GAUR8

Duela bi urte joan zitzaigun Maritxu Errazkin autobus-gidari aitzindaria

Maritxu Errazkin Artetxe azkoitiarra autobus-gidari aitzindaria eta enpresaburua izan zen. 60 urtez jardun zuen txofertzan eta autobus enpresa kudeatzen eta 2023ko apirilaren 11n hil zen aurreko urtean Joxe Mari Korta saria jaso ondoren.

Maritxu Errazkin EITBn egindako elkarrizketa batean, 2021ean. (EITB, bideo kaptura)

Emakumeek gidatzen ez zuten garaian, Maritxu Errazkin Artetxek urrats garrantzitsua eman zuen 60. hamarkadan. Roke Aldalur senarrarekin batera, Aldalur autobus enpresa sortu zuen. Zazpi seme-alabak hazi, enpresako administrazioko kontuak egin eta gidatu egin behar izaten zuen.

Lehen urteetan, Alfa Romeo furgoneta bana gidatzen zuten. Ibilgailu horiek hamar bidaiarirentzako lekua zuen autobus bihurtu zituzten. Gerora autobusak erostea lortu zuten enpresari bultzada emateko.

1965ean, Errazkin eskola-garraioaz arduratzen hasi zen eskualdean. Ondoren bidai luzeagoak egiten hasi zen. Extremadurara egin zuen lehen bidaia luzea. Europan barrena ibili zen hurrengo hamarkadetan.

«Lan oso zaila izan zen. Nire beldurrik handiena izaten zen iluntzean etxera iristea, umeei afaltzen ematea, eta haiek bainatzea nahiz lotaratzea. Sekulako lana zen, baina gaztea nintzen, eta egin egiten nuen», aitortu zuen 2021ean Azkoitiako Guka hedabideari eskainitako elkarrizketa batean.

Errazkinek 60 urte inguru egin zituen autobus-gidari lanetan eta enpresa kudeatzen. Seme-alabek hartu zuten gerora lekukoa.

2003an Laneko Merezimenduaren Domina eman zion Espainiar Gobernuak egindako txofer lanagatik. 2022an Joxe Mari Korta saria jaso zuen.

2023ko apirilaren 11n hil zen, gaur dela bi urte.