GAUR8

Garapenerako lankidetzako proiektuak finantzatzeko laguntzen deialdia, GGKE-ei zuzenduta

Garapenerako lankidetzan aritzen diren GGKE-ei zuzendutako laguntza deialdia ireki du Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak. Herri indigenen eskubideen defentsa, emakumeen ahalduntzerako proiektuak eta LGTBI+ pertsonen eskubideen babesa dira egitasmoen helburu nagusiak.

Herri indigenen eskubideen defentsa, emakumeen ahalduntzerako proiektuak eta LGTBI+ pertsonen babesa dira egitasmo horien helburuetako batzuk. (IREKIA)

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak GGKE-ek bultzatzen dituzten lankidetza proiektuak finantzatzeko laguntzen deialdia zabaldu berri du. Emandako datuen arabera, 40 milioi euro bideratuko ditu aurten, eLankidetzaren aurrekontua 2,5 milioi euro handitu ondoren. 

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoitza duten GGKE-ei zuzenduta dago deialdia, eta hori modalitate ditu: garapenerako lankidetza proiektuei begirako lerro bat; garapen produktiboko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko egitasmoak babesteari begirako beste bat eta hirugarren bat, prestakuntza eta gizarte-eraldaketarako hezkuntza proiektuak laguntzeko. 

Deialdiak, gainera, bi zehaztapen ditu: funtsen %20 Saharaz hegoaldeko Afrikan bultzatutako proiektuei bideratzeko dira, eta %10 emakumeen ahalduntzerako ekimenetarako.

Desberdintasunei aurre egin eta herrialde pobretutako biztanleen bizi baldintzak hobetzen dituzten ekimen solidarioak sustatzea da laguntzen lerroaren xedea.

Iaz, 31,7 milioi euro bideratu zituen Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak tokiko erakundeekin lan egiten duten GGKE-ek bultzatutako proiektuetara. Guztira, 59 egitasmok izan zuten laguntza, eta horien artean emakumeen ahalduntzerako ekimenak zeuden, baita indarkeria ezberdinen aurkako borrokak edota herri indigenen eta LGTBI+ pertsonen eskubideak babestera begirakoak. Herrialdeei dagokienez, Guatemala, El Salvador, Peru, Mexiko, Ekuador, Kolonbia, Senegal eta Kongoko Errepublika Demokratikoa nabarmendu dituzte.