28 JUL. 2025 - 06:00h Gaur 45 urte hil zen Mixel Labéguerie, xorieri mintzo zen abeslaria 1980ko uztailaren 28an hil zen Mixel Labéguerie abeslari, politikari eta medikua. Euskal Herriko kultur berpizkundearen ikurretako bat bilakatu zen XX. mendeko bigarren erdian. Azken hamarkadetan artista askok interpretatu duten ‘Xorieri mintzo zen’ abestiaren egilea da. Mixel Labéguerie euskal abeslaria. (Badok - Wikipedia | CC BY 3.0 lizentzia) GAUR8 Gaur 45 urte, 1980ko uztailaren 28an, Mixel Labéguerie hil zen Toulousen. Lanbidez medikua izan arren, gaztetik euskal kulturan murgildu zen eta azken urteak politikagintzan eman zituen. Uztaritzen jaio zen 1921eko martxoaren 4an. Mediku ikasketak egin zituen, Bordelen, eta, ordurako bazuen euskal kulturarekiko zaletasuna. Izan ere, amarengandik jaso zuen musikaren zaletasuna. Bordelen euskal gramatika landu zuen, eta Irrintzi izeneko kanta-dantza bat sortu zuen. 1943an sortu zen Euskaldun Gazteen Batasunean parte hartu zuen Mixel Labégueriek, euskararen eta Euskal Herriaren batasunaren alde. Musika, dantza, antzerki eta irakaskuntzan jardun zuen, eta inguruko herrietako berrogeita hamar kantu inguru bildu zituen, baita haien berri eman ere. Bertsozalea ere bazen, eta epailea izan zen 36ko gerraren ondoren egindako Euskal Herriko Lehen Bertsolari Txapelketan. 1948ko eta 1954ko Eusko Ikaskuntzako biltzarretan parte hartu zuen. Gainera, Euskalzaleen Biltzarreko lehendakari eta euskaltzain urgazle izan zen. Garaiko euskal kulturgintzan erabakigarria izan zen Labéguerieren ekarpena, eta Labéguerie Euskal Kantagintza Berriaren sortzailetzat hartua izan da. 1960ko hamarkadako lehen urteetan bere lehenengo diskoak argitaratzen hasi ziren. Politikaria ere izan zen. 1963an, De Gaulle jeneralaren mugimendu politikoaren eskutik, diputatu hautatu zuten. Enbata mugimendu abertzalearen sortzaileetako bat izan zen. Baina handik gutxira mugimendutik urrundu zen, kristau-demokraziara hurbildu, eta Centre Democrate alderdian sartu zen. 1965. urtean Kanboko alkate izendatu zuten lehen aldiz; 1971n berriz hautatu zuten, eta 1977an hirugarrenez. 1974an senatari hautatu zuten. 1980ko uztailaren 28an hil zen, Toulouse-eko ospitalean. ‘Xorieri mintzo zen’ abestiaren egilea da, nahiz eta Erramun Martikorena abeslariak abestutako bertsioa den ezagunena. Berriki, Izaro Andresek kantaren bertsio elektronikoa egin du.