03 ABR. 2025 - 18:47h Erleterapiari buruz, Zebrabidean Eladi Balerdik eta Jose Manuel Atxagak erleterapiaren aldeko apustua egin dute. Ikaztegietako belaze batean egurrezko bi txabola jarri dituzte; batean erlauntzako airea arnastu daiteke eta bestean erlauntzen gainean kokatutako sauna batekin gozatu. Zebrabidera ekarri dugu Gaur8ko gai hau. Este navegador no soporta el elemento video. GAUR8 “Erlauntzeko airea” izena du proiektuak eta erleterapia dauka oinarrian. Eladi Balerdi eta Jose Manuel Atxaga erleen maitaleak dira eta elkarrekin jarri dute martxan. Lehenak 20 urte daramatza erlezaintzatik bizimodua ateratzen. Bigarrena, Balerdiren bezero fidela eta erleetatik eratorritako produktuen oso zalea da, mesede handia egiten baitiote. Erleterapia jarduera, erleen airea oinarritzat duena, Ikaztegietako belaze batean dago kokatuta. Erlauntzetako airea arnasteko aukera eskaintzen dute, zuzenean hodi batetik, erlauntzetik gure biriketara, edo sei erlauntz dituen sauna, haien bero, musika eta aireak gure gorputzetan eragiteko. Lehenengoan, bi erlauntz eta bi hodi musukoarekin, aulkian patxadan egon eta arnasteko. Ordu erdiko saioa. Bestean, bi etzaleku, eta azpian 6 erlauntza. Erleak, han, betiko martxan, belazeetara joan-etorriak eginez. Balerdik eta Atxagak ez dute miraririk saltzen. Beraiek bizi eta ikusi dutena soilik komentatzen dute: parkinsonaren, arnaste arazoen, estresaren, antsietatearen, sasoiko alergien edota lo hartu ezinaren aurkako pizgarria da erleen airea arnastea. Beste lurralde batzuetan ere badira erleterapiari lotutako proiektuak eta orain Euskal Herrira ekarri dute.