GAUR8
Entrevista
EGUZKI URTEAGA
SOZIOLOGOA ETA IRAKASLEA

«Euskararen ezagutzaren eta erabileraren tartea ez da soilik nabarmena, handitzen joan da»

Euskal Herriari bere osotasunean erreparatu dio Eguzki Urteagak, euskararen egoeraren eta hizkuntza-politikaren azterketa konparatiboa gauzatzeko. Azken 30 urteetan egindako inkesta soziolinguistiko eta erroldetan oinarrituz, euskararen bilakaerari buruzko analisia bildu du liburu batean.

(Argazkiak: Patxi BELZAIZ)

Egoera eta politika linguistikoak Euskal Herrian” (jatorriz, frantsesez, “Situations et politiques linguistiques au Pays Basque”) izenburua duen liburua argitaratu berri du Eguzki Urteaga (Biarritz, 1973) idazle, soziologo, historialari eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasleak, Parisko L'Harmattan argitaletxean. Apirilaren 21 eta 22an zehar iragan berri den Sarako Biltzarrean aurkeztu du lana, baita gurean ere: Baionako Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko (UPPA) pausalekuan hartu du euskararen bilakaera azaltzeko denbora.

Liburu honek euskararen egoerei erreparatzen die mugaren bi aldeetan dauden euskal lurraldeetan, hiru eremu administratiboetan banaturik eta horien arabera eraldaturik. Horrek berarekin dakar hizkuntza gaitasuna, transmisioa eta praktika aztertzea, baita euskararekiko eta bere sustapenarekiko politikak, iritziak eta jarrerak ere.

Euskal Herri osoan euskarak izan duen bilakaerari eta gaur duen egoerari begira ezarri zara. Nola bildu hori liburu batean?

Liburu honetan, euskal lurraldeen egoera aztertu nahi izan dut, zazpi probintziena, bi estatutan eta hiru errealitate politiko-administratibotan banatuta. Horrek suposatzen du euskarak estatus politiko ezberdina duela eremu bakoitzean, hizkuntza-politikak ezberdinak direla, bai eskumenei, hedadurari eta aurrekontuari dagokienez. Horrek, nahitaez, hogeita hamar urteko perspektiba batean, ondorioak dauzka egoera soziolinguistikoan.

Hori aintzat hartuta, azken hogeita hamar urteetan egin diren inkesta soziolinguistiko kuantitatiboetan oinarrituz, Euskal Herri osoko ikerketa bat burutzea izan da helburua. Liburua bi zatitan banatzen da: lehen zatian euskararen egoera aztertzen da aipatutako hiru eremu horietan, ezagutzari, erabilerari, transmisioari eta sustapenari lotua, eta bigarren zatian, azken hogeita hamar urteetan, eremu bakoitzean, zer-nolako hizkuntza-politikak garatu diren eta zer-nolako emaitzak eman dituzten.

Perspektiba konparatiboa baliatu da ikusteko zeintzuk diren egoera espezifikoak eta diferentziak. Iparraldeko erakundeek, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, bost urtero, inkesta soziolinguistikoak burutzen dituzte, eta horrez gain, beste ikerketa batzuk egin dira erroldari eta kale-neurketari lotuak. Datu-kopuru inportante horrek perspektiba bat ematen digu azken hogeita hamar urteetako bilakaera aztertzeko. Perspektiba konparatibo eta historikoak aukera ematen digu lurralde eta eremu politiko-administratibo bakoitzean hizkuntza-politika eraginkorrenak zeintzuk diren aztertzeko.

Ezagutza eta erabileraren arteko tarteak handitzen jarraitu duela azpimarratu duzu. Gisa berean gertatu al da Euskal Herri osoan?

Euskararen ezagutzaren eta erabileraren artean, bai Ipar Euskal Herrian, bai Nafarroan eta bai Euskal Autonomia Erkidegoan, ez da soilik tartea nabarmena dela, baizik eta azken 30 urteetan, denbora joan ahala, tarte hori handitzen joan dela. Kontraintuitiboa da, zeren eta euskararen estatus juridikoa ezberdina da hiru eremuetan (koofiziala Euskal Autonomia Erkidegoan; Nafarroan, zonifikazioaren ondorioz, zona batzuetan koofiziala da eta beste batzuetan ez; eta Ipar Euskal Herrian, ez da koofiziala), hizkuntza-politikari bideratutako aurrekontuek ez dute zerikusirik (Euskal Autonomia Erkidegoan 146 milioi eta Ipar Euskal Herrian 4,7 milioi, ulertzeko zer-nolako tartea dagoen)… Baina hori horrela izanda ere, hiru eremuetan ikusten da ezagutzaren eta erabileraren arteko diferentzia handitzen doala azken 30 urteetan. 1991tik 2021era arte bost urtero egin izan diren inkestak konparatu ditut, eta modu oso erregularrean, tarte hori handitzen ari da. Ezagutzak gora egin du Euskal Autonomia Erkidegoan, egonkortua dago Nafarroan eta zertxobait behera egin du Ipar Euskal Herrian. Baina hiruretan, ezagutza eta erabileraren arteko tartea handitzen doa.

(Patxi BELTZAIZ)

Fenomeno horri azalpenik atzeman al diozu?

Horrek bi azalpen dauzka. Bata da euskararen ezagutza mailak behera egin duela, gero eta pertsona gehiagok euskara menderatzen duten arren, horietariko gehienak erosoago sentitzen dira erdaraz euskaraz baino. Ezagutza sentimendu mailak behera egin du, eta horrek suposatzen du pertsona horiek, euskara erabiltzera derrigortuak ez daudelarik, erdarara lerratzen direla, eta beraien euskara maila apaltzen dela. Ipar Euskal Herrian gauza bera ikusten dugu, euskal hiztun berriak, kasu askotan, erosoago sentitzen dira frantsesez euskaraz baino.

Hori lotua da euskaldun berri asko egotearekin, bereziki Hego Euskal Herrian. Lehen, euskal hiztun asko euskaldun zaharrak ziren, euskara etxean jaso zutenak, eta horrek suposatzen zuen, eskolara iristean, bazutela hizkuntzaren jabekuntza, menderakuntza, eroso sentitzen zirela, eta hor ematen zen jarraitutasuna, elkar elikatzen zuten, bai familian, bai eskolan. Belaunaldi berrietan, gero eta gehiago dira euskaldun berriak, eskolaren bitartez ikasi dute, baina familian, maiz, erdara hitz eginez. Horrek askotan suposatzen du euskara maila apalagoa, erregistroak pobreagoak izatea (modu formala menderatzea, baina informala ez), eta beraz, ez dira hain eroso sentitzen euskaraz.

Bigarren faktorea da euskal hiztunen dentsitatea gutxitu egin dela. Gero eta arnasgune gutxiago daude. Populazioaren dibertsifikazioaren, mugikortasunaren ondorioz, etxebizitza, enplegua edota bikotetza dela-eta, arnasguneen espazioa gutxitzen doa. Euskal hiztun gehiago dago Hego Euskal Herrian, baina norberaren inguruan euskal hiztunen dentsitatea gutxitzen doa. Adibidez, Bilbon edo Donostian euskal hiztun asko daude kopuru edo balore absolutuetan, baina hiztunen dentsitatea nahiko apala da. Horrek esan nahi du, nahiz eta euskara jakin, erabiltzeko aukera gutxiago daudela.

Ipar Euskal Herriko beherako joerari dagokionez, helduen euskalduntzean ezarri duzu fokua.

Ipar Euskal Herriko egoerari dagokionez, egiaztapen batetik abiatuz ezarri dut arreta helduen irakaskuntzan: azken inkesta soziolinguistikoak erakusten du euskararen ezagutzaren portzentajeak oraindik zertxobait behera egin duela (%0,4), baina balore absolutuetan, euskal hiztun kopuruak, erlazionatzen baditugu elebidun aktiboak eta hartzaileak, gora egin du. Azalpena Ipar Euskal Herrian eman den bilakaera demografikoari lotua dago. Lurralde erakargarria denez, bere biztanleria %1 hazten ari da urtero. Horrek esan nahi du 3.300 biztanle gehiago etortzen direla, urtero, Ipar Euskal Herrira bizitzera, gehienak kostaldean, dentsitate handiena duten eremuetan, kontzentratzen direlarik, euskara gutxien erabiltzen den eremuetan.

Paradoxa zera da: inoiz ez da hainbeste ikasle egon matrikulatuta irakaskuntza elebidunean eta murgiltze ereduan, Seaskak 4.200 ikasleko langa gainditu du, eta inoiz ez da hainbeste ikasle egon helduen formakuntzan ere, 1.600 inguru. Baina une berean, populazioa abiadura handiagoan hazten ari denez, horrek eragiten du euskal hiztunen proportzioa, populazio orokorrean, murrizten ari dela.

Noski, horrek ondorioak dauzka euskararen erabileran. Hiru faktorek eragiten dute erabileran: bata da euskararen ezagutza eta ezagutza sentimendua, hau da, gero eta erosoago sentitu, menderatzen duzula sentitzen baduzu, erraztasun handiagoarekin hitz eginen duzu. Bigarrena da harreman sarea: inguruan hiztun gehiago badago, probabilitate handiagoa duzu hizkuntza erabiltzeko. Eta hirugarrena, motibazio linguistikoa; euskarari gero eta atxikiagoa izan, izan arrazoi identitarioei edo erabilgarritasunari loturik, gehiago erabiliko duzu.

Kasu honetan, euskal hiztunen proportzioa gutxitzen doanez, horrek ondorio gisa dauka jendeak aukera eta probabilitate gutxiago duela erabiltzeko. Horrek azaltzen du zergatik gero eta desfase handiagoa dagoen ezagutzaren eta erabileraren artean.

(Patxi BELTZAIZ)

Nola arrazoitu daiteke bilakaera hori?

Ipar Euskal Herrian daukagun arazo garrantzitsu bat da azken 30 urteetan osatu eta inplementatu den hizkuntza-politika, batez ere, irakaskuntzan zentratu dela, hezkuntza sisteman. Hori ezinbestekoa da, eta emaitzak eman ditu, aski da ikustea zenbat ikasle dauden matrikulatuta eredu ezberdinetan. Horren ondorioa da belaunaldi berrietan gero eta euskal hiztun gehiago daudela, eta gehiagok ikasten dutela euskara eskolaren bidez.

Baina helduei dagokienez, arazo handi bat daukagu. Izan ere, Ipar Euskal Herrira bizitzera datorren biztanleria gehigarri hori helduz osatua dago gehienbat. Aktiboak dira edo erretretadunak dira, eta pertsona horiek ez dira hezkuntza sistematik pasako. Orduan, galdera da: zer-nolako politika publikoa jarri behar da martxan pertsona horiek euskalduntzeko, jakinda ez dutela obligaziorik hori egiteko? Erakarri egin behar ditugu, eta horrek esan nahi du askoz gehiago indartu beharko litzatekeela helduen euskalduntzea.

Heldu direnak helduak dira, eta are gehiago, %93 Frantziako eskualdeetatik datoz, askotan, kontsideratuz Frantziako eskualde batetik bestera doazela. Horietako batzuek ez dute ikusten euskara zergatik ikasi beharko luketen, eta zaildu egiten da pertsona horiek erakartzea eta euskalduntzea.

Ipar Euskal Herriko hizkuntza-politika 2006an izan zen diseinatua. Nahiz eta eraberritze prozesu bat egon zen 2018an, funtsezko oinarriak mantendu dira, eta hor ikusten da erabat desfasatua geratu dela maila horretan, biztanleriaren bilakaerari dagokionez.

Alta, aitzina begira, Ipar Euskal Herri mailan, 2050. urterako hiztunen kopurua %30era emendatzeko helburua finkatua du EEP-k.

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP), Audap hirigintza agentziarekin, ikerketa bat egin zuen, ”Perspektiba soziolinguistikoak: Euskara 2050eko epemugan” deiturikoa [2024ko ekainaren 10ean ezagutarazirikoa]. Hor egiten zuten proiekzio bat hemendik 2050era artekoa, ikusirik, alde batetik, zein izango zen euskararen bilakaera, eta bestetik, zein izango zen Ipar Euskal Herriko populazioaren bilakaera. Erreferentzia eta helburu gisa hartu zituzten UNESCOk finkatutako oinarriak, alegia, hizkuntza bat bizirik mantentzeko, gutxienez biztanleriaren %30ek hizkuntza hori menderatu behar duela.

Orduan, bi helburu hartu dituzte: %26 eta %30. Proiekzioak egin dituzte gaur egungo datuak aintzat hartuta, zenbat euskal hiztun gehigarri sortu beharko liratekeen, hemendik 2050era, nahi badugu biztanleriaren %26k lehenengo, eta ondoren %30ek, euskara menderatu dezan. Kalkulatzen dute, gutxi gorabehera, 44.000 hiztun berri sortu beharko liratekeela.

Horrek agerian utzi gu gaur egungo hizkuntza-politikarekin eta gaur egungo aurrekontuarekin ez garela iritsiko, askoz ere esfortzu handiagoa egin behar dela. Badago adostasun bat horren inguruan. Arazoa da Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontua negoziatzen delarik, momentuz izoztua dagoela, eta beraz, dagoena mantentzen da, baina ez da pauso ez kuantitatiborik ez kualitatiborik ematen. Hori egiten ez bada, badakigu zein izango den gainbehera hurrengo urteetan.

Euskal Konfederazioak behin eta berriz salatu du, gaurko baliabideekin, ez dagoela minimo horietara heltzerik.

Euskararen Erakunde Publikoak berak bi zifra horiek hartu zituen, %26 eta %30. Gaur egun, elebidun aktiboen proportzioa %20 inguruan dago. 10 puntu lortzeak suposatzen du 44.000 hiztun gehigarri lortzea: dauzkagunak mantendu, gehi 44.000. Euskal Konfederazioak behin eta berriz azpimarratu du, arrazoi guztiz, daukagunarekin ez garela iritsiko. Inkesta soziolinguistikoek hori berresten dute.

Korsikan egon nintzelarik, [Gilles] Simeoni presidentearekin, [Jean-Guy] Talamoni Korsikako Asanbladako lehendakari ohiarekin eta Remi-François Paolini Korsikako errektorearekin ere batu nintzen, oso interesatuta daudelako Euskal Herrian aplikatzen den politikarekin. Murgiltze ereduaren eraginkortasuna defendatu nuen, dimentsio eta orientazio politikoez aparte, badaudelako inkesta soziolinguistikoak ere, eta datuek erakusten dute eredu hori dela hoberena euskal edo korsikar hiztunak sortzeko orduan. Errektoreak iragarri berri du murgiltze eredua garatu nahi duela, besteak beste, irakaskuntza elebidunari dagokionez.

Hor ikusten da problematika oso antzekoak ditugula Ipar Euskal Herrian eta Korsikan, eta badagoela kontzientzia hartzea, datuetan oinarrituz. Planteamendu ideologikoetatik aparte, hotzean hartuz inkesta soziolinguistikoek eta hizkuntza-politikek erakusten dutena, nabarmena da aurrerapausoak eman behar direla. Ematen ari dira, baina oztopo nagusia aurrekontu mailan da.

Etorkizuna ez dago itxia: badago eskakizun sozial bat, gero eta eragile gehiago dira kontziente daukagunarekin ezin dugula jarraitu.

Hori aintzat hartuta, eta ikusirik zer-nolako esfortzuak egin beharko liratekeen, antizipazio bat egin liteke, aurreikuspen bat, 2050erako %30eko hiztun portzentajea lortzearen araberako hizkuntza-politika bat osatu eta inplementatuz. Horretarako, urrats nagusietako bat irakaskuntzaren eskaintza orokortzea da, bai haurrentzat eta bai helduentzat, eta beste bat, helduen formakuntzari dagokionez, irakaskuntza hori urririk atera dadila, dirua ez dadin oztopo bat izan euskara ikasteko.

Izan ere, dirua oztopo da helduek euskara ikasteko, eta haurrei begira ere bai, haien haurra Seaskan matrikulatu nahi duten gurasoek ordaindu egin behar dutelako, eta familia batzuentzat izan daiteke oztopo. Administrazio publikoak matrikularen kostua bere gain hartuko balu, horrek erraztuko luke ikasle gehiago matrikulatzea, Seaskan adibidez.

(Patxi BELTZAIZ)

Horren guztiaren aitzinean, zein da zure liburuaren xedea?

Aspaldian defendatzen dudan ideia da, eta Korsikan izan nintzelarik behin eta berriro azpimarratu nuen, euskarak eta hizkuntza gutxituek badutela dimentsio politiko ukaezina, baina posible dela adostasun zabal batzuetara iristea, besteak beste, inkesta soziolinguistikoetan oinarrituz.

Adibidez, inkesta soziolinguistikoek agerian utzi dute murgiltze ereduak sortzen dituela benetako elebidunak. Zientifikoki frogatuta dago Europa osoan, konpetentzia linguistikoak ebaluatzen diren aldi oro murgiltze ereduak ematen dituela emaitzarik hoberenak. Hizkuntza-politikari dagokionez, badakigu irakaskuntzaren orokortzeak zer-nolako emaitzak ematen dituen.

Horrek ahalbidetzen du kontsentsuak lortzea. Batzuetan badago tentazioa, hori Nafarroan oso agerikoa da, euskararen gaia politikoki instrumentalizatzeko, hauteskunde-etekinerako. UPNrekin modu nabarmenean ikusi da, behin eta berriro saiatu da euskararen gaia instrumentalizatzen hautesleria polarizatu eta bere hautesleria propioa muntatzeko. Oposizio politiko horietatik ateratzeko modu bat izan daiteke datuek zer dioten aztertzea. Inkestak begiratuz ondorioak atera daitezke, politika linguistikoak determinatu ditzaketenak.

Hori onartzen dugu, besteak beste, pandemiaren garaian: entzun behar dela zientzialariek diotena, ematen dituzten aholkuak. Ez aplikatzeko horrela, baina bai kontuan hartzeko politika sanitarioak diseinatzeko orduan. Zergatik ez egin gauza bera hizkuntza-politikarekin ? Hor badaude hainbat ezagutza, ezagutzaren dimentsio akumulatibo bat, ikerketak, irakaspenak ateratzen dituztenak, fundamentatuta daudenak, ez direnak iritziak, froga zientifikoak baizik. Horretan oinarritu gintezke, hain zuzen, oinarri bat, kontsentsu bat lortzeko; eta hortik, aurrerapausoak emateko handinahi handiagoko hizkuntza-politika bat diseinatzeko.