07 JUN. 2025 - 00:00h Entrevista HARITZ LARRAÑAGA ALTUNA SURFLARIA ETA KONTALARIA «Errazagoa zen borrokalaria izatea surflaria izatea baino» Erregistroz aldatu eta autofikziora jauzia egin du Haritz Larrañaga zarauztarrak «Olatuak sutzen direnean» bere lehen eleberrian. 80ko eta 90eko hamarkadetara eramango gaitu egileak Lizar eta Imanol anaien bizipenen bitartez. Haritz Larrañaga, elkarrizketarako ateratako argazkian. (Guillaume FAUVEAU) Ion Jimenez Historia eta istorio kontalaria izateaz gain, Haritz Larrañaga Altuna (Zarautz, 1976) 22 urtez hego Euskal Herriko lehen surf eskolako irakasle izan zen, surfari eta surfa ez denari buruz idazten du GARAn, “Surflari ernegatua” izenpean, eta “Uhaina bikaina” saioaren gidari izan zen Info7 irratian. Gauza gehiago ere bada, baina argitaratu berri den bere lehen eleberriaren harira elkarrizketatu dugu gaurkoan. Mikel Troitiñorekin batera eta GARAk argitaraturik, ‘Uhinekin jolasean’ (2008) eta ‘Euskal Herriko surf gida’ (2013) material didaktikoa idatzi zenituen. Eta, denboran gertuago eta beste erregistro batean, memoria lan itzela burutu duzu autoeditatutako ‘Zarauzko ametsen liburua’ (2016) eta ‘Zarauzko amesgaiztoen liburua’ (2019) lanekin. Hauxe, ‘Olatuak sutzen direnean’ (Txalaparta, 2025), hala ere, lehen eleberria duzu. Idazle dei zaitzakegu jada? Ez. Idazlea banintz ez nuke kontatzeko gauza handirik izango. Ni, zerbait izatekotan, kontalaria naiz. Lizar eta Imanol anaien bizitza kontatzen duzu eleberrian. Zarauzko Barrio Txinoa edo Bermudako Triangelua -«sartzen zena ez zelako irteten»- abiapuntu, eta autofikzioa erabiliz, 80ko eta 90eko hamarkadetako borrokak kondentsatu dituzu. Aurretik aipatutako bi liburuetako ikerketa eta testigantzetan oin bat eta bestea esperientzia pertsonalean izan duzu? Bai, asko ikasi nuen lan haiek egiten. Egiazko datuak zirenez, inork ez zuen bere izena liburuan ikusi nahi. Batzuek mehatxu ere egin ninduten haien izena ez argitaratzeko esanez, baina erantzuten nien ezin nuela hori egin, egunkarietan atera bazen, kronologian txertatzera behartuta nengoela. Orain fikzio moduan kontatu dut eta denek nahi dute haien burua asmatutako pertsonaietan irudikatuta ikusi. ‘Hori ni nauk!’. Sakonean dagoena beldurra da, sekulako beldurra daukagu oraindik gure esperientziak kontatzeko, eta normala da, jende askok errepresio basatia pairatu baitu. Erantzuleek ez dute eragindako mina aitortzeko asmorik eta, gainera, egin zutena nahi dutenean berriz egin dezakete, egitura errepresiboa ez baita desegin (komunikabideak, epaileak, politikariak…). Normala da jendeak beldurra izatea. Aitzitik, errealitatea ez da sinesgarria, sinpleegia da. Ez da erakargarria eta beti gainditzen du fikzioa. Paradoxikoki, uste dut errealitatea islatzeko tresna eraginkorra dela fikzioa. Formari dagokionez, narrazioz, istorioz edo ipuin ezberdinez, osatutako eleberri bat dela esango zenuke? Ez da ohiko eleberri bat, ez dago trama bat liburu amaieran argitzen dena, nolabait esateko. Irakurleak ez du asmatu behar hiltzailea nor den. Liburu bat argitaratzeko bete behar diren arau gehienak bete ditut, baina gogo txarrez, iruditzen baitzait kontakizuna pobretzen dutela. Ohiko literaturan forma gailentzen da eta hori ongi dago idazle onentzat, baina kontatzeko zerbait duten pertsona gehienek ez dute gaitasun hori eta, ondorioz, kontakizun interesgarrienak inoiz ez dira argitaratuko. Adibidez, musikan hainbeste arau izango balira Eskorbutok edo RIPek ez lukete inoiz disko bat kaleratuko, eta begira, nire talde kuttunetakoak dira. Gaur egun musika talde gehienek sekulako maila dute, oso ongi jotzen dute, ondoegi, baina ikuskizun apur bat emateko, pantailetan irudiak ematera behartuta daudela dirudi, ez baitago publikoarekin harremanik. Ez dute lehen lerroan kontzertu guztietara joango den kuadrillako mozkor inkondizionala, parafernaliarik gabe, pantaila eta argirik gabe ere beti haien ondoan egongo den lagun taldea. Nik faltan sumatzen dut freskotasun hori, eta hain zuzen ere, uste dut zentzu horretan idazle txarrok edo ohiko arauak betetzen ez ditugun kontalariok ekarpen interesgarria egin dezakegula. Horregatik, liburu hau definitzeko hitz bat ez aurkitzeak pozten nau. Jada zenbait kritika jaso ditut, batzuk zilegiak eta arrazoizkoak. Adibidez, intsumisoek jasotzen zuten zigorra bi urte, lau hilabete eta egun batekoa zela esan beharrean, lau urte, bi hilabete eta egun batekoa zela idatzi nuen. Akats nabarmena da, zuzendu beharrekoa, baina beste asko txikikeriak dira, ez diet kasurik egiten, zeren liburu hau ez dago egina hitzez hitz irakurtzeko ohitura duenarentzat, alderantziz, irakurtzeko ohiturarik ez duenarentzat da. Horregatik saiatu naiz ahalik eta modu sinpleenean idazten. Nire helburua irakurleari irakurtzen jarraitzeko gogoa eman eta bukaerara arte eramatea izan da, hari zehatz bati jarraitu gabe, eta uste dut lortu dudala, zeren Ikastola garaitik ezer irakurri ez duten nire lagunek liburua osorik irakurri dutela diote. (Guillaume FAUVEAU) «Drogazaleak, prostitutak, parrandazaleak, turistak, borrokalariak, erdaldunak, euskaldunak, aberaskumeak, burges txikiak, langileak eta langabetuak, denak hor ziren, pilatuta». ‘Barrio Txinoa’ «Zarauzko irudi idilikoa hankaz gora jartzen zuen eremua» zela idatzi duzu. 36ko gudan galdu zutenetatik hasita, historia ofizialetik at geratu direnen memoria gordetzeko ahalegina da liburua? Bai, baina batez ere garai haiek nola bizi genituen azaltzekoa. Bertsio ofizialetan gezurrak esaten zituztenek, eta oraindik erantzukizunari iskin egiten dioten berberek, gure iragana eta bizipenak nola oroitu behar ditugun agintzen digute, eta horretarako garai hartan oraindik ezagutzen ez genituen hitz eta kontzeptuak erabiltzera behartu nahi gaituzte. Batzuk joko horretan erori dira. Adibidez, Hertzainak taldeko eskusoinu jotzailea ikusi nuen Rock Radical Vasco delakoaren inguruko erreportaje batean eskuin muturrak eraikitako errelatoarekin bat egiten. Pena handia sentitu nuen, zeren belaunaldi berriak engainatuko ditu eta espainolisten mendeku gosea baretuko du. Bere koldarkeria zuritzeko egungo kontzeptu eta hitz ponpoxoekin ondo eraikitako diskurtso bat bota dezake, baina garai hartan han ginenok badakigu sasoi hartan hark bezala sentitzen genuela, antzeko baloreak baikenituen. Tranpa da egungo betaurrekoekin iraganari begiratzea. Horregatik uste dut garaian garaiko eta lekuko betaurrekoak nolakoak ziren azaltzea betebehar bat dela, bakoitzak bere esperientziatik. Bestela, beti bezala, beste batzuek kontatuko dute gure historia. Izan ere, haiek bai, nahi dutena nahi bezala kontatzeko askatasuna eta baliabideak dituzte. 80ko eta 90eko hamarkadetako auzoak zer suposatzen du bi protagonistentzat? Harrobia da ala herritik aldenduko dituen akuilua? Harrobia da. Finean, bide oso desberdinak izan arren eta giro oso desberdinetan mugitu arren, bi pertsonaiek antzeko baloreak garatu dituzte: familia, laguntasuna, elkartasuna, abertzaletasuna... (Guillaume FAUVEAU) Hala-nolako nostalgiatik idatzitakoa dela esan dezakegu. Garai hobeak izan ziren haiek? Ez da nostalgia. Garai oso latzak ziren. Gaur egungo gizarteak ez lituzke garai hartako hiru hilabete jasango. Begira pandemian, pare bat hilabete etxean sartuta eta munduaren amaiera zirudien. Edo duela gutxi bezala, argindarra egun batez joan eta galduak gaude. Askoz ere eskasagoak gara, yankien gero eta antz gehiago dugu. Beraz, nostalgia izatekotan, garai bateko balore, bizi-kode eta harreman sareagatik izango litzateke. Uste dut sekulako astakeriak egin arren, pertsona hobeak ginela. Internet aroa baino lehen gizartea sanoagoa zen. Orain, hitzemateak ez du baliorik eta lan boluntarioa, sare komunitarioak, harreman zuzenak eta irudimenak ez dute inondik ere lehen zuten indarra. Hori da faltan botatzen dudana. Giza ikuspegi batetik gero eta pertsona okerragoak gara, balore kapitalista eta inperialistak gailendu baitira: indibidualismoa, diru-gosea, ezjakintasuna, gezurra... Denboran aurrera egin ahala, auzotik aldenduko dira bi anaiak, ibilbide zeharo ezberdina eginez. Lizar surfean hasiko da eta horri esker munduan zehar ibiliko da. Imanol, berriz, borroka politikoan engaiatuko da eta horrek mugituko du erbestera. Zer irakasten dio atzerriak bakoitzari? Euskaldunak direla. Surfa eta borroka. Argi eta itzal moduan irudikatu dituzu Lizar eta Imanol: surflari ‘pijo’ ustez apolitikoa versus independentziaren aldeko borrokalaria. Erantzukizun politikoa bere gain hartzen ez duenaren eta hartzen duenaren arteko alde hori Euskal Herriko gazte askoren errealitatea izan dela uste duzu? Hain ezberdinak dira, fondo-fondoan, bi protagonistak? Lehenik zuzenketa bat: ‘pijo’ ez, ‘peruko’ deitzen ziguten, urte batzuk geroago denak batera, masiboki, surf egiten hasi ziren horiek. Sasoi hartan ‘borroka’-k ziren, errazagoa baitzen borrokalaria izatea surflaria baino. Gero, noski, gauzak aldatu ziren eta askok bandoz aldatu zuten, baina bai, aitortu behar dut ‘peruko’ hitzak min egiten zidala. Askotan borrokatu behar izan nintzen, eta ostia ederrak jaso nituen, baina begira, garai hura ere irribarre batekin oroitzen dut, zeren borrokak ere ez ziren gaur bezain bortitzak: bi muturreko eta kito, konponduta, berriz ere lagunak. Zure galderari erantzunez, uste dut Euskal Herriko etxe askotan antzeko bizipenak izan dituztela. Finean, egoera anormal batean bizi ziren gazte arruntak ziren, une jakin batean hautu bat edo bestea egin zezaketen, modu naturalean, nolako etorkizuna izango zuten garden irudikatu gabe, eta erabaki txiki bakoitzak haien etorkizuna zenbateraino baldintzatuko zuen hausnartu gabe. Leku jakin batean gazte batek hartutako erabakia bere ondoan zegoenak ere har zezakeen, eta ez litzateke harrigarria izango. Horregatik amaitzen dute bi pertsonaiek hazi ziren leku berean, 30 urte lehenago haien hautu bera egin zezaketen lagunez inguratuta. Ez dago itzalik eguzkirik gabe. (Guillaume FAUVEAU) Gure herrian, borroka armatuaren eta independentziaren aldeko hautua gertutasunagatik, adiskidetasunagatik, sentimenduetatik eta erraietatik eman da gehiago arrazionaltasun, pentsamendu eta gogoetatik baino? Arrazoi sakonak daude, baina ez dago hortaz serio hitz egiteko askatasunik. Edonola ere, uste dut erabakiak hartzeko orduan, baita erabaki garrantzitsuak ere, gizakiaren alde arrazionalak baino pisu handiagoa dutela instintu primarioek: bekaizkeria, gorrotoa, amodioa, mendeku nahia... Eta berdin gertatzen da unean uneko gogo aldarteekin. Adibidez, gaixo egotea, maitemindua egotea, umore onean edo txarrean egotea... iragaten diren gogo aldarteak dira, baina une jakin batean, erabakiak hartzeko orduan, ideologiak baino pisu handiagoa izan dezakete. Bigarren mailako pertsonaien artean, Axun eta Joxe gurasoak ditugu. Zein rol dute istorioan? Gurasoak dira haur baten lehengo erreferentziak, oinarriak eraikitzen laguntzen duten pertsona garrantzitsuenak. Sustraiak. Kasu honetan, ama borrokalaria da eta aitak, aldiz, politika gorroto du. Bi pertsonaia oso desberdinak dira, bi semeak bezala, baina bat egiten dute, balore berak baitituzte. Oso interesgarriak iruditzen zaizkit halako kontrasteak, pertsonaia kontrajarrien artean eraikitzen diren harreman zintzoak. Surflari ernegatua, -Folkcore taldeko- abeslari ernegatua, idazle ernegatua, filosofo ernegatua -Filosofian lizentziatua bazara-… Dena arbuiatuta ere, hori guztia da edo izan da Haritz Larrañaga, ezta? Horren guztiaren hondar-aletxoak ere badira liburu honetan? Garrantzitsuena ahaztu duzu: trikitilari ohia, eta hori ere nire kabuz ikasi nuen. “Do it yourself” eskolakoa naiz, autodidakta, beraz, gauza asko bai, baina ganoraz oso gutxi egin ditut. Nire amonak esaten zuen, «hombre de muchas artes, mierda en todas partes» («arte askotako gizon, kaka edonon»). Aurreko galderarekin lotuta, Haritz Larrañaga Altuna naiz, nire aita eta amaren semea, eta maila apalagoan, baita gainontzeko abizenen oinordekoa ere. Baina tira, ni batez ere nire lagunen laguna naiz. Haientzat idatzi dut liburua, parte naizen komunitateko kideentzat, besteak bost axola zaizkit. Maite dudan norbaitek liburua gustura irakurri duela esaten badit, zoriontsua naiz.