24 MAY. 2025 - 00:00h Talde antolatua, erakunde armatua, gerrilla... banda Xabier Izaga Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea Aita santu bat joan da eta berandu gabe beste bat iritsi. Frantziskoren gainean esan beharreko guztiak eta akaso behar ez ziren batzuk bota genituen, eta, Leon eztakitzenbatgarrenaren gaineko zerbait esanda, itxaron egin beharko portadak, gehigarriak eta programa bereziak egiteko. Hori bai, agintaldi luzea izan dezala (agintaldia esaten zaio Jainkoaren borondatearen obeditzaile nagusiarenari?). Joan da, halaber, Pepe Mujika uruguaitar ezagun, gertuko eta garaian garaian bere biziari zentzua ondoen eman ziezaiokeela uste zuen lekutik besteei emana: gerrillan, mugimendu politikoan edo estatuaren buruan. Horixe izan da Mujica mundu osoan, Espainian ere bai, mugimendu armatu bateko kide ohia, hainbat urtez kartzelan egona, umila, eredugarria... Horrelatsu esan zuen Espainiako telebista publikoko programa bateko zuzendari eta aurkezle batek, Mujica eta bera elkarrekin ageri ziren irudiak erakusten zituen bitartean, «desinformazioaren eta gezurren aurka, kazetaritzaren zorroztasunaren eta izaera kritikoaren aldeko apustua egiten duen gaurkotasun» programan, hain zuzen. Antzera hitz egin zuen programa berean Espainiako hainbat hedabidetan ardura handiko karguak izan dituen kazetari argentinar batek ere Mujicaz, eta ohartxo bat erantsi: ea Estatu espainolean ere noiz hitz egin daitekeen horrela Otegiren eta ETAren gainean. Programaren zuzendari eta aurkezlea aztoratu eta sutu egin zen. Berak beti kondenatu duela ETAren terrorismoa, eztakitzenbatehun hildako eragin zituela... «Tupamaroek ere hil zuten». Baina Mujica kartzelan egon zela denbora luzez. «Otegi ere bai». Baina konparatzerik ez dagoela. Hara, erabateko argudioa, ez dago konparatzerik. Ez, nonbait... Eta zorroztasun periodistikoaren eta izaera kritikoaren aldeko apustua? Otegi eta, hedaduraz, preso ohi guztiak, ezker abertzalea eta abar ezin dira «terrorismoarekin» baino konparatu, inondik ere ez zerbait «normalarekin», are gutxiago Otegiren eta gainerako euskal presoen askatasuna eskatu zuenarekin. Eta, antza denez, Palacio de Arozteguia luxuzko hirigintza eta turismo proiektuaren aurkako mugimendua ere ezin konparatuzkoen artekoa da, haren kontrako epaiketaren lehen egunean ikusitakoaren arabera. Guardia Zibileko atestatugileek zenbait pertsona identifikatu zituzten enpresako arduradunek emandako irudietan, baina ez Urlia eta Berendia, «ezker abertzaleari lotutako pertsonak» baizik, konparagarriak ez diren horietakoak, alegia. Guardia zibilek enpresaburuen alde deklaratu zuten. Guardia Zibilak, Poliziak oro har, enpresaburuen alde jokatu ohi du, jo ohi du. Hala ere, epaiketaren bigarren egunean, beste guardia zibil batzuek behintzat ikusi ez zutenaren lekukotasunik ez zuten eman. Eskualdea ezagutarazteaz gainera, aberastasuna eta eztakitzenbat pagotxa gehiago ekarriko dituen proiektuaren aurka dauden bizilagunak, akusazioak eta enpresak diotenez, talde antolatua dira; beraz, erakundea, eta indarkeria baliatzen duenez, erakunde armatua. Gerrilla? «Ez -esango luke Espainiako kazetaritza zorrotz eta kritikoak-: banda terrorista». •