisa irudikatu dugu maiz, eta deserosoa zaigu. Hala ere, horra eraman nau Lisiperen hamalaugarrenak. Ez espero ezer ziurra, datozen hitzak ez baititut idatzi, erori egin zaizkit: hartu, bota edo aldatu egin daitezke.
Liburuaren aurretik, gaiaz askorik irakurri gabe, haurdunaldi subrogatuek bizitza bera kapitalaren logikan bete-betean sartzen zutela iritzi nion, liburuaren ostean, berdin pentsatzen segitzen dut. Baina ba al da merkatuak bereganatu ez duen lagundutako ugalketa prozesurik? Aspaldi da kapitalismoak espazio produktiboez gainera espazio erreproduktiboak ere xurgatu zituela; kolonialismoarekin erabateko sinergian hauspotutako barneko erregimeneko zaintzaileen lana da esplotazio erreproduktiboaren adibide behinenetako bat.
Estigmak eta polarizazioak erasandako beste gai bat prostituzioarena da, eta gogoan dut Linda Porn sexu langile mexikarrak 2023ko abenduan Donostian egindako mahai inguru batean esan zuela prostituzioak zaintza eta etxeko lan esklaboetatik libratu dituela emakume migrante asko. Fernandezen liburuan, Consuelo Alvarez ikerlariak nabarmentzen du Ukrainako emakume asko joaten direla Poloniara, Hungariara edo Alemaniara lan egitera, eta, hortaz, gestante bilakatzea migrazioa saihesteko alternatiba dela horietako batzuentzat. Agian mendebaldarregiak ditugu estigmak eta morala, eta, agian, emakumeen egoera hobetu nahi bada, haurdunaldi subrogatuaren alde edo kontra posizioa desblokeatzeko zain egotea baino eraginkorragoa da zoru morala gaindituko duten eztabaidak izatea, agian merezi du grisen konplexutasunean katigatzeak. Adibidez, sexu lanaren esperientziak erakusten du debekuak ez dituela langileen baldintzak hobetzen, kontrakoa baizik, beraz, jakinik ordezkapen bidezko ernalketak jarduera ekonomiko bihurtu direla herrialde batzuetan, egokia al da besteetan ere legeztatzea eta langile estatusa aitortzea gestanteei? Normalizazioak estigma baretuko luke ala bizitza vs kapitala borroka lausotu? Ala biak batera? Tronuan nagoenez, ez erantzutearen abantaila aprobetxatuko dut.
Besteentzako gestante izatea erabaki dutenen erabakia errespetatzeko konbentzimenduak, aldiz, ez du neutralizatzen intentziozko gurasoekiko momentuz sentitzen dudan enpatia falta. Guraso izateko desirak (ez baita eskubidea) ez du edozer justifikatzen, argi, baina, aldi berean, puteroen kontrako kanpainek ez dute lagundu sexu langileen gaineko estigma zartatzen eta horien egoera hobetzen. Segi zuek, tronutik entzungo zaituztet. Hala ere, norbait niretzat iritzi bat sortzeko prest balego, erosiko nioke. •




