28 JUN. 2025 - 00:00h Kale giroa Iraitz Mateo Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad Uda-udak bi usain ditu niretzat: eguzkitako krema eta itsaso usaina, batetik, eta bestetik, bezperako arrastoak oraindik garbitu gabe dituen txosnagunearena. Ez da kasualitatea dilista edota lixiba usainekin ez lotzea uda-uda. NAIZ irratiko “Iruindar berriak” saioa ari zitzaidan lanerako bidean konpainia egiten, gomendatzen zituzten liburu eta filmen izenburuak ezin apuntatuagatik amorratzen ari nintzen bihurgunean hasi ziren sanferminen inguruan hizketan. Beti iruditu zaizkit oso luzeak hiri buruzagian antolatzen dituzten sanferminak, eta oraindik ere guztiz ulertzen ez ditudan errituak eta bizipenak badituzte ere, aipatzen zituzten hainbat gomendio ia Euskal Herriko festa guztietara estrapolatu daitezkeela uste dut. Gomendioa 1: Zuriz jantzita joan, eta ojo, gama bereko arropa zuriak. Gomendioa 2: Erosi kamiseta aldarrikatzaileak, baina zaharrak ere bota, tarteka. Gomendioa 3: Hamaiketakoa egiteko lekua urtetik urtera erreserbatu, eta bestela, atera mahaiak kalera eta hamaiketako autogestionatua egin. Gomendioa 4: Sanferminak hasi aurretik garbitu etxea, gero ez duzu astirik izango. Gomendioa 5: Prestatu aldez aurretik janaria, egun guztietakoa, gero ez duzu denborarik izango. Gomendioa 6: Kontuan hartu ajearekin esnatzeko arriskua, erosi jateko kutixiren bat. Gomendioa 7: Ohiko lagun taldeetatik at talde berriak sortzeko gaitasuna dute sanferminek, aprobetxatu. Gomendioa 8: Gozatu, eta ez badakizu egoten ez etorri. Gomendio horiek jarraitu eta haien alde onez gozatzeko, aurretik norbaitek egin behar dituela egin beharrekoak ohartarazi zuten. Norbaitek zuritu behar dituela arropak, prestatu eta izoztu desorduetan jango dituzun tuperrak edota komuna garbitu. Guztia prest egoteak ezin du betikoen zama izan, eta guztia prest badugu ireki ditzagun begiak eta konturatu gaitezen ea nola dugun arropa zuri tolestua armairuan, egunero zer jan, edo izerdi usaina nork erositako xaboiarekin kendu dugun. Adriana Guzman boliviarraren hitzaldi batean entzundakoekin egin nuen lanerako bidea biharamunean. Deskolonizazio prozesuez eta lurraldeak zein lurrak bertan duten garrantziaz ari zen, eraldaketa prozesuekin lotuz: «Janaria ekoitzi behar dugu, lurrarekiko lotura horretan ekoitzi, baina ezin dugu ahaztu jendearekin batera jateaz. Janaria ez dugu ekoizten bakarrik jateko, elkarrekin egiteko baizik». Batera jan, jendearekin jan. Buelta eta buelta izan dut ideia, eta gero eta bizimolde azeleratu eta indibidualista honetan, kozinatzeko denbora gutxi hartzen dugunaren pentsamoldea banuen lehenagotik ere; badakit gure amonak zenbat denbora eskaintzen dion sukaldeari, eta zenbat nik. Baina otorduak elkarrekin egitearen usadioa ere galtzen ari ote gara? Norberak bere martxa duelako, tuperrekin hara eta hona gabiltzalako, bakoitzak dieta berezi bat jarraitu nahi duelako. Tuperrak edota lanetik itzultzerako afaria prestatzen didatenei infinitu eskertzen diet, hori baita maitasun keinu emozional zein material handienetakoa. Eskertzen dut prest egotea, baina ez ote garen gutxitxo esertzen mahaian. Kale giroa da nagusi behin sanjoanak pasatuta. Eguzkitako krema eta txosnaguneko giroa gustuko ditugun arren, kalean geratzeko hamaika aitzakia eta motibo ditugun arren, pasa gaitezen etxetik, eta zaindu ditzagun etxekoak ere. Eta jan dezagun elkarrekin, udako sobremesa luzeen alde.