GAUR8

‘Zukutu feminismoa’ lelopean jarduera sorta bat prestatu dute Laudion hilaren 16tik aurrera

Jardunaldi Feministen bigarren edizioa egingo dute  Laudion maiatzaren 16tik aurrera. ‘Zukutu feminismoa’ lelopean, jarduera sorta prestatu dute hilaren 30era arte, antzerkia, zinea, hitzaldiak eta musika emanaldiak uztartuko dituztenak.

Laudioko II. Jardunaldi Feministen aurkezpena, irudian. (Laudioko Udala)

’Zukutu feminismoa’ lelopean bigarren Jardunaldi Feministak egingo dituzte Laudion maiatzaren 16tik 30era bitartean. ‘Maricas malas’ Christo Casas idazlearen liburuaren aurkezpenarekin abiatuko dira ekitaldiak 16an bertan, Lezeaga Aretoan.

«Jardunaldi hauek mugarri garrantzitsua dira Laudiorentzat», adierazi du Nagore Gomara Gobernantza Feministako zinegotzi arduradunak. Erantsi duenez, «Udalak eta udalerriak balio feministekin eta gizarte bidezkoago eta berdinzaleago baten eraikuntzarekin duen konpromisoaren isla» da programazioa.

‘Entre dos mundos’ antzezlana izango da bigarren proposamena, hilaren 17an. Kasinoan izango da hitzordua, eta foroa izango da ostean.

Maiatzaren 19an Kuluxka Antzerkiak ‘Txotxongilo artikulatua’ lana aurkeztuko du Laudion, Kasinoan, 19.00etan.

Antzerkitik zinemara egingo dute jausi jarduera feministek maiatzaren 20an, Zinego Bilboko LGTBIQ+ nazioarteko zinema jaialdiaren eskutik. Film laburren proiekzioa egingo dute egun horretan, eta biharamunean Zinegoaken filma ikusteko aukera izango da. Saio biak Lezeaga aretoan izango dira, 18.30ean hasita.

Towanda Rebels ekintzaile feministen hitzaldi bat prestatu dute maiatzaren 23rako egungo sexu esplotazio digitalean sakontzeko: ‘Ezkutuko prostituzio berria: sugar dating, Only Fans eta ahalduntze faltsua’.

Zaintza feministak

«Jardunaldi feministen edizio berri honetan ere antzerki eta mahai-inguru bat egongo dira; bai eta Irantzu Varelaren ‘Manólogo’ bakarrizketa ere. Oraingo honetan, mahai inguruan Marina Sagastizabal soziologoa, Laudioko Askotariko Emakumeen Kontseiluak eta Tania Siriany, Hegoaldetik Enarak kooperatibatik, hartuko dute parte zaintzei buruzko gogoeta feministak eskainiz».

Izaskun Alonsoren ‘Artea tresna gisa: desberdintasunarekin salaketa, emakumeen artearen historiaren balio eta sorrera’ hitzaldia izango da maiatzaren 29an, eta 30ean, Aldai Plazan, Yare Sound System musika proiektuaren kontzertuak itxiko du programazioa Laudio reggae sound system doinuez betetzeko.