14 JUN. 2025 - 00:00h Bon dia Erika LAGOMA POMBAR «Ez da ezer kostatzen agurtzea», zioen Bartzelonako Manlleu herriko biztanle batek. «Mintxoa eragiten dit agurra ez erantzuteak», gehitu zuen bertze hark. 2024ko abenduan, bi bizilagunek ekimen bat abiatu zuten, agurra berreskuratzeko eta biztanleen arteko harremanak hobetzeko. Herri atsegina izan nahi zuten. Agur egitea oinarrizkoa da, eta doakoa. Herri ttiki batean sortu nintzen ni ere, eta han denak aritzen gara aio eta aio. Aio lagunari, aio ezagunari, eta aio ezezagunari. Agurrak “ikusten zaitut” erran nahi du. Parekoa kaleko atrezzoaren parte bada, aunitzez errazagoa da deshumanizatzea, izenik ez duena bezalatsu. Tamaina bateko herrietan, ezohikoa da ezezagunak agurtzea. Ulertzen dut mukuru dauden kaleetan hala izatea, begirada gurutzatzen duzun orori irribarre ez egitea. Baina berdin gertatzen da aldirietara txakurrarekin paseo bat ematera joaten zarenean. “Agur” diotsozu paseatzaileari eta haizeak erantzuten dizu fiu-fiu, edo larreko beleak karra-karra. Hark begiratu ere ez. Ziztada sumatzen duzu hesteetan: nahikoa da! “Durango ez da Lesaka” erraten didate alabek, arrazoi dute. Eta Bilbo ez da Donostia, eta Sara ez da Dulantzi, ados. «Zergatik agurtzen dituzu ikasle ohiak izenez?» Agur, Gorka; gero arte, Irati; gabon, Mavis. «Oroitzen ditudala jakin dezaten». Bereziki saiatu izan naiz beti ikasleen izenak ikasten ahalik eta azkarren. Ez dut mahaietan izendun karteltxorik nahi 3. egunetik aurrera. Errima jolasak egitea izenak ikasteko teknika ona da. Adi “-on” bukatzen diren izenekin. Demagun taberna batean zaudela, manifa batean, edo trenean, besterik gabe. Ondoan gizon ilustreren bat badaukazu, maiz tokatuko zaizu ikusezina izatea, zer esanik ez bi badituzu. Hiru zentimetrotara egon zaitezke, eta hurbilduko da igual zu ere nor zaren badakien norbait, baina kokotea erakutsiko dizu. Saltoka has zaitezke ikus zaitzan, edo lepoan jarrita duzun zapia astindu, baina duintasunaren zera horrek ez dizu uzten; isilik geratu zara joaterakoan keinutxo bat egingo ote dizun, baina... ez. Bereziki amorratzen naute emakumeak ikusezin bihurtzen dituzten emakumeek. Hemen ere patriarkatua eta psikoanalisia. Gizon askok ere egiten dute, bistan da. 1. ESZENA: liburutegira bidean zoaz eta Miren ikusi duzu terraza batean eserita, ezagutzen ez duzun pertsona batekin garagardo bat hartzen. Miren agurtu duzu eta mahai-bueltako solasaldia eten da. Zure adats elegantea erakutsi diozu ezezagunari, ez dakizu arnasa ere hartzen ote duen. Bata eta bestea kontatu dizkiozu Mireni, eta aio, bertze bat arte! 2. ESZENA: liburutegira bidean zoaz eta Miren ikusi duzu terraza batean eserita, ezagutzen ez duzun pertsona batekin garagardo bat hartzen. Miren agurtu duzu, mahai-bueltako solasaldia eten da, eta ezezagunari ere keinu abegikor bat egin diozu, irribarre txiki batekin, berari ere arratsalde on esan diozu. Zure begi ederrak erakutsi dizkiozu ezezagunari, konturatu zara arnasa hartzen duela. Bata eta bestea kontatu dizkiozu Mireni, eta aio erran diezu biei, bertze bat arte! Ba al da ñabardurarik ez duen zerbait? Ikusezina izatea superbotere bat da gure iruditeria fikziozkoan, eta infraboterea errealitatean. Agurraren militante bat naiz. Eta bai, haserre nago. •