27 JUN. 2025 - 13:38h Erdi Aroko hirigunea erakusten duen maketa berria du Gasteizek Eraikin eta kale nagusien informazio pantaila du Gasteizek Erdi Aroko hirigunea erakusteko estreinatu duen tresna berria, irisgarriak ez diren lekuetara heldu eta hiriaren historiari buruzko esperientzia inklusiboago bat eskainiz. Hamar ibilbide gidatu inguru eskaintzen ditu Gasteizek. (Raul BOGAJO | FOKU) GAUR8 Gasteizek maketa berri bat du, «Erdi Aroko hiriguneko eraikin historikoei eta haien historiari buruzko ezagutzak errazteko eta zabaltzeko». Tresna turistiko berria Villa Suso jauregian kokatutako informazio-panelekin eta holografiekin osatuko da, irailetik aurrera.Maider Etxebarria alkateak aurkeztu du maketa berria jauregian bertan, eta nabarmendu du ,«orain arte irisgarriak ez ziren espazioak» bisitatzeko aukera ematen duela, Martin de Salinas aretoa eta kanpoko lorategia kasu. Horrez gain, goiko terrazara sartzeko aukera ere aztertu da.Gasteizko ‘Almendra’-ren maketak pantaila baten bidez zabaltzen du informazioa gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez, baita zeinu-hizkuntzan ere, eta ukipenez aktibatzen da ezagutu nahi dugun eraikinaren gainean sakatzean.1,60 metro luze eta 1,15 zabal da, 1/500 eskalan egina, eta 300 LED argi ditu. 3Dn modelatu da landare-zuntzetik datorren material jasangarriarekin egin da, azaldutakoaren arabera.«Esperientzia inklusiboa eskaintzeko guztiz eskuragarria den» maketa da udal agintarien esanetan, eta diseinuan zortzi taldek hartu dute parte, besteak beste arkitektura, modelismoa, fabrikazio digitala, robotika eta programazioa ataletan.Jose Ramon Diaz de Durana EHUko Erdi Aroko Historiako katedradunak eta Ismael Garcia Arkeologiako doktoreak balioetsi dute lana. Guztira, 71.000 euro inguruko kostua du, Lakuako Gobernuak finantzatuta.«Maketa honek hirigunera garamatza, eta Gasteizko historiarekin lotzen gaitu, nola jaio, hedatu eta urteetan zehar jatorrizko egiturari eutsi dion ulertzeko. Haren egitura eta bilakaera ezagutzeko aukera ematen du, eta hirian eskaintzen diren bisita turistikoei laguntzeko balioko du», adierazi du alkateak.Ia 200 bisita programatutaLeire Cameno Kalearte turismo-enpresako gerenteak adierazi duenez, «Hirigune Historikoa eta Erdi Aroko bederatzi kaleen historia bisitariei zein gasteiztarrei hurbiltzeko eguneroko baliabidea izango da» tresna berria, eta «sarrera gisa balio dezake, ondoren hirigunetik eraman beharreko ibilbidea bideratzeko eta bertako lekuak ezagutzeko».Arabako hiriburuak, gainera, hamar bat ibilbide gidatu, ia 200 bisita programatu eta 3.470 plaza eskainiko ditu udan, besteak beste, Hirigune Historikoa bera, Erdi Aroko zubiak, Salburuako hezeguneak eta horma-irudiak ezagutzeko.