Lur Albizu Etxetxipia
Abertzalea eta feminista

Beroa

Beroa. Uda honetako (eta pasa diren udetako, eta datozen guztietako) hizketagai nagusia izan dugu. Eta, uste dut, hizketagai nagusi izateaz gain, ezinegon iturri handi xamarra izaten ari dela aste eta hilabete hauetan beroa. Bistan da, ez bakarrik beroa, baita horri lotuta bururatzen zaizkigun hitz eratorriak ere: beroa, euri falta, beroa, etxeaezda30gradutikjaisten, beroa, noizbukatukodaastehau?, beroa, suteak, beroa, ur falta, beroa, ezgaudepresthausoportatzeko, beroa, klimatizazioa, beroa, dutxa, beroa, ura, suteak, ez gaude prest…

Lehen hitz horiez gain elkarrizketak aurrera egiten badu, «hurrengo urteetako freskoena izanen da uda hau!» izaten da ohiko esaldia, dagoeneko ohitura bilakatu dena.

Gutxiago entzuten ditut, ordea, bestelako hitz edo esaldi batzuk. Bestelako galdera batzuk. Izan ere, iruditzen zait iritsi zaigula ordua galdera berriak egiteko, erantzunak topatu ahal izateko, batez ere. Alarmez gain, gizaki gisa gainera eroriko zaigun (erortzen ari zaigun) erronka handienetako bati nola helduko diogun pentsatzea komeni zaigu. Pentsatzea, eztabaidatzea, kontraesanak lantzea. Eta aldatzea; gizarte gisa aldatzea.

Udaro (bai, dagoeneko uda guztietan gertatzen baita) zenbat jende hiltzen den garai hauetan gurean beroaren eraginez (bai, beroaren eraginez), eta baita kiskaltzen ari den Europa osoan ere, noski.

Klimatizazioaz, eraikinez, egokitzapenaz ari gara, baina zenbatetan hitz egiten dugu, norberak bere etxean egiten duenaz gain, beste zerbaitez ere kezkatzeko? Nola eginen dugu babesleku klimatikoak ahal bezain handiak, hobeak eta kalitatezkoak izan daitezen?

Lehorteei buruz ari gara, eta igerileku publikoen onurez guztiz ohartuta, noiz mintzatuko gara etxe gutxi batzuentzat diren (edo, are, etxe bakarrarentzat diren) igerilekuez? Nondik uste dugu ateratzen dela ura? Zer eginen dugu horiekin?

Kontsumoaz ez gara batere aritzen. Badaezpada. Norberaren bekatuak ez daitezen nabarmendu, edo. Baina aritu beharko gara, bada, egunero sortzen dugun aztarnaz, jaten dugunaz (eta hori ekoizteko behar den uraz; haragiaz, adibidez), garaian garai eta etxetik gertu erosten ez dugunaz eta konpultsiboki merkatuan mugiarazten dugunaz. Hitz egin beharko dugu gure mugikortasunaz, dauzkagun autoez eta ereduaz. Politika publikoek urgentziaz erantzun behar diote horri.

Eta hitz egin beharko dugu norberarenaz, kolektiboki ekiteko. Feminismoak zerbait erakutsi badit, guztion arazoak direnak norberaren barru-barruan kokatzen direla izan da. Eta ekiteko garaian ere, ni eta gu, biak elkartzen direla mundua aldatzen saiatzeko.

Abstrakzioak utzi eta hitz egin beharko dugu krisiaren muina diren erregai fosilez, desberdinkerietan oinarritutako sistema injustu batean fosilak erre eta erre, kontsumitu eta erre, autoak eta erre, lana eta erre… ari garen honetan, erroko arazo honi nola helduko diogun. Eta bai, «aberatsek kontsumitzen badute, nik ere bai» falazia da: munduko biztanleen %10 aberatsenaren parte gara.

Leloez, esloganez eta aldarri abstraktuez aparte, hitz egin beharko dugu egin behar diren politika publikoez (eremu guztietan), aldaketa kulturalez eta kontsumo-murrizketa handiez. Beste alde batera begiratzeak ez digu deserosotasuna gainetik kenduko, jakin badakigulako zerbait, noizbait egin beharko dugula. Inoiz ez da beranduegi, baina nahiago dut berandu baina garaiz izan dadin. •