15 MAY. 2025 - 13:27h ‘Kafegunea’ jarri dute abian Durangon, adinekoen arteko sozializazioa sustatzeko Kafegunea ekimena jarriko dute abian gaur Durangon, proba pilotu gisa, adineko pertsonen arteko sozializazioa sustatzeko. Ostegunetan egingo dute ordu eta erdiz, parte hartzaileek edari bat hartzeko aukera izango dute eta beste batzuekin solasean aritzeko. Esperientzia auzoetara zabaldu nahi dute. Ekainaren bukaerara arte iraungo du proba pilotuak. (Durangoko Udala) GAUR8 Durangoko Udaleko Adinekoen Sailak ‘Kafegunea’ izeneko ekimena jarriko du marxan gaur, adineko pertsonei «elkartzeko eta sozializatzeko aukera eskaintzeko». Durangoko Adinekoen Zentroko kafetegian egingo dute esperientzia ostegunero, 17.00etatik 18.30era. ‘Kafegunea’ ekimenaren helburua ingurune atsegin eta gertuko bat sortzea da, non parte hartzaileek elkarrekin solasean aritu, esperientziak partekatu eta beren sare soziala indartu ahal izango duten. Ekintza Lagunkide programako boluntario baten gidaritzapean izango da, eta parte-hartzaileek elkarren arteko interakzioa sustatuko du, espazioa inklusiboa eta aberasgarria izan dadin», azaldu du Udalak ohar batean. Edari bat hartzeko aukera izango dute parte hartzaileek, «adinekoen komunitatearen parte hartzea sustatuz». Ekimena ekainaren amaiera bitartean egingo da, proba pilotu gisa, eta bertaratutakoen iritziak eta hobetzeko proposamenak bilduko dituzte. Asmoa da jarduerarekin jarraitzea, eta auzo ezberdinetara zabaltzea. Izena ematea gomendatu du Udalak, «espazioa behar bezala antolatzeko». Bi bide daude horretarako, 94 465 74 51 telefono zenbakira deituta edo adintek@durango.eus helbide elektronikora idatziz.