Oier Imaz
Filosofoa

Suebakia

Suebakia, hitzak dioen moduan, sua ebakitzeko egiten den lubakia da, sua zabaldu ez dadin. Suebakia deitzen diote Alemanian ere, eskuin muturra bizitza politiko eta instituzionaletik kanpo uzteko estrategiari (brandmauer). Beste hizkuntzetan, gehiago erabiltzen da osasun-hesia, frantseseko cordon sanitaire-tik ekarria. Gauza berari buruz ari dira bi hitzak, baina badira ñabardurak. Adibidez, diplomaziaren eremuan cordon sanitaire deitzen zaio Lehen Mundu Gerraren ostean, Frantziaren ekinbidez, Alemania (eta Errusia) isolatzeko ezarritako aliantza politikari. Birusari aurre egiteko berrogeialdia. Suebakiak, ostera, aditzera ematen du jarrera aktiboagoa, ez soilik isolamenduan oinarrituriko bazterketa; lubakiak eraiki eta suaren aurkako borroka.

Batera edo bestera, azken urteetan Europako hainbat herrialdetan entseatu diren suebaki eta osasun-hesiek kolpe latza jaso zuten aurreko igandean Alemaniako Saxonia-Anhalt erregioko hauteskundeetan. Eta eztabaida piztu ere: eraginkorrak dira eskuin muturrari aurre egiteko?

Eskuin muturraren gorakada Europan ez da fenomeno berria. Azken lau hamarkadetan izan da kezka iturri, lehenago iparraldeko herrietan, gero ekialdean, eta, azken bi hamarkadatan, Europaren erdigune geografiko eta politikoan. Hari aurre egiteko estrategiak ere ugariak izan dira, baina, egun, eztabaida bi aukeraren artean ardazten da: isolamendu politikoa edo engaiamendu mugatua.

Lehen aukera isolamendu politikoa da; osasun-hesia edo suebakia. Epe motzean neurri eraginkorra da. Eskuin muturra gobernu arduretatik urruntzen baitu. Aldiz, epe ertainean ez dira aurreikuspenak betetzen ari. Boteretik urrun egoteak ez ditu areagotu alderdi horien baitako liskarrak eta erabakietan eragiteko gaitasun eskasak ez du ahuldu hauteskundeetan jasotzen duten babesa. Are gehiago, eskuin muturrari aurre egiteko eraiki diren koalizio handiek ezintasun politiko nabarmenak adierazi dituzte (jarrerak zehazteko, neurriak adosteko, arazoei erantzuteko), eguneroko arazoetatik urrun eta eragiteko gaitasunik gabe bizirauten duen elite politikoaren pertzepzioa hauspotuz herritarren artean.

Bigarren aukera engaiamendu mugatua da. Alemanian, adibidez, berriki argitaratu den ikerketa batek dio herritarren artean babes zabala duela AfDrekin balizko elkarlanak, gai zehatzetan eta baldintza batzuetan baldin bada. Nahiz eta gehiengo zabal batek irmoki baztertzen duen AfD eta CSD/CSUren arteko koalizioaren aukera (Gross et al., 2026). Aldiz, eztabaidagarria da engaiamendu mugatuak, epe ertainean, eskuin muturra ahultzen laguntzen duenik. Beñat Zalduak Heike Klüver katedradunaren lana aipatu du berriki GARA egunkarian. Klüverrek 57 demokrazia aztertu ditu, 1.237 gobernu, 1970etik gaur arte eta, bere ustez, «el resultado es inequívoco»: gobernu arduretan engaiatzeak eskuin muturra indartzen du.

Orduan, zer egin? Egoerak gogora dakar Karl Popperrek “Gizarte irekia eta bere etsaiak” (1945) lanean deskribatu zuen «tolerantziaren paradoxa»: tolerantea izan behar da, tolerantea ez denarekin? Bere ustez, muga batzuk beharrezkoak dira. Bestela esanda, jendarte irekiak ez du zertan bere barruan onartu behar besteak onartzeko prest ez dagoena. Horiek horrela, pentsatu dezakegu, eskuin muturrari aurre egiteko, isolamendu politikoa eta engaiamendu mugatuaz gain, beste aukera batzuk ere (isolamendu legala, adibidez) zilegi direla, demokrazia liberal baten ikuspegitik. Beste kontu bat da ea egingarria (edo eraginkorra) ote den herritarren %44ren babesa jaso duen alderdi baten ilegalizazioa… Gutxiagotan aipatzen da, ordea, Poperren liburuan paradoxa oin-ohar bat baino ez dela. Gainontzeko 365 orrialdeetan hausnarketaren ardatza beste bat da. Gurera ekarrita: zein da proposatzen dugun alternatiba? •